Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Plazak

Orduan pentsatu dut hain txukun eta hain erabilgarri jarriko duten «betiko» plaza hori beti dagoela obratan «gu» izatearen pribilegioak ez dituztenentzat

Telefono hotsarekin batera etorri da lagunaren deia. Trago bat hartzeko proposamena egin eta gustura heldu diot gonbitari. Normalean ez da beharrezkoa izaten lekua zehaztea, beti izaten da plaza. Gaur, ordea, ezinezko egin zaigu. «Prohibido el paso por obras» jartzen duen kartelak galarazi digu sarrera. Halakoetan ohartu egiten gara ohiko lekua den hori «desagertzen» denean ez dela samurra izaten alternatiba hobe bat aurkitzea.

Plazaren hutsuneak sortu digun noraezak zer pentsatu eman dit. Esangura handiko eremua da, plaza, edo espazio publikoa, orain esaten den bezala. Eta ezin uka liteke publiko handia biltzen dela bertan. Harreman sozialen fluxu handienetarikoa duen lekua dela. Plazetan egin ohi dira kontzentrak, kontzertuak, azokak, jolasak eta jaiak. Izan litezke ere ongietorrientzako harrera guneak. Plaza da kontrolpean dugun territorioa. Ikasi eta hezi gareneko eremua. Klasekideentzako topalekua. Gurasoek topo egiten duten lekua. Norberaren arabera molda daitekeen mundua dela esan genezake. Konfortaren zona. Eroso sentitzen garen erreinua.

Edo ez. Eman lezake plaza espazioa baino ez dela. Espazio neutro bat, irekia eta sarrera librekoa izanik, benetako espazio publikoa. Halere, nonbait irakurri dut, eta batzuetan ikusi ere bai, badaudela «gu» ez diren beste batzuk. Kalean eta plazetan hain eroso sentitzen ez diren batzuk. Gure segurtasunaren plaza hauetan beldurrez dabiltzan batzuk, zigorra ekiditeko itzaletik itzalera mugitu beharra duten batzuk. Gure topalekuak diren plaza hauetan inor aurkitzen ez duten batzuk, begirada mesfidatiak jasotzen dituzten batzuk. Hendaiako topoaren geltokian jendarmeak zain izaten dituzten batzuk. Bartzelona eta Madrileko aireportuetatik euren sorterrira ezkutuan bidaliak izaten diren batzuk. Beltza, edo marroia, edo horia izateagatik errudun diren batzuk.

Antropologo ospetsu batek dioen moduan, espazio publikoa da elkar topo egiten dugun lekua, etengabeko negoziazioa izaten den eremua, konfrontazio politikoaren agertokia. Jatorri, sexu eta klase ezberdintasunak ikusgarri egiten direneko agertokia. Halaxe iristen da norbera -iristekotan- plazara.

Horregatik guztiak ez omen dira berdinak. Eta guztiak ez omen gara igualak plaza ezberdin horietan. Espazio publiko esan arren, publiko zehatz bati bideratuak ei dira. «Gu» baldin bazara, espazio publiko. «Haiek» baldin bazara, ez hain publiko. Orduan, kalearekin konformatu behar. Arrunt bihurtu diren banakako banku horietan ezin lorik egin kalearekin konformatzea besterik ez dutenek. Eta hala ere, espazio publiko. Batzuentzako besteentzako baino publikoago.

Obrak iragartzen dituen kartelaren aurrean paratu gara. Eta hantxe ikusi ditugu garabiak umeentzako zabu eta kulunka berriak jartzen. Gimnasia egiteko makina berriak ere jarriko omen dituzte. Eta orduan pentsatu dut hain txukun eta hain erabilgarri jarriko duten «betiko» plaza hori beti dagoela obratan «gu» izatearen pribilegioak ez dituztenentzat.