N.BELASTEGI DONOSTIA

Mundumira jaialdia Arrasatera itzuliko da X. edizioan

Mundumira Munduko Kulturen Festaren 10. edizioa hartuko du Debagoieneko bailarak datozen maiatzaren 30, 31 eta ekainaren 1ean. Lehenengo jaialdia Arrasaten antolatu zuten, 2005ean, eta aurten bertara itzuliko da dagoeneko egonkortuta dagoen hitzordu handia bihurtuta. Iaz etenaldia egin behar izan zuten eta jaialdiaren norabideari buruz hausnarketa egiteko baliatu zuten denbora hori. Aurten indarberrituta datoz filosofia berri batekin.

Orain arte ekimena munduko kulturak bailaran ezagutarazteko erabili izan dute, baina hemendik aurrera ideia horri buelta emango diote eta eskualdea kanpoan sustatuko dute. Horretarako, bertako eragileen lana bereziki kontuan izango dute. Adibidez, Besaide Mendi Elkarteak mendi ibilaldia eta BTT zeharkaldia antolatu ditu, Eskuartean artisau taldeak artisautza tailerrak prestatuko ditu, Mery May eta

The Pothes taldeek kontzertua eskainiko dute eta Debagoieneko Zero Zabor taldeak bizikletentzako aparkalekua ezarriko du, berrikuntza gisa. Izan ere, jendea bizikletaz edo garraio publikoan joatera animatzen dute antolatzaileek. Horrez gain, gaur goizean egindako agerraldian Ekoferixa produktu ekologikoen azoka nabarmendu dute, non bertako ekoizleak izango diren. Lehen aldiz artisautza azokarekin batera kokatuko dute hori. Inguruko herrietara ere zabalduko da jaialdia zenbait museotan bisita gidatu bereziak egingo baitituzte.

Musikari dagokionez, Debagoieneko taldeez aparte, sona handikoak ere izango dira herriko hiru gunetan banatuta. Ostiralean Damba eta Betagarrik joko dute; larunbatean, Family Mbolo eta Yemamah, Arrasaten bizi diren senegaldarren eta brasildarren taldeak, hurrenez hurren. Egun berean, Urko Menaia, Iñaki Plaza eta Kiko Veneno arituko dira (azken hau Aretxabaletako Mundumiran izandakoa da). Igandean, berriz, Herritmo ikuskizuna izango da aipagarria, Euskal Herrian biran ari dena eta Kukai konpainia, Oreka TX txalapartari taldea eta Kalakan hirukotea bezalako artistak biltzen dituena.