Maider IANTZI
HEZKUNTZAREN JAIAK BIZKAIAN | BI HITZHORDU, ERRONKA KOMUNAK

Euskararen pultsua, taupa-taupa «Urdaibaiko Bihozferan»

Euskal Eskola Publikoaren jaiak eta Ibilaldiak bat egin zuten atzo Bizkaian, 65 kilometroko distantziarekin, hauteskunde europarrekin bat ez egiteko herrialdeko Ikastolen Federazioak ikastolen jaia astebete atzeratzea erabaki ondoren. Bi hitzorduek, hori bai, bat egin zuten bi ideia azpimarratzerako orduan: indarrean dagoen LOMCE legeak iraganera eramaten gaitu eta Euskal Herriak hezkuntza propioa behar du.

Seber Altube ikastolako lagunek urte osoan egindako lana egun lainotsu batean bukatu zen, baina balorazioan aho betez erran zuten hodeien gainetik kontent zeudela eta elkarrekin aurrera eginen dutela, Ibilaldiak emandako indarraren ondotik, «Euskararen Bihozfera» egunero zainduz. Eskualde osoko ikasleak hartzen dituen Gernika-Lumoko ikastetxeak Bilboko Harrobiari pasatu zion lekukoa.

Euskaltzalez bete ziren goizean goizetik Gernika-Lumoko kaleak, eta piztu egin zen «Euskararen Bihozfera». Lehen orduetan, lainoa eta euria tarteko, pixka bat kosta zitzaion jendeari berotzea, baina erlojuaren orratzek aurrera egin ahala, jaian sartzen joan ziren Euskal Herriko txoko ugaritatik etorritako lagunak. Adin guztietakoak, baina bereziki haurrak dituzten familiak.

Ibilbidea Forura ere iritsi zen, Urdaibaiko biosferan bete-betean sartuz. Antolatzaileek azaldu zuten testigua hartu zutenetik zekitela erronka handia zutela, izan ere, Seber Altube ikastola txikia eta herrikoia da, baina eskualde osoko ikasleak hartzen ditu eta, horregatik, ikastolen aldeko jaia Urdaibaiko biztanle guztiena izatea nahi zuten. Egunaren amaieran, betetzat eman zituzten helburuak, eta harro baieztatu zuten Urdaibaik primeran erantzun zuela, zailtasun guztiei aurre eginez.

Datu batzuk nabarmendu zituen Roberto Arteagabeitia zuzendariak: 1.300 boluntariok lan egin zuten atzo dena ongi atera zedin. Horiez gain, 140 lagun ibili dira urte osoan Ibilaldiari laguntzeko ekintzetan eta eskualdeko herrietan ehun kultur ekitalditik gora egin dira asteburuetan.

36. Ibilaldirako aukeratutako lemarekin, «Euskararen Bihozfera», aniztasunari eta ingurumenari keinu egin zioten. Eta hasierako ekitaldian, Europako Hirien Parkean, biosfera honetako landarerik ospetsuenaren kimu bat landatu zuten, Gernikako Arbolarena.

Bertan izan ziren eskualdeko udalerrietako alkate eta ordezkariak, instituzio eta elkarteetako kideekin batera. Ehun pertsona zeuden gonbidatuta, eta 150 lagunetik gora agertu ziren. Han zeuden, besteak beste, ikastolako lehendakari Nagore Iturbe, Andres Urrutia euskaltzainburua, Lakuako Gobernuko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen lehendakaria, Ibilaldiaren antolakuntzan jardun duten ikasle, irakasle, guraso eta boluntarioekin batera.

«1966an sortu zen Seber Altube ikastola. Zazpi-zortzi ikaslerekin hasi eta, egun, ia 700 ikasle dauzkagu. Erraz esaten da, baina 2016an 50 urte beteko ditugu eta batzen dugun dirua ikastola berritzeko erabiliko dugu», adierazi zuen Iturbek.

Tellituk, bestalde, «Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema eraiki» behar dela aldarrikatu zuen, eta, horretarako, hezkuntza gaietako gaitasun normatiboak muturreraino garatzea proposatu zuen barakaldarrak: «Hori, gaur egun, Euskal Hezkuntza Legea da. Hezkuntza sistema osoa arautzen duen legea. LOMCE ez aplikatzeko ezinbesteko tresna, eraginkorrena, hezkuntza sistema propio bat eraikitzea da».

Ekitaldiaren ondoko zirkuituaren irekiera hunkigarria izan zen. Lehena eta oraina uztartuz, ikastolako lehen promozioko bi ikaslek eta gaurko ikaslerik gazteenak moztu zuten zinta.

Jarraian, Ibilaldiaren ohiturari jarraituz, omenaldia egin zuten. Euskalkiak, azpieuskalkiak eta herri hizkerak landu eta gizarteratu dituzten zazpi talde-erakunderi egin zieten aitortza Zimela jatetxean. Denak aipatu ezin zituztenez, honakoak hautatu zituzten ordezkari: Badihardugu eta Ahotsak proiektua, Bostak Bat, Euskal Kultur Erakundea, Euskaltzaindia, Labayru, Mendebalde Kultur Alkartea eta Sü Azia.

Juan Luis Goikoetxea Bostak Bat elkarteko kideak hartu zuen hitza, eta, eguzki-sistemaren metafora erabiliz, hitzaldi polita josi zuen Adorez Hiztegiak egiten dituen taldeko ordezkariak. 1968an euskara batua onartu zenean, euskaldunek hau eguzkia zela eta euskalkiak planetak zirela pentsatu zutela aipatu zuen; hau da, argitasuna hartu baino egiten ez duten zeruko gorputzak zirela euskalkiak. «Baina ibilian ohartu gara edo ikasi dugu euskalkiak planeta baino izar direla, hots, argia ematen dutela eguzkiaren antzera».

Autobus eta trenak lepo

Beteta zetozen Gernika-Lumora autobusak eta trenak. Adibidez, Zornotzatik. «Bagoaz!» zioten pozarren haurrek. «Ez du euririk egingo», kuadrillarekin zihoan nerabeak. Euri tantek kristalean tok-tok eginez ohartarazi nahi zioten hor zeudela eta lagunek ere kontra egiten zioten: «Arratsaldeko bostak arte euria egingo du. Eguraldia begiratu dut». Gazteak berearekin segitzen zuen, ordea, egunarekin ametsetan.

Izan ere, bestaren lehendabiziko agertokiak dira autobusak eta trenak. Ernatzeko, aurreneko txantxekin barrez lehertzeko, planak egiteko... «Gaur mutil honekin liatuko zara», ziurtatu zion lagun batek bertzeari aurpegia gorrituaraziz.

Lau gunetan banatuta, kontzertuak, animazioa, herri kirolak, jana eta edana, haurrentzako jolasak... hainbat ekintza izan zen egun osoan bisitarien gozagarri. Zirkuituan zebiltzan, adibidez, Azpeitiko Skandalue taldeko Felipe eta kideak, anplifikadoreak eta haizezko instrumentuak baliatuta ska doinuak zabaltzen.

Begoña, Aintzane eta Asun, aldiz, txikitako lagunak dira, bat Bilbokoa, bertzea Zallakoa eta hirugarrena Gernika-Lumo bertakoa. Elkarrekin ikasi zuten Zallako eskolan eta urte aunitz igaro arren, noizean behin planak egiten dituzte. Atzo aitzakia ezin hobea zuten Ibilaldian elkartzeko. Goizean ailegatu, eta ibilbidea osatzeari ekin zioten. «Bidean zerbait jan eta ogi goxoa erosi dugu», zioten irriz.

Euria gelditu eta eguzki izpi batzuk agertzean «bildu, bildu aterkia, euririk ez erakartzeko!» eskatzen ziguten aterkia eskuetan ikustean. Ibilbidean aurrera eginez gainezka ikusi genuen, adibidez, hirugarren gunea, Pasealekua. Guraso ilara zegoen horman jarrita seme-alabei jaten ematen, joaldunak adarra joz eta hartza atzetik segika zutela ondotik igarotzen ziren bitartean. Plaza betean, Larrabetzuko Lekue aizkoran ari zen jo eta su. Bukatzean, Salba eta Bingen kideei pasatu behar zien lekukoa eskua emanez, hauek txokorrarekin saioa jarraitzeko. Baina Salbak halako presa zuen lanari ekiteko, Lekuek eskua luzatu aurretik hasi zela...

Bertze gune batean haurrentzako eskaintza zabala zegoen, zelai bat puzgarriz josita. Han zegoen Alaitz lekeitiarra, burrunbaren erdian saltoka zebiltzan seme-alabei kaso egiten.

Handik hurbil, Jabitxu ikastolako gurasoa eta kuadrilla 500 paella plater prestatzen zebiltzan umore onean. Baieztatzen zutenez, paellarekin ari ziren, baina bertze edozein janari ere kozinatuko lukete, sukaldari abilak baitira.

Leher eginda etxera bueltatzerakoan, autobusak bestaren azken agertokiak dira, zehazki amestutakoa ez baina oroimenean gordetzeko modukoa den eguna errepasatzeko lekuak.

Busturialdeko hizkera sustatzeko proiektua

«Euskararen Bihozfera» leloarekin aniztasuna aldarrikatu nahi izan dute, baita azpieuskalkiena ere. Joserra Diez gurasoarena izan zen ideia. Ibilaldiaren erronka, ikastola atontzeaz gain, euskara berpiztea zela ikusten zuen Diezek eta jaiaren aitzakian produktu bat ekoiztea bururatu zitzaion, Busturialdeko hizkeren aberastasunari balioa emateko. Gotzon Aurrekoetxea irakaslearen zuzendaritzapean gaiaren inguruko tesia egiten ari den Ariane Insunza herritarraren laguntza izan dute arlo teorikorako; praktika, berriz, Jon Andoni Uriarte irakasleak landu du. Unitate didaktiko bat sortu dute, baita liburuki bat eta webgune bat ere. M.I.