Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Lesakako I. Arte eta Artisautza Azokak etorkizunerako sustraiak eman nahi ditu

Bidasoako artistak eta artisauak bilduko dituen azoka egingo dute bihar Lesakan, lehen aldiz. Ekimenari jendea gehitzen joan zaio pixkanaka; literaturari eskainitako txoko batean herriko idazleak izango dira euren lanak saltzen, argazkilariek ere erakusketa propioa egin dute eta larunbatean zehar, goizetik gauera, festa izango da herrian musika eta guzti.

Bihotzkada Kolektiboaren ekimenez, Lesakan lehenengoz arte eta artisautza azoka izango dute bihar. Nahiz eta lehenengo edizioa izango den, kontaezinak dira parte hartuko duten Bidasoako sortzaileak. Artistak bakarrik ia 50 bilduko dira, azken zenbaketaren arabera, eta kaleko postuetan ere diziplina ugari lantzen duten artisauak izango dira beren produktuak saltzen. Feriak arrakasta izango duela aurreikusten dute antolatzaileek eta aurrerantzean bide beretik jarraituz azoka antolatzen jarraitu nahi dute.

«Jendea gehitzen joan zaigu zerrenda osatu eta gero. Azken kontaketan 47 artista ziren margolari eta eskultoreak zenbatuta», kontatu zigun Juan Carlos Pikabea antolakuntzako kide eta artista. Harriondoa Lesakako kultur etxean harrapatu genuen koadroak zintzilikatzen eta gainerako artelanak zegozkien lekuan jartzen. «Bihotzkada Kolektiboak antolatutako festa bat da. Nigana gerturatu ziren ni margolaria naizelako. Bidasoa aldeko artisten inguruan duela 18 urte egin genuen erakusketa bat berreskuratu nahi dugu, garai hartan parte hartu zuten artistak kontuan hartuz baina baita gaur egun dagoen jende guztia gehituz. Horrela, oso erakusketa anitza atera zaigu», aipatu zuen.

Duela 18 urte egun dauden artista ugari falta ziren, eta biharko erakusketan garai hartako artista batzuk falta dira. Zendu diren artista horiei omenaldi txiki bat egingo diete aipamen baten bidez eta horien artelan bana ere erakutsiz. Zerrenda horretan daude Javier Ciga, Menchu Gal, Elias Garralda, Kepa Arizmendi eta Juan Larramendi. «Larramendiren obrarik ezin izan dugu ekarri aseguruarekin arazoak izan ditugulako», esan zuen Pikabeak.

Gainerako artisten artean badira sona handiagoa dutenak eta pixkanaka artearen munduan txoko bat egiten ari direnak. Horra zerrenda oparo horretan aurki ditzakegun zenbait izen: Javier Sagarzazu, Tomas Sobrino, Carmen Maura, Nestor Basterretxea, Santxotena, Teresa Fagoaga eta Maite Gaztelumendi. Horiekin batera Lesakako, Berroetako, Berako, Etxalarko, Irungo, Baztango eta Arizkungo artista gazte ugariren lanak ikusi ahal izango dira. «Batzuek tapizak egiten dituzte, beste batzuek komikiak, beste batzuek abstrakzioa eta badaude hizkuntza klasikoagoa dutenak ere», azaldu zigun Pikabeak, eta «Bidasoa txikia bada ere, ikusten da emankorra dela. Eta gehienbat, Baztan eta Bortziriak. Guztira 16.000 biztanle gara baina, hara!», gehitu zuen harro.

Sekulako ilusioaz sortu dute azoka hau, lagun artean lana eginez, eta etorkizunera begira ekimena sustraitu dadin. «17 urte nituenean nire lehenengo erakusketa antolatu nuen Lesakan. Harrezkeroztik ez dut deus egin hemen, ez genuen lekurik. 33 urte pasatu dira jada. Kultur etxea eta eliza uztartuz eta Herriko Etxea inplikatuz paretak estali eta pintatu egin ditugu denen artean. Espero dugu honekin herriari bultzada pixka bat ematea», esan zuen iragana gogora ekarrita.

Erakusketa baino gehiago

Ekainaren 29ra arte zabalik izango den erakusketaren inaugurazioa festa handia izango da. 10.00etan, Bihotzkada Kolektiboak manifestu bat irakurriko du eta gero txalaparta joko dute. Horrekin batera, artisauen azoka zabalduko da, baita Lesakako argazkilarien erakusketa ere herriko alondegian. «Liburu-txoko bat ere zabalduko dugu, non herriko idazleek euren liburuak salduko dituzten. Besteak beste, Estitxu Arozena, Xabier Silbeira, Francisco Javier Irazoki, Jon Andueza eta Mikel Tabernak», azpimarratu zuen Pikabeak.

10.30ean, Bidasoa aldeko pintore eta eskultoreen erakusketa zabalduko dute Harriondo kultur etxean. Ordu erdi beranduago, udal arkupeetan haurrentzako pintura tailerra jarriko dute martxan (umeek margoak eta papera eramatea eskatu dute). Goizean zehar, gainera, muralak pintatuko dira plaza inguruan.

Goiz partea ondo girotu ostean, 14.00etan, bazkaltzeko atsedena egingo dute. Etxera joateko gogorik ez duenak Arrano tabernan jan ahal izango du otordua bost euroren truke. Arratsaldeko lauretan helduko diote festari berriro plaza zaharrean. 17.00etan, olerkiak irakurriko dituzte eta, 18.00etan, Tantirumairu dantzariek emanaldia eskainiko dute. Iluntzeko zortzietan, berriz, Zubietako joaldunak izango dira zalapartaka azokari itxiera emateko. Egun osoan zehar, gainera, kale animazioa izango da txistulari, bertsolari, batukada, kantautore, abesbatza, klown eta malabaristekin. 21.30etik aurrera, Fiemo eta Las txikas del Albal taldeek kontzertua eskainiko dute.