Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Garaipen ikaragarria

Modiren karrera politiko osoa RSS erakunde paramilitarraren gerizpean gauzatu da, eta hori ez da lasaigarria gertatzen Indiako panorama erlijioso eta etniko ezin konplexuagoa aintzakotzat hartzen denean

Etxeko edota ingurumarietako hauteskundeekin entretenituegi genbiltzalako izango zen beharbada, baina gure artean ez zaie apenas kasurik egin arestian -urrutixeago, egia da- egin diren bozketa batzuei eta horien emaitzetatik erator litekeenari. Egunkari hau izan da salbuespen bakanetakoa Narendra Modi-k Indiako hauteskundeetan lortu duen garaipen ikaragarria albiste indiferenteen txoko galdutik ateratzerakoan. Ez da inondik ere gehiegizkoa izango, hala ere, ponposoki «munduko demokrazia handiena» deitu ohi denean jazotakoa gehixeago hizpidera ekartzea.

BJPko hautagai N. Modi-ren garaipena ikaragarria izan baita, adjektibo honek euskaraz dituen bi adiera nagusienetan. Garaipen handia, erraldoia izan da, alde batetik: iragan legegintzaldian bere alderdiak zituen 116 eserlekuak bikoiztu baino gehiago egin ditu, 282 lortu eta NDAn aliatu dituenenekin 336raino iritsiz. Edonola ere, gehiengo osoa eta zabala du Lok Sabha-n aliatu horiek gabe ere, Indiako politikagintzan batere ohikoa izan ez den eran (baina hango hauteskunde sistemak hori zilegitzen du, botoen herena baino gutxiago lortu arren), eta gutxitan bezalako erosotasuna eman behar lioke egoera horrek jada eskuratu duen lehen ministro lanbidean.

Zergatiak, jakina, hautagai nazionalistaren tasunetan adina, orain arte agintean izan den Kongresuaren Alderdiaren ezintasun eta hutsegiteetan kausitu behar dira: krisiak bere faktura politikoa pasatu du han ere eta Rahul Gandhi oraindik oso berde dago bere herrikideentzat sinesgarri izateko. Emaitzen mapak, bestalde, BJPren erabateko nagusitasuna erakusten du Indiako ipar-mendebal-erdialde oso-osoan, uhartetxo batzuetan salbu. Eta nagusi ez deneko hego-ekialdean, lekuan lekuko alderdiek menderatzen dute, ez gandhitarren INCk. Panorama honek noiz arte iraun dezakeen jakitea da kontua orain.

Baina Modiren garaipena ikaragarria da, baita adiera etimologikoan ere; beldurgarria ere badelako. Haren arrakasta erraldoiaren ondoren, Mendebaldeko hedabide gehienek nahiago izango dute Modik orain arte Gujarateko estatuaren agintean erakutsi dituen joera liberalizatzaileak (bussines friendly) India osora hedatzeak erakarriko omen dituen «onurak» azpimarratzea... orain arte INCk egin duen politika oso bestelakoa izan balitz bezala. Aldiz, inork ez du gogora ekarri nahi izan Modik ia hamar urtez Ameriketako Estatu Batuetara sartzea debekatuta izan duela, 2002ko Gujarateko sarraskietan jokatu bide zuen (eta inoiz konplituki argitu ez den) paper ilunagatik.

Joanak joan, ezbairik gabekoa da alderdi nazionalista hinduaren buruzagi nazionalistenetakoa dela Modi. Garai bateko Vajpayee edota Advani bera epeltzat uzteko modukoa. Modiren karrera politiko osoa RSS erakunde paramilitarraren gerizpean gauzatu da, eta hori ez da lasaigarria gertatzen Indiako panorama erlijioso eta etniko ezin konplexuagoa aintzakotzat hartzen denean. Seguruenera, bera ez da bazterrak sutan ipintzen hasiko, baina hori egin dezaketenak ez dira inoiz faltako Indian eta ingurumarietan... Eta orduan, Modiren erreakzioak erabakigarriak izanen dira.