Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Prefeta, telefonoa, demokrazia

Ederra izan zen aurtengo Nafarroaren Eguna Baigorrin. Aldarrikapen eguna, handia, ez soilik kultur ekimen erraldoia. Aldarrikapena, Herriko Etxetik abiatuz han baitzegoen Nafarroako bandera eta gure ikurrina. Izan ere, aldaketa sartu da Baigorrin azken herriko hauteskundeetan. Abertzaleak sartu dira Herriko Etxean, abertzaleek ere hautetsiak dituzte. Inguruetako hautetsi asko gomitatu zituzten, ezker abertzaleko hautetsiak ere han zeuden, ongi etorriak Nafarroaren ospatzeko. Usaian bezala frontoian bandera abertzale erraldoia zegoen.

Aldaketa hauteskundeetan gertatu zen, eta kontatu diguten bezala emaitzak ezagutzera eman ziren momentuan herritar batzuk negarrez ikusi zituzten. Nola ez ulertu han zitekeen emozioa, jakinez Baigorrik Ipar Euskal Herriko askatasunerako borrokan eman duena. Bidean gelditu diren gazteak, presondegi urteak eta bertan izan diren kalapitak. Hauteskundeen emaitzak nolabaiteko garaipena dakar. Ondorioz, askorentzat poza.

Biharamunekoak beste zapore bat ekarri zuen. Prefetak telefonoa hartu zuen, kezkatu baita ikurrin asko zeudela, bereziki Herriko Etxearen gainean, garaia zela egoera normalizatzeko eta frantses bandera berriz ezarri behar zela. Ez dira bere hitz zuzenak, baina errepublikako ordezkariaren hitzak asmatu ditugu. Ez direnez kalapitarako garaiak, frantses bandera itzuli da Herriko Etxera. Frontoian zegoena ez da mugitu. Jendarmeria ere kezkatu da desmasia batzuk ba omen zeudelako. Milaka herritar ibiltzen direlarik herri batean beti gertatzen den gisan hondatze txiki batzuk gertatu ziren. Abertzaleek egiten badituzte, agintariek horiek azpimarratzen badakite.

Ikurrin gehiegi ikusten ditu prefetak, baina proposamen berria prestatzen omen du Ipar Euskal Herriko ezagutzaren aitorpenerako. Hau da azken egun hauetan iragarri duena, beste xehetasunik eman gabe, baina demokraziaren izenean. Haatik, Europako hauteskundeak pasa eta, ahantzi gabe hautagai sozialistak badaudela, Euskal Herritik heldu direnak, haiei botoa emanez gero gure interesak defendi ditzakegula. Jakinez sondeoak oso txarrak direla estatu mailan sozialistentzat, ulertzen da prefetaren hizkuntza. Baina, ez dugu prefetaren hitza zalantzan emanen eta goaitatzen dugu. Baliteke Valls ministroak bat-batean ideia geniala izatea hemengo aldarrikapenei erantzuteko.

Bitartean, ekainaren 14ko manifestaldia prestatzen ari da, euskal presoen egoera salatzeko, Pariseko Assises-etako epaitegian hiru euskal militante 20 urteko zigorraren mehatxupean daudelarik. Ipar Euskal Herriko auzapez askok, ez bada gehienek, sostengatzen dute aldarrikapena eta manifestaldia. Erraldoia izanen da, diputatu eta senatariek ere sostengatzen dute. Parisek ez badu deus egiten, mezu oso ezezkorra igorriko die herritarrei. Alegia, herritarrek ez dutela inongo eraginik agintean daudenengan. Hau arriskutsua da, erabaki politikoak agintean daudenen artean hartzen badituzte soilik, egun batez herritarrek agintea berreskuratzeko erabakia har lezakete. Hortaz ere prefetak gogoeta egin lezake, telefonoa hartu eta Parisera deitu. Proposamen demokratikoaz hitz egiteko. Demokrazian herritarrek diotenak ere bere garrantzia baitu!