GARA

AHTren lanak gelditzeko eta eztabaida sakona egiteko eskatu du EH Bilduk

Azken asteotan izan diren informazioak kontuan izanda, EH Bilduk AHTren lanak gelditzeko eta egitasmo honen gainean eztabaida sakona martxan jartzeko eskatu du. Orain arte, EAJk egitasmoaren gaineko informazioa jendarteari ukatu egin diola salatu du.

AHTren egitasmoaren lanak gelditzeko eta proiektua gardentasunez eta jendartearen parte-hartzearekin goitik behera berriz aztertzeko eskatu zuten atzo, Bilbon, EH Bilduko parlamentari Oskar Matute eta Maribi Ugarteburuk.

Bi hautetsiek gogoratu zutenez, AHTren egitasmoa kolokan jartzen duten informazio ugari zabaldu da azken asteotan. Horien artean, trenbidearen tarte guztien kostua aurreikusitakoa baino garestiagoa izango dela aipatu zuten, horren atzean finantziazio ilunak egon daitezkeela gaineratuz.

Ezertarako balio ez duten lanak burutu izana ere salatu zuten, «eraikuntza arloko enpresen patrikak betetzen segitzeko». Hamaika milioi euroko kostua izan duen Zaratamoko zubia jarri zuten esandakoaren adibide gisa.

Atzo GARAk aipatzen zuen bezala, AHTren lanetan izan diren irregulartasunek istripu larriak eragin dituztela adierazi zuten Matute eta Ugarteburuk, Bergara-Antzuola tartean izandako hildakoa kasu. «Egitasmoa bukatzeko presak oinarrizko lan-segurtasun neurriak ez errespetatzera eramaten du», salatu zuten.

Informazioa ezkutatu du EAJk

Horrekin batera, jendarteari informazioa ezkutatu zaiola salatu zuten EH Bilduko parlamentariek. «Inoiz ez dugu jakin zehazki zenbat kostatzen duen, noiz egongo den martxan, ezta norekin lotuko gaituen azkenean. Baina epeak, kostuak eta loturak zehazteko EAJk erakutsi duen ahalmen eskasari erantsi behar diogu jakin berri ditugun azken datuen gainean eztabaidatzeari uko egiten diola, horretarako PSE eta PPren laguntza izan duelarik», azaldu zuten.

AHTrekin izaten ari diren jarrera Kutxabankekin izandakoarekin konparatu zuten (EAJren ezezkoa Mario Fernandezen agerraldiari eta EITBn eztabaida publiko bati ekitea).

«Zeren beldur dira EAJ, PP eta PSE? Zergatik ez du nahi EAJk jendarteak jakitea AHTren aldeko apustu sutsu eta egoskorraren atzean zer dagoen? Zergatik mespretxatzen dute Parlamentuak egin beharreko jarduera publikoaren jarraipen eta kontrol lana? Ez al zen ba Parlamentua EAEko jendartea ordezkatzeko erakunde gorena?», galdetu zuten.

«Ez al zen hobe izango, azken asteotan jakin duguna kontuan izanda, behin-behinean bada ere lanak gelditzea, eta gardentasunerakin eta parte-hartzearekin hain garestia ateratzen ari zaigun azpiegitura erraldoi honen gaineko eztabaida martxan jartzea?», gaineratu zuten EH Bilduko parlamentariek.