GARA DONOSTIA

Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala kultur ondasun izendatu dute

Lakuako Gobernu Kontseiluak Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala kultur ondasun (monumentu-multzo kategoriarekin) kalifikatzen duen dekretua onartu zuen atzo.

Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturalak Toloñoko mendilerroa du iparrean muga, eta Ebro ibaia hegoaldean. Paisaia homogeneo horretan, honako udalerri hauek biltzen dira osotasunean: Bastida, Bilar, Kripan, Ekora, Eltziego, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Mañueta, Moreda, Navaridas, Oion, Samaniego eta Villabuena.

Paisaia honetan askotariko elementu motak ikusten dira, eta horrela gertatzen da haien izaera legalarekin ere. Horrela, kalifikatutako eta inbentariaturiko elementu arkitektonikoak aurki daitezke, banakako babes espedientea dutenak, baina inolako babesik ez zuten elementuak ere badira. Hala, Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala kultur ondasun izendatzearen helburua aurretik zeuden babes erregimenak bateratzea eta elementu berrien babesarekin osatzea da, eta, era berean, babesik ez zuten esparruak bermatzea.

Kultur ondasunaren kalifikazioak garrantzi berezikotzat jotzen dituenen eta aurretiaz babes erregimena dutenen artean, honako hauek daude: Kalifikatutako Kultur Ondasunen Erregistroan dauden kultur ondasunak; Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Nagusian izendatuta dauden ondasunak eta Arabako Errioxako Eremu Ustez Arkeologikoak. Elementu hauek guztiek euren deklarazioek jasotzen dituzten babes maila izango dute.

Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturala kalifikazioa onartu arte babesik ez zuten elementuen artean, garrantzi berezikotzat jotzen dira honako hauek: txabolak, etxetxoak edo mahastiak zaintzeko eraikintxoak; haitzean egindako dolareak; terrazak eta laborantza alorrak; eta ondare materiagabea, hala nola Judasen erreketa, Los Marchos festa, El Cachimorro pertsonaia eta Bastidako artzainak.

Gizakiak arrastoa utzi du kultur ondasun izendatutako paisaia honetan, askotariko kulturak eta giza adierazpenak ezagutu baitira lur hauetan. Horien artean daude antzinako dolmenak edo orain dela gutxi mahastietako lanari laguntzeko egin diren eraikinak. Elementu horiek guztiek bat egin dute paisaiarekin eta ez dago ingurugiro hori ulertzerik haiek gabe. Hori horrela, erraz ezagutzeko moduko kultura-paisaia eratu da eremu horretan.