JOSEBE EGIA
ZIRIKAZAN

Familiak eta familia-familiak

Harriekin ere hitz egiteko nire gaitasun aparta garatzen ari nintzela, emakume bat ezagutu nuen aurrekoan. Alarguna, hiru seme-alabaren arduraduna. Senarra zenaren azken eguna kontatu zidan: istripua eduki baino bost bat minutu lehenago harekin hitz egin zuela telefonoz eta esan ziola bere bizitzako ehiza-egunik politena pasa zuela, harrapakin eta guzti etxeratuko zela, baina esandakoa baino apur bat beranduago, eta asko maite zuela. Gero kotxe batek akabatu zuen. Emakumeak inolako sumin edo saminik gabe kontatu zidan, halako baretasunarekin, pozarren ere esango nuke, ezen ezin izan nion eutsi nola ez zuen amorrurik-edo sentitzen galdetzeari. Erantzuna: fedea. Jaungoikoak onenak eramaten omen ditu, senarra arrazoiren bategatik eraman zuen eta hor goian dabil bera eta seme-alabak gidatzen eta zaintzen, beraz, haien eginbehar bakarra da batuta jarraitzea eta egunero alai bizitzen ahalegintzea. Eta gaineratu zuen, azpimarra nabarmenez, familia dela pertsona ororen sostengu eta gizalegezko jendarte baten funtsezko habe.

Hori guztia kontatu zidan aurretik lanean gertaturiko pasadizo bat komentatzen ibili nintzelako neu. Familiaren Nazioarteko Egunaren harira, iritzi-artikulu bat itzultzea egokitu zitzaidala, gaztelaniatik euskarara. Artikuluaren egileak barra-barra zerabiltzala marido eta mujer, eta tarteka cónyuge, baina sekula ez pareja, adibidez. Euskaraz, ezkontidea erabili nuela nik, gizonak eta emakumeak bereizteaz kezkatu barik, eta gogoa ere eman zidala bikotekide berba erabiltzeko, familia bat eratzeko orduan ezkonduta egoteak ala ez, bikotekideen generoak edo bikotekidea edukitzeak berak funtsezko baldintza izan beharko ez luketelakoan. Hizkuntzarekin ere egungo jendartean familia mota orori leku eta zilegitasun berberak aitortzeak, forman eta edukian diskriminaziorik eragin gabe, horrek izan beharko lukeelakoan araua. Izan beharko lukeen bezala derrigorrezkoa gizateriaren erdietako bat ez ezabatzea: itzuli beharreko idazkian, behin ere ez nuen irakurri hijas, han semeak baino ez ziren ageri. Itzulpenean, ordea, denak geratu dira ikusgai, alabak ere bai. Azkenik esan nuen itzulpena bidaltzeko orduan egon nintzela egileari berben garrantziaren inguruko iruzkin-iradokizuna egiteko zorian. Baina ez nuela egin banekielako hark, emakume ezagutu berriak bezala, familia kontzeptu bakarra defendatu nahi zuela. Eta, adeitasun osoz, popatik hartzera bidaliko zituela iradokizunok.

Emakume hark inolako oldarkortasunik barik bota zidan familiaren ingurukoa, gehiago esanez bezala, «zuk edonolako familia mota defendatzen duzun arren, barnean badakizu familia-familia zurea edo nirea bezalakoa dela, non aita eta ama bana eta behar bezala lotuta egon behar diren». Kontrakoa uste badugu ere, emakume hark, artikuluaren idazleak, ez du gutxiengoa ordezkatzen, jendarte mailan hor gaude oraindik: badaude familiak, ezin ukatu, eta badaude familia-familiak, benetakoak, behar bezalakoak, kategoria gorenekoak. Aurrekoek bigarren mailan jarraitzen dute, nola esan, istripuak balira bezala.