Ane ARRUTI DONOSTIA

Errefuxiatu baten semearen eguneroko gerra txikia

80ko hamarkadan gerra zikinak hil zituenei duintasuna itzuli nahi die Lander Garrok «Gerra txikia» bere bigarren nobelarekin. Errefuxiatu baten semearen ikuspuntutik kontatzen du istorioa, Hendaian etengabe agertzen zaizkion «mamuei» aurre egin asmoz.

Errenteriarra da Lander Garro baina zazpi urte daramatza Hendaian bizitzen. «Ez nuen pentsatzen Hendaiako txoko guztietan mamuekin topo egingo nuenik. Ateratzen nintzen ogia erostera, edo lanera joateko autoa hartzen nuen... eta konturatu nintzen 80ko hamarkadan betiko joandakoen mamuek niregan presentzia oso handia zutela», aitortu zuen atzo. Mamu horiei aurre egin nahian idatzi du «Gerra txikia» (Susa) nobela, 1983 eta 1987an artean kokatua, txikitan familiarekin bizi izan zituen «urte oso gogorrak» oinarri dituena baina gertakizunetan baino «titular handien azpian» gelditzen denari eusten diona. «Gerrak geure baitan eragiten duena, uzten duen arrasto horri so egitea da interesgarria».

Zentzu horretan, oso lan autobiografikoa dela kontatu zuen Garrok. Xabi Ugarte haurraren begietatik ezagutuko dugu istorioa. Bere aita errefuxiatua da eta ama eta bi anai-arrebekin trena hartuta aitarengana joango da Hendaiara. GALen garaia da eta une latzak bizitzea tokatuko zaie. «Umearentzat oso zaila da tragediari bere neurria hartzea, eta zer gertatzen den eta umeak nola ikusten duen, kontraste horretan, badago elementu komiko bat. Umeak, umea den neurrian, dena nahi du ikusi desdramatizaturik eta hor dago liburuaren komikotasuna», argitu zuen. Atentatu edo atxiloketez gain, badagoelako samurtasunerako tarterik. Xabiren lagun berriak agertuko dira, aitaren lagunen bisitak, txirrindularitza, lehen musua... Hasiera batean lehenengo pertsonan idatzi zuen nobela, baina hiztegi aldetik murritza gelditzen zitzaiola-eta, umearen ikuspegia mantenduz baina heldu baten hitzekin «tranpa» txiki bat eginez berridatzi du oso-osorik.

Gerraren aitortza

«Ze gogorra den gerra bat, ze gogorra den heriotza eta zein gogorra den gogortasun horren aitortza ez izatea. Liburu honek hemen gerra bat egon dela ozen aldarrikatu nahi du», aitortu zuen idazleak. Hainbat gertaerak markatu zuten gaztetan, horietan gogorrena Bixente Perurenaren heriotza; «zuzenean bizi nuen, niretzat heriotzaren deskubrimendua izan zen. Harrigarriki mingarria egin zitzaidan konturatzea ezingo nuela gehiago ikusi».

Liburuarekin «GALek hildakoei duintasuna itzuli nahi nien», erantsi zuen, eta argitu nobelagileak inoiz ezin duela «pertsona bat zuritzeko ahaleginetik» idatzi. «Gizakion misterioa beti dago argi-ilunez beteta. Konturatu nintzen jendearen gauza txarrak asko agertzen zitzaizkidala eta hor duda momentu bat izan nuen, ez nuelako inori buruz gaizki hitz egin nahi. Baina liburua amaitzen joan ahala, harrituta gelditu nintzen pertsonaien alde ilunetan enfasia jarrita ere, nolako samurtasuna gailentzen zen amaieran eta nolako maitasuna ikusten zen haienganako, nahiz eta denak gizaki inperfektuak ziren».