GARA

UEUren Udako Ikastaroen aurtengo eskaintza 42 ikastaroz osatuko da

UEUk 42. Udako Ikastaroak aurkeztu zituen atzo, 42 ikastarok osatuko duten egitaraua, pasa den urteko «arrakasta» errepikatzeko asmoz. Azken bi urteetan baino egoera «hobean» daudela adierazi zuten. Aurkezpenean Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eta Irati Iciar UEUko udako ikastaroetako arduradunak hartu zuten parte.

Aurrez azaldu bezala, guztira 42 ikastaro antolatu dituzte aurtengorako. Horietatik 26 Eibarren izango dira, 8 Baionan eta beste 8 Iruñean, honako sei jakintza arloetan banatuta egongo dira: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientzia aplikatuak, zientzia eta gizarte zientziak.

Diru laguntza «garrantzitsuak» iragarri zituzten eta ikasle, langabe eta jubilatuek beherapenak izango dituztela jakinarazi zuten. Euskal Herriko hainbat udalek ere diru laguntzak emango dituztela gaineratu zuten.

Ikastaroei indar gehiago emateko asmoz, hainbat ekimen jarriko dituzte martxan datozen egunotan. Batak sarean izango du eragina; besteak, aldiz, kalean.

#Saretu eta hitzaldi zikloa

#Saretu lehiaketa izango da sarean udako ikastaroen berri emango duen ekimena. Txio kate bat osatu nahi dute, saretze hori irudikatuko duena. Arrakasta gehien lortzen duen mezuak irabaziko du lehiaketa.

Era berean, hitzaldi ziklo bat antolatu dute ikastaroen harira, ekainean zehar Bilbo, Baiona eta Iruñean geldialdiak egingo dituena.