Nagore BELASTEGI

Bektokixa, bigarren eskuko eraikin industrialen alde kulturala

Itxitako lantegiak espazio huts ahaztuak bilakatu dira. Eraikin zabalak izan ohi dira eta egitura tinkokoak. Zergatik ezin diegu bigarren bizitza bat eskaini? Zergatik ez ditugu erabiltzen gure ametsen etxe bezala, beste ezer eraiki gabe, dagoena aprobetxatzeko?

Berreibar proiektua duela bi urte sortu zen Eibarko ondare industrialaren balioa nabarmendu nahian. 700 espazio industrial baino gehiago daude hutsik herrian, eta horiei irtenbide bat eman nahi diete, baina ez da erraza herritarrek ideia horiekin bat egitea. Lehenik, azpiegitura zahar horiek zer aukera eskaintzen dituzten jakin behar dute. Horretarako urte honen hasieran Berreibar Estrategia Kulturala (BEK) jarri zuten martxan, eta horren barnean antolatzen zituzten ekitaldiak azaleratu ahal izateko BEKtokixa zabaldu zuten. «Bertan egiten ditugu ia ekitaldi guztiak, baten bat kultur etxean egin dugun arren. BH bizikleten tailer zaharrean kokatu dugu. Zorte handia izan dugu jabeak utzi egin digulako», kontatu zigun Itsaso Goñi Berreibarko kideak.

Eibarren hutsik dauden espazio industrial horiei bizitza berri bat emateaz aritzen direnean Berreibarrek ez du kulturari buruz hitz egiten, praktikara arlo horretan eraman badute ere. Izan ere, gogoeta bat egin dute hirietan dagoen eraikinen banaketaren inguruan eta konturatu dira erdialdean erabiltzen ez diren tailer zahar ugari daudela eta horiek erabili beharrean, lana hiritik kanpo ateratzeko joera dugula. Herrigunean ez dago bestelako eraikinak sortzeko espaziorik eta periferian egiten dituzte berriak, eta horrela, hiriak egunean zehar ia hutsik gelditzen dira, langileak iluntzean etxera itzultzen diren arte. Berreibarrek proposatzen duena da herrigunean dauden espazio zahar horiek herritarrek erabiltzea euren ametsak aurrera eramateko.

Hala, norbaitek lana egiteko espazioa behar badu bertan izango du leku aproposa. Artea lantzeko edota erakusketak prestatzeko ere balio dezake, baina baita birmoldatu eta etxebizitza bat sortzeko ere. Horrela, aisialdia, bizitza pribatua eta lana leku berean izango lirateke eta hiri biziagoak izango genituzke.

Arte espazio bilakatu diren lantegien adibide nabarmenak ditugu Euskal Herrian. Adibidez, Gernikako Astra garai batean armagintza lantegia izan zen eta gaur egun «sorkuntza lantegiaren» etiketa jarri diote. Donostiako azken urteetako hirigintza proiektu garrantzitsu batek ere lantegi bat dauka erroan. Artistentzako eta hiritarrentzako espazio ireki bat izango den Tabakalerak tabako lantegi batean du oinarria.

Baina Berreibarrek BEKtokixarekin zabaldu duen bidea beste norabide batean doa. Astra eta Tabakalera bezala, BEKtokixa leku bat besterik ez da, adibide bat, baina Berreibarrek joera bat sortu nahi du, horietan garatutako proiektuak imitatuz bestelako eraikin hutsak bizitzaz bete daitezen. Europan honelako ekimenak arruntak omen dira. Amsterdamen, esaterako, lantegi edota bestelako espazio zaharrak berpizteko joera dago. Sporenburg eta Borneo auzoak dira horren adierazle, egun hiriko txoko modernoenak bilakatu baitira euren arkitektura bitxiari esker. Honela, berrerabiltzearen kultura sustatzeaz gain, leku baten memoria eta historia indartu egiten dituzte.

BH bizikleten tailerrean ekainera arte izango dira eta gero bide horren lekukoa herritarrei pasatu nahi diete. «Ez dago ondo kanpotar batek esatea euren espazioekin zer egin behar duten. Guk ideia bat eman diegu eta orain beraiek animatzen ditugu bide horretatik jarraitzera», esan zuen Goñik. Orain arte kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte, eta proposamen ugari bildu izan dituzte, orain horiek kudeatu ezin badituzte ere dagoeneko osatua dutelako ekainera bitarteko egitaraua.

Maiatzaren 25ean musikarekin hitzordua dute, bertan arituko baitira Napoka Iria bikotea eta Joseba Irazoki bakarlaria. Ekainean, 10etik 13ra arkitektura tailerra egingo dute kultur etxean. 14rako, Eibarren zehar hiriaren historia industrialaren inguruko kale antzerkia prestatu dute. 15ean BEKtokixera itzuliko dira Kokein taldearen eta Anariren kontzertuei babesa emateko. Ekainaren 20tik 22ra bitartean Arte Ederretako Eskolako ikasleen artean lehiaketa bidez aukeratutako instalazioak ikusgai izango dira.