GARA

Elebiden guztira 304 kexa jaso zituzten 2013an, 2012an baino %5 gehiago

Elebiden jasotako kexa kopuruak %5eko igoera izan zuen 2013an, 2012koaren aldean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak atzo emandako datuen arabera. Kexa gehienen oinarria hizkuntza eskubideen urraketa izan bada ere, «positibotzat» jo zuen datua.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Jokin Azkue Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako arduradunak Elebideren 2013ko memoria aurkeztu zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrean, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean.

Hizkuntza eskubideen urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen laguntzea eta aplikatzea da Elebideren ezaugarri nagusia, eremu publikoan zein pribatuan. Hala, herritarren hizkuntza eskubideak babestea du helburu Lakuako Gobernuak 2006an sortu zuen zerbitzuak.

Horiek horrela, 2013an jaso ziren kexen gaineko datuak eman zituen Baztarrikak, eta horien gaineko balorazio propioa egin zuen. Elebidek jasotako kexa kopurua handitu egin da; iazkoa 2012koarekin alderatuta, %5eko gehikuntza izan da. Sailburuak datu «positibotzat» jo zuen hori, «seguru» baitaude hazkunde horren arrazoia «ez dela eskubide urraketa gehiago izan direla; seguru gaude gehikuntza hori dela herritarrek hizkuntza eskubideak baliatzeko kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa izatearen seinale». Azpimarratu zuenez, «hori positiboa da».

Hala ere, eskubide urraketa hauek «ez dira nahitaez inoren borondate gaiztoz gertatzen», Baztarrikaren esanetan. «Inertziaren indarra edo gure egoera soziolinguistikoaren konplexutasuna eta gabeziak daude, askotan, urraketa horien oinarrian», gaineratu zuen.

2013an Elebidek jaso zituen 349 intzidentzietatik, %87 kexak izan ziren -304 guztira-, %6 kontsultak -19 guztira-, %5 iradokizunak -18 guztira-, %2 eskariak -8 guztira-. Jasotako kexetatik, 296 kasutan euskararen erabilera ezagatik salatu zituzten eskubide urraketak; eta gainerako zortzi kasuetan, gaztelaniaren erabilerarik ezagatik.