Aimar ETXEBERRIA
EKAINAK 8: ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDEKO GIZA KATEA

Jaialdiak egingo dituzte bost herritan giza katearen ostean

Datorren ekainaren 8a «ospakizun eguna» izango dela adierazi dute Gure Esku Dago dinamikako antolatzaileek eta, hori dela-eta, jaialdiak antolatu dituzte Iruñean, Etxarrin, Lazkaon, Bergaran eta Durangon, giza katea amaitu osterako. Egitasmoa azken txanpan sartu dela-eta, jendeari metroak erosten jarraitzeko deia egin zioten, baita autobusetan izena ematekoa ere, horiek izango baitute lehentasun osoa. Ekimena «jada arrakastatsua» dela azpimarratu dute.

Atzera-kontuan sartu da datorren ekainaren 8an Durangotik eta Iruñerako tartea erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenez beteko duen giza katea. Aipatu kateari hasiera emango zaion puntuan izan ziren atzo Gure Esku Dago ekimeneko kideak, Durangoko Landako gunean. Bertan ekimenaren gaineko xehetasunak eman zituzten, datu teknikoak, batez ere. Anjel Oiarbide eta Zelai Nikolas erabakitze eskubidearen aldeko dinamikaren bozeramaileek hartu zuten hitza, lehenak euskaraz.

Ekainaren 8a erabakitzeko eskubidearen aldeko ospakizun eguna izango dela adierazi zuen, oinarri jakin batekin, ordea: «Herri bat garelako, herritarren garaia delako eta erabakitzeko eskubidea daukagulako». Aldarrikapen hori oso modu sinplean adieraziko dute, eskuz esku, kilometroz kilometro.

Euren eskaera «aurrepolitikoa» dela gogoraraziko dute berriro ere giza katearekin; herritarrei erabakitzeko ahalmena aitortzea dela, hain zuzen, «demokraziaren oinarria». Zentzu horretan, eskubide hori gauzatu nahi dutela aldarrikatuko dute, eta, horretarako, guztien laguntza beharko dutela gaineratu zuten, «mota guztietako ahalik eta herritar gehienena». «Zenbat eta esku desberdin gehiago lotu, zenbat eta erosoago sentitu, orduan eta eraginkorragoa izango delako bidea; orduan eta leunagoa», argudiatu zuten.

«Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu, herritarron garaia da» izango da giza katearen leloa, eta berau errespetatzeko eskatu dute antolatzaileek. 123 kilometro izango dira orotara giza kateak hartuko dituenak, eta hausturarik gabeko katea osatzea da Gure Esku Dago dinamikako kideen helburua. Hori dela eta, berebiziko garrantzia ematen diote kilometro guztiak jendez betetzeari, eta horregatik eskatu dute ekainaren 8an bakoitza aurrez hartutako kilometroan izateko konpromisoa. «Berriz eskatzen dugu bakoitza egokitu zaion lekura joateko, hori baita arrakastaren gakoa», adierazi zuten.

Irizpideak eta gomendioak

Baina atzokoa, batez ere, ekainaren 8ko giza kateari begirako irizpideak eta gomendioak emateko agerraldia izan zen. Hala, hainbat irizpideren berri eman zuten, bai maila orokorrean, bai eta egunari begira ere. Maila orokorrean, ezinbestekotzat jo zuten giza katean parte hartu behar duen pertsona orok bere metroa eskuratuta izatea.

Metroa eskuratzearekin batera, autobusean izena emateko deia egin dute antolatzaileek eta argi utzi dute «lehentasun osoa» izango dutela autobusek.

«Garraio modurik erraz, eroso eta egokiena izango da», adierazi dute. Eta azken irizpide orokorra: Gure Esku Dago-ren kamiseta soinean eramatera deitu dute dinamikako arduradunek.

Ekainaren 8ari begira jarrita, hainbat oharren berri eman du antolakuntza taldeak. Esan bezala, autobusek lehentasuna izango dutela azpimarratu dute, garaiz iristeko deia egin dute (10.00etarako), antolakuntzako arduradunei kasu egiteko eskatu dute eta errepidearen ezkerraldean jarriko direla jakinarazi dute. Era berean, segurtasun arauak errespetatu eta ingurua zaintzeko eskatu dute. Behin giza katea amaituta, era «ordenatuan» joateko gomendioa ere egin dute, eta bost herritan egingo diren jaialdietan parte hartzera animatu dute jendea. Iruñean, Etxarrin, Lazkaon, Bergaran eta Durangon izango dira jaialdiak, eta egun pasa «polita» egiteko aukera izango da guztietan.

Hainbat aholku ere eman zituzten: arropa erosoarekin joatea, jana eta edana eramatea, aulkiak eramatea, telefonoa kargatuta eramatea... Beste munduko gomendiorik ez, baina beti ere aintzat hartzekoak direnak, ekimena behar bezala eta era seguruan gauzatuko dela bermatzeko.

«Arrakastatsua jada»

Atzo ez zuten ekainaren 8ko giza katerako dagoeneko izena eman duten pertsona kopurua ezagutarazi. Hori aste honen amaierarako utziko dutela iragarri zuen Oiarbidek. Edonola ere, gauza bat argi utzi nahi izan zuen: «Ekimena arrakastatsua da jada». Arrazoi jakin bat eman zuen horretarako: sentsibilitate ezberdineko jendea elkarrekin lanean jartzea lortu dute, norabide berean, erabakitzeko eskubidearen alde.

Hala ere, Durango eta Iruñea artean dauden 123 kilometroak bete behar direla nabarmendu zuen; hau da, distantzia hau, eskuz esku eta hutsunerik gabe, bete behar dela. Helburua lortzeko, 50.000 pertsona behar dituzte. Duela bi hilabete Bilboko La Casilla pabiloian egin zuten agerraldian eman zuten datuaren arabera, 22.000 pertsonak eskuratua zuten orduan giza katean parte hartzeko beharrezkoa den metroa. Erdia egina zuten, beraz, duela bi hilabete.

Hala eta guztiz ere, herrietako lantaldeek jo eta su jarraitu dute lanean, eta hala jarraituko dute falta diren egun hauetan ere. Alde horretatik, aipatzekoa da larunbat honetan Ipar Euskal Herrian egingo duten giza katea. Hendaia, Sara, Baigorri eta Larrain artean egingo dute ekimena, 11.30etik 12.00etara.