IKUSMIRA
IKUSMIRA

Eskuin muturrari aurre egiteko, ezkerreko politikak

Igandeko hauteskundeetako emaitzek azken urteetan agerian zegoena berretsi dute, Europar Batasunaren herstura-politikek eragin duten arbuioa eskuin muturreko erakundeek kapitalizatu dutela hainbat herrialdetan. Horren adibide, Estatu frantsesean Fronte Nazionalak lortutako garaipen kezkagarri bezain aurreikusia da. Politika horiek guztiaren -batez ere gizartearen- gainetik lehenetsi dituzten alderdiek erraztu egin dute erakunde populista eta xenofobo horiek nabarmendu izana, hein batean horien diskurtsoa bereganatu baitute. Eta hala jokatu dutenak ez dira eskuin tradizionaleko alderdiak bakarrik. Berriro ere Estatu frantsesera eginda, hango Alderdi Sozialista ere horren adibide da. Ezkerreko proposamenak, troikaren politiken aurkakoak, aurrera ateratzeko gauza ez izateaz gain, diskurtso xenofoboa elikatu izan du. Udal hauteskundeetan ohartarazpen serioa jaso zuen, eta bere norabidea zuzentzen ahalegindu beharrean, eskuinera, eskuinerago, biratu zen, Manuel Valls lehen ministro izendatuta.

Hala ere, EBren politiken aurkako jarrerak ezkerreko indar batzuetan ere izan du isla, Syriza greziarraren edo Sinn Fein irlandarraren garaipen ikusgarriak lekuko. Horien ibilbideak baliagarria izan beharko luke ezker europarrak egin behar duen hausnarketarako. Ezkerrak ezin baitio eskuinari, are gutxiago eskuin muturrari, aurre egin eskuineko politikak ezarriz edo onartuz.