Aimar ETXEBERRIA
Lasterbidean Larrabetzun

Beroak ez, korrikalarien elkartasunak ito zuen atzo sakabanaketa politika

Espetxean dagoen euskal preso bakoitzeko bi pertsonak egin zuten lasterka atzo Larrabetzuko kaleetan. Dispertsioaren aurkako salaketak hartu zuen protagonismo berezia, honen aplikazioaren 25. urteurrenean. Nork irabazi zuen lasterketa? Hori da gutxienekoa, elkartasuna suertatu baitzen garaile.

Goizeko 9.30 dira, eta Larrabetzura abiatzeko elkartu da Zestoako lagun talde bat. Ia zortzi kilometroko lasterketa dute aurretik, eta aurreko egunetan gehiago entrenatu ez izanaz madarikatzen hasten dira batzuk. «Alde earra nin mendi buelta bat inda!», dio batek. Pasa den urtean ere herriko taldetxo bat Oiartzunera animatu zela-eta, esperientzia errepikatzeko asmoz abiatu dira Larrabetzura.

Hara iristerako jendetza zen jada Larrabetzun. Beroketa ariketak egiten ikusten ziren batzuk, lasterketan irteteko beharrezkoa den dortsala hartzeko ilaran besteak. Atzokoan giroa aparta zela-eta -lasterka egiteko beroegi, agian-, egun-pasa egiteko asmoz joandakorik ere bazen. Guztia zegoen prest euskal errepresaliatu politikoen aldeko lasterketa bikoitzari hasiera emateko. Etxerat elkarteak jarri zuen bere postua, eta lasterka atera behar ez zuen jendearentzat ikaragarri ongi etorri zen antolatzaileek plazan bertan muntatu zuten txosna.

Laburra lehenik

Bi ibilbide antolatu zituzten atzorako: 3,2 km-koa bata eta 7,7koa bestea. Era horretan, ez zegoen aitzakiarik elkartasun lasterketan parte ez hartzeko. 300 parte hartzaile elkartu ziren azkenerako ibilbide motza osatu asmoz eta 11.00etan puntuan ekin zioten lasterketari. Larrabetzuko errepresaliatuen senideak izan ziren lasterketari hasiera emateko arduradunak, kate bat apurtuz.

Ibilbide luzea egin behar zutenek, aldiz, euren martxara jarraitzen zuten. Lasterka egiteko arropak janzten batzuk, beroketa ariketak egiten besteak... Urduritasuna ere agertu zen korrikalari batzuen gorputzetan. Beroa zela, entrenamendu falta zela, ez zen falta kexarako motiborik! Denak ordea ez zeuden urduri, guztiz kontrako egoerak ere ikus zitezkeen. Patxadaren patxadaz, bazen taberna inguruan elkartu zen jenderik, zerbeza eskuan. Lasterka egiteko indarrak hartzen ariko ziren!

Pixkanaka-pixkanaka helmugara iristen joan ziren korrikalariak. Batzuek besteek baino denbora gehiago eman zuten, logikoa denez, baina logikoa ez dena «korrikalari» janzkera izan zen: sandaliak oinetan, motxila soinean... Senide «beteranoenek» ere ibilbide laburra hautatu zuten euren elkartasuna adierazi gabe geratu ez zedin.

Ia 800 korrikalari luzean

Bikoiztu egin zen ibilbide laburra egin zuen korrikalari kopurua luzeari hasiera eman zitzaionean. Eguerdiko 12.00ak ziren, eguzkiak bete-betean jotzen zuen, eta ia 8 km-ko ibilbidea zuten aurretik korrikalariek. Adarraren hotsa entzun zen lehenik, txalapartarena ondoren, eta suziria lehertu zenean ekin zioten korrika egiteari. Bai ekin ere! Lehen metroak izanik -nahiz eta izan zen helmugara gisa berean heldu zenik ere- ziztu bizian abiatu ziren Larrabetzuko plazan barrena.

Lasterketa ostean aurtengo ibilbideaz galdetuta, aurreko urtekoa baino errazagoa izan zela zioten gehienek, nahiz eta beroaren aitzakia denen ahotan zebilen. Une batzuetan, gainera, asfaltoaren gainean egin behar izan zuten lasterka, eta bero sentsazioa areagotzen zuen egoera horrek.

Korrikalariek, ordea, ez zuten animo faltarik izan ibilbidean zehar, puntu jakin batzuetan txalapartariak izateaz gain, umorea, eta batez ere, aldarrikapena baitzen atzokoan nagusi. Arrazoi jakin batengatik irten zen jendea lasterka eta oso nabaria izan zen hori, bai lasterketa barruan korrika ari zen jendearen artean eta bai kanpoan hauek animatzen zeuden ikusleen artean.

Dispertsioa ito

Kontuak kontu, 720 korrikalarik amaitu zuten ibilbide luzea. Nor iritsi zen lehena? Hori gutxienekoa atzokoan. Euskal errepresaliatu politikoei elkartasuna adierazteak inporta zuen atzokoan. Hala nabarmendu zuen Etxerat elkarteak lasterketa amaieran Larrabetzuko plazan egin zuen ekitaldian.

Txalapartaren hotsekin ekin zioten -uste baino beranduago- ekitaldiari, eta jarraian bertsolariek hartu zuten testigua. «Ahaztu gabe gure ondoan, gaur falta deguzan danak», amaitu zuen lehenak bere bertsoa, «laster bidean jarriko ditugu, ta segidan etxean», aldiz, Etxahun Lekuek.

Senideen parte hartze berezia izan zuen ekitaldiak. Dozena bat senide inguru igo zen oholtza gainera, banan-banan, esaldi bat esanez bakoitzak, «dispertsioa ito» hitzak osatu arte oholtza gainean. Hori izan baitzen Etxeratek ekitaldian zabaldu nahi izan zuen mezu nagusia. Sakabanaketa politikak 25 urte bete dituen honetan, honek presoengan eta euren senideengan dituen ondorioak azaleratu zituen Etxeratek. Ekitaldia Siroka taldearen emanaldi akustikoarekin amaitu zen. Talde honek Lasterbidean ekimenerako konkretuki eginiko abestia jo zuen.

Gisa horretan amaitu zen goiz partea Larrabetzun. Hortik aurrera, bakoitza berera. Hiru aukera ezberdin eman zituen antolakuntzak jendeak sabela bete zezan. 600 lagunentzako menua prestatu zuten kiroldegian, beste 500 paella errazio ere banatu zituzten plazan eta herriko tabernetan ere bazkaltzeko aukera oparoa zegoen. Bazkariaren ondorenerako utzi zituzten herri kirolen erakustaldia eta Bide Ertzean eta Siroka taldeen kontzertuak.

«Oso modu positiboan» baloratu zuten atzoko eguna Lasterbidean ekimeneko antolatzaileek, batez ere, iazko datuak berdintzea lortu zutelako, «aukeratutako herria askoz txikiagoa izan arren». Nahiz eta deialdirik ez egin horretarako, ez da une txarra datorren urteko Lasterbidean prestatzen hasteko!