Aimar ETXEBERRIA
EIBAR ETA ALAVESEN ARTEKO DERBIA

Hiru ordu laurden... eta zoramenak eztanda egin zuen Ipuruan

Hiru ordu laurden izan ziren, baina amaiezinak ziruditen. Bere lanak eginda, Las Palmas-en emaitzari begira jarri zen Ipurua. Irratian jarri zuten belarria jokalari eta zaleek, eta ezinezkoa zirudiena errealitate bilakatu zen! «Ustekabean» harrapatu zituen guztiak eta ospakizuna inprobisatu beharrean izan ziren, horretarako arazo askorik izan ez bazuten ere.

Historikotzat jo daitekeen egun horietako bat bizi izan zuten atzokoan eibartarrek; babazorroak bestelako gorputzaldi batekin ziren bitartean. Kalean, ordea, ez zen nabaritzen bi taldeetako zein ari zen zer jokatzen, zein maila igoera eta zein jaitsiera. Bi taldeetako zaleak ziren umore onez, festa gosez, derbietan ohikoa den moduan.

Eibarrek Lehen Mailarako igoera lortzeko aukera zuen egunean bestelako ospakizunak ere baziren herrian. 49. Euskal Jaiak ziren Eibarren, eta futbola gustuko izan ez arren ere bazen beraz kalera irteteko motiborik. Kalean ez zen besterik; baserritarraren gainean Eibarko elastikoa zuten soinean batzuek, «partida non ikusi behar duzu?», galdetzen zuten besteek. Eibar, partidua eta igoera, tabernetako hizketaldien ardatz.

Baina kaleko giroa ez zen «lehertzekoa» esaten den horietakoa. Eibartarren artean zabaldutako nahia zen Lehen Mailarako igoera datorren astean ospatzea. Giroa, eguna, ordua... ez ziren nonbait egokienak Lehen Mailarako igoera ospatzeko! Neurketaren ordua gerturatu ahala, ordea, gora egin zuen tenperaturak Eibarko kaleetan. 18.30ean peñek Untzaga plazatik abiatu zuten kalejiran lehertu zen, batez ere, giroa, txarangaren agerpenarekin batera.

Ipuruara bidean

Kalejiran igo ziren Eibarko peñak Ipuruaraino. Murtziaren neurketa 18.00etan hasi zenez, begi batez hara begira zeuden denak. Igoera baldintza zezakeen neurketa izanik, gertutik jarraitzea komeni!

Atzoko unerik bitxiena kalejirak eta Alaveseko jokalariak zeramatzan autobusak bat egin zutenean izan zen. Eibarko zale guztiak lurrean eseri ziren, abestuz, oihukatuz, jokalari babazorroei bidea oztopatuz. Minutu batzuk egon ziren gisa horretan, harik eta gidariak aurrera jotzea erabaki zuen arte.

Behin Ipuruaren inguruetan, Murtziaren neurketak hartu zuen protagonismoa. Irabazten jarri zela lehenik -hala amaituz gero Eibarrek ez zeukan igotzeko aukerarik -, Zaragozaren gola iritsi zen jarraian, Eibarko zaleen poztasunerako.

Zelaia, leporaino beteta

Eibarrek igoera lortzeko behar zuen lehenengo baldintza beteta ekin zion neurketari. Berea egin behar zuen eta Las Palmasen emaitzari itxaron behar zion. Aipatzekoa da zelaian zeuden zale babazorroen kopuru txikia, astean zehar eztabaidagai izan den kontua. Txalotzekoa, era berean, hauen jarrera, taldea egoera zailean egonagatik ere jarraitzaile bezala «maila» eman baitzuten.

Eta azkenean, ezinezkoa zirudiena gertatu zen! Las Palmas bi eta huts jarri zen aurretik markagailuan; zaleak datorren asterako uzten hasiak ziren igoeraren ospakizunak; baina miraria jazo zen. Irratia izan zen azken uneetan urduritasunaren eragile, baita poztasunarena ere. Azkenean, ordea, zoramena lehertu zen Ipuruan. Jarraitzaileek zelaira egin zuten salto, jokalariak ere zelaira atera ziren, eta denek elkarrekin ospatu zuten igoera. Bere txikitasunean handi dela erakutsi zuen atzo Eibarrek.