Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Hausnarketa urritasuna edo fribolitatea

Fribolitate txatxuaren ezinbesteko ondorioak nabarmentzen hasi ahala, informazioaren argiak itzaltzen joaten zaizkigu. Irak ez da albiste jada... 2003az geroztiko urterik odoltsuena den honetan

Hausnarketa urritasuna» deitu diote batzuek. Koipeztatuta, ziriak hobeto sartzen direlako, beharbada. Arrunki «fribolitatea» deitzea askoz ulergarriagoa zela iruditu zait beti. Edonola ere, ez naiz ni gauza eta ez nago hemen hori konpontzeko; gehienera, konstatatzeko.

Mendebaldeko zenbait potentziaren (?) kanpo-politikan nagusituz joan den arinkeria beldurgarri horretan datza auzia, noski. Gerra hotzaren azken hamarkadako hainbat urrats ipin litezke abiapuntuan; baina 1989az geroztik etorri dira adibide latzenak: Balkanak, Irak, Libia, etab. Kasu bakoitzaren zio endogeno eta berezitasunen alboan, faktore bertsua kausi daiteke denetan: kanpotiko esku-sartze armatu burugabe bezain masiboa, «indartsuenak geu gara eta nahi duguna lortuko dugu, nahieran» beste hausnarketarik gabe erabakitako ateraldiak. Legitimitateak, helburuak, aliantzak, kostuak eta gainerako «huskeriak» argi eduki eta zehatz kalkulatu gabe abiarazitako abentura hilgarriak. Errealitateen egoskortasunarekin topo egiten dutenak, jakina. Hungariako 1956ko altxamenduarekin gertatuaren hirurogeigarren urteurrena gainean dugunean, haren errepika minduak ere badiren Siriako gerra eta Ukrainako gerra-aurrea lirateke arinkeria horren azken adibide erraldoiak.

Txanpon horrek ere badu bere ifrentzua, ordea. Fribolitate txatxuaren ezinbesteko ondorioak nabarmentzen hasi ahala, informazioaren argiak itzaltzen joaten zaizkigu. Irak ez da albiste jada... 2003az geroztiko urte odoltsuena den honetan. Sobietar Batasunaren azkenaldiko txisteak Napoleon eta Stalinen arteko elkarrizketa gogoangarri haren bidez islatzen zuenak gaurkotasun osoa du geure munduan. Ezinbestean, gertaerak larregiak direnean edo, flashen bat ikus dezakegu; baina gertaerak testuinguruan ipintzeko eta hausnartzeko beta edo modurik gabe.

Siriako gerra ere iritsi da ilunpe-fase horretara. Mendebaldeko hedabideen agendatik kanpo dago jadanik. Kasualitatez beharbada, bertaratzen ziren kazetarien bahiketekin, nork eta zertarako egindakoak diren argitzeko batere irrikarik sortu ez duten horiekin, bateratsu gertatu da itzalaldia. Saiatuak, noski, aurkituko du han edo hemen kalitate hobe edo kaskarragoko argibide eta hausnarketarik. Baina «korronte nagusia» kudeatzen dutenek aspalditxo itxi zituzten Siriako berrien konportak. Homseko guduen amaierak zer esan nahi duen ulertzeko analisi itxuroso bat aurkitzeko, adibidez, interneteko zokoren batera jo beharko duzu...

Hori ere gertatu da, ordea. Eta adierazten duena adierazten du: ez bakarrik Damaskoko Gobernua gerra irabazten ari dela (setatienek ere aitortu dute hori jada)..., baizik Al-Assadek ez daukala batere presarik borroka amaitzeko. Haren agendan ez dagoelako gerra irabaztea soilik, gudak erakarri dituen populazio aldaketa erraldoiak betikotzea baizik. Etorkizuneko Siriaren jite etno-erlijiosoa orain artekoa ez bezalakoa izango dela esan nahi du horrek. Eta errefuxiatuak erbestean geratuko direla. Beharbada, betirako.

Eta izugarrikeria horren erantzukizuna ez da Assadena soilik izango.