Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Hilobi ondoko zalantzondoez

Aldaketa klimatikoa eta lehengai fosil zein mineralen agortzea kontuan hartzen ez duen bisio oro epe- laburkeriaren konplize izango da. Eta, Anestesia taldearen kantak zioen bezala, gure hilobia lantzen jarraituko dugu

Irakurtzen ditut periodiko honetan hainbat albiste. Errusia eta Txinaren arteko akordioa argazki handi eta guzti. Gazprom-en txaloak. Ukrainan gerra hotsak eta Europako Batasuna Putinen aurrean belauniko gasik ez mozteko eskatzen, tragoa goxoagoa izaten baita gaseosa pixka batekin. Txinak milioika hektarea okupatzen dituela Afrikan janaria pozoitzeko, bizilagunak gosez hiltzen diren artean. Urik gabe bizitzerik ez dagoela. Progresoa, aurrerakuntza, modernitatea edo dena delako hau petroliorik gabe ere ez. Eta Estatu Batuak azpijokoan ari direla, Venezuelarako bidai txartela merkeagoa delako bussines class-entzat ere, Qatar, Saudi Arabia, Irak, Siria edo Libiarakoa baino.

Flipatzen dut uraren pribatizazioaz lerroak irakurtzen ditudanean, Artikoko uren izozteak itoko gaituela aditzean. Artikoko autopista eta klima aldaketaren arteko erlazioak deskubritzean. Europako Batasunaren eta Estatu Batuen arteko TAFTA akordioaren iluntasun naturalean. Marteren konkista (bitxikerien atalean oraindik). Somaliako piratak Euskal Herriko ontziak baitzen (nola baina?). Ikusten ditugu Bermeoko olatuen txikizioak, Urumea gainezka (berriz ere). Garoñako zentral nuklearra. Biaduktu inutilak (agintariak bezala). Zaldi haragiak eta Contadorren txuleta. Tomate gorriak abenduan.

Zenbat aldiz irakurri dudan eta azaldu dudan krisi delako hau ez dela finantza arazo soila. Krisi sistemikoa dela. Orain arte ezagutu ditugun eredu ekonomiko orok praktikatzen duen/zuen hazkunde mugagabearen eredua jasanezina dela. Bi aukeraren bidegurutzean gaudela: hilobira eramango gaituen talka, edo mundu orekaturako trantsizioa. Trantsizio eta bidegurutze. Sekula agortzen ez diren bi hitz.

Ekologistek egin dituzten analisiek bete-betean jo dute gertatzen ari denaren dianan. Eta etorkizunerako planteatzen duten bisioa ere norabide zuzenekoa dela esango nuke. Hazkundea, produktibitatea, lehiakortasuna, nazioartekotzea... Eskuinak eta merkatu libre globalaren guruek ezarritako markoen baitan porrotean jarraitzen dugulako sentsazioa daukat askotan. Ezkerrak ere barneratu dituela kontzeptu horiek. Eta marko propioak eraiki ezean, ez dago irabazterik.

Egia da sarri beste urgentzia batzuek lehentasuna hartzen digutela agendan ezinbestean, pertsonak eta gure beharrizanak baikaude guzti honen atzean. Baina etorkizuna eraikitzeko bisioan ez baditugu hasieran aipatutako elementuak kontuan izaten porrotera kondenatutako estrategia diseinatzen ariko gara. Aldaketa klimatikoa eta lehengai fosil zein mineralen agortzea kontuan hartzen ez duen bisio oro epe-laburkeriaren konplize izango da. Eta, Anestesia taldearen kantak zioen bezala, gure hilobia lantzen jarraituko dugu.

Etorkizunik izango bada, ekonomiaren eta politikaren lokalizazioa da gakoa, nire ustez. Burujabetzan eta tokiko garape- nean (eta ez hazkundean) oinarritutako eredua da arrakasta izateko boleto guztiak dituen bakarra. Baina posible ote da lokalizaziorik mundu globalizatu honetan?

Erantzunik ez daukat, noski. Sarrik zioen bezala, zalantzak ereiten ditugu zalantzondoak jasotzeko.