Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Ezker abertzalea

Dinamismo politiko hau, aktore eta ezaugarri berriak dituena, Euskal Herrian dauden baldintza sozial eta objektiboen adibidea da. Mugimendu zabal honetan ezker abertzalea subjektu eta objektua da

Orain dela gutxi, elkarrizketa batean, ezker abertzaleko partaide izatearen balore politiko osoa nire kontzientzia feminista sakontzean etorri zitzaidala nioen. Estrategia feminista eraginkor batek eredu sozial, ekonomiko eta politiko berria eraikitzeko ibilbidea eskaini behar du eta, ibilbide honetan, Euskal Herriaren independentzia eta demokrazia eskuratzea ezinbestekoa da. Ezker abertzaleak estrategia eta jarrera politiko bat eskaini dit norabide horretan. Ezker abertzalea identitate eta sentsibilitate politiko ezberdinak ditugun pertsona eta kolektiboek osatu dugu. Gure komunitate politikoa zimendatu duten printzipio eta estrategia politikoak sentsibilitate ezberdin hauen arteko eztabaida dialektikoan eratu dira. Ezberdinen bilgunea izateko gaitasun honetan dago gure aberastasuna. Alta, gure eraginkortasuna Euskal Herriaren errealitate politikoa baldintzatu duten estrategia, praktika eta iniziatiba zehatzak garatzeko izan dugun abilezian dago. Ezker abertzaleari feminismoarekin bat egingo duten printzipio ideologiko sendoak baino, askapen prozesuaren bidean eszenatoki berriak irekitzeko estrategia eraginkorrak eta emakumeak subjektu politikoak bihurtzeko konpromiso zehatzak eskatu dizkiot. Beraz, egoera politikoaren inguruko elkarrizketa zenak, feminismotik, ezker abertzalearen inguruko gogoetara eraman gintuen.

Euskal Herrian ireki den ziklo politiko berriaren hiru prozesu bultzatzaile azpimarratu nahiko nituzke, ezker abertzalearen izaeran zein estrategian duten eraginarengatik. Lehena, ETAk borroka armatua bertan behera uzteko erabakia, gatazka politiko-armatua termino berrietan ezartzeaz gain, eragile eta kolektibo ezberdinen identitate politikoetan eragingo duena epe ertain batean. Bigarrena sistema kapitalistaren bilakaera da, globalizazio ekonomikoa eta eredu neoliberalaren nagusitasuna. Bilakaera hau, Estatuen erreakzio zentralista eta inboluzioarekin batera, Euskal Herriaren zutoi sozial eta ekonomikoak kaltetu eta burujabetza prozesua ulertzeko moduak aldatzen ari da.

Hirugarren prozesu baldintzatzailea aldaketaren aldeko dinamika eta sentsibilitate berriak dira. Hauen artean: Ipar Euskal Herrian aitortza instituzionalaren eta Nafarroan aldaketa politikoaren alde dauden kontsensu politiko zabalak; Katalunia eta Eskoziako prozesu independentistek komunikabideetan, mundu akademikoan eta jendartean oro har sortu duten erreakzio eta posizionamendu berriak; krisi ekonomiko eta sozialak indartzen dituen gatazkak, polarizazio ideologikoa, alternatibak eraikitzeko gogo edo ezinbestekotasuna; estatuek euskara eta euskal kulturaren kontra areagotu duten ofentsibari erantzunak, eta azkenik, zapalkuntzaren ikuspegi konplexuagoek ekartzen dituzten emantzipazio ereduak.

Dinamismo politiko hau, aktore eta ezaugarri berriak dituena, Euskal Herrian dauden baldintza sozial eta objektiboen adibidea da. Mugimendu zabal honetan ezker abertzalea subjektu eta objektua da. Gure tradizioak gure burua horrela kokatzea eskatzen digu behintzat. Iniziatiba eta praktika politiko eraginkorrak gauzatuko dituen mugimendu gisa arituz. Egoera berrietara, ikuspegi propioz, egokitzeko anbizioa mantenduz.