Nagore BELASTEGI DONOSTIA

San Adriango koban aurkitutako duela 3.500 urteko zeramikak aurkeztu dituzte

Brontze Aroko bizimodua nolakoa zen ezagutzen lagunduko duten piezak aurkitu dituzte 2008tik hona Zegamako San Adriango tunelean egindako indusketetan. Euskal Herrian ia ez da garai hartako daturik biltzerik izan. Pieza horiei esker badakigu pote handiak egiten zituztela zerealak eta esnea gordetzeko, beraz, nekazariak eta abeltzainak zirela, eta horrek esan nahi du bizimodu sedentarioa zutela. Koba horretan Goi-Paleolitotik Aro Modernora bitarteko gizakiak izan dira.

Aranzadi Zientzia Elkarteak 2008an Zegamako San Adrian koban hasitako indusketen emaitzak eman zituzten ezagutzera atzo goizean Donostian, Aldundiaren jauregian. Uste zuten bertan aurkitutako piezarik baliotsuenak Erdi Arokoak zirela, baina ikertzen jarraitzean konturatu ziren beste maila batean Brontze Aroko zeramika zatiak agertzen hasi zirela. Aurkikuntza hau garrantzitsua da garai hartako dokumentazioa eskasa delako eta gizaki haien bizimoduari buruz ia ez dakigulako ezer ere ez.

«Zeramika gehiena aire librean aurkitzen da, eta berreraikitzea ezinezkoa izaten da, oso kondizio txarretan dagoelako. Kobazuloan oso egoera onean mantendu dira», aipatu zuen Miriam Cubas Aranzadiko ikertzaileak. Jada badakite zeramika zati gehienak pitxar handietatik datozela eta segur aski laboreak eta likidoak gordetzeko erabiltzen zituztela, eta ez kozinatzeko, su aztarnarik ez dagoelako. Begetal aztarnak eta animalia hezurrak aurkitu dituzte, eta ondorioztatu dute gizaki haiek nekazariak eta abeltzainak zirela, beraz, sedentarioak zirela. Hala ere, oraindik ikerketaren bigarren fasea egin behar dute, eta horren ostean informazio gehiago izango dute.

San Adriango kobako indusketak ez dira eten. Gainazalaren azpiko 30 zentimetrotan aurkitu dituzte zeramika zatiak eta orain Aranzadi hurrengo maila aztertzen hasi da, hau da, Goi-Paleolitoari dagokiona (duela 16.000 urte inguru). Bertan ere aurkikuntza garrantzitsuak egitea espero dute. Tunel honetan hainbeste altxor egotearen arrazoia da historiaurretik babeslekua izan dela. Cubasen arabera, aztarnategian Goi-Paleolitotik Aro Modernora bitarteko aztarnak daude eta horiek ikertu ostean kobazulotik pasatutako gizakien ibilbide historikoa osatzea posiblea izango da.

Garazi Lopez de Etxezarreta Diputazioko ordezkariak ere aurkitutako piezak goraipatu zituen. «Ez da ohikoa adituek maneiatzen dituzten tresnak eskuetan izatea, baina aukera hau eman digute. Sei urtean zehar egindako lanen ondorioz lortutako piezek asko esaten digute: Zer jaten zuten, artearekin zein harreman izaten zuten...», Brontze Aroko gizakien bizimodua, azken batean.

Datorren larunbatean ikertzaileentzako saioak egingo dituzte Gipuzkoako Ondarearen Gordailuan, eta aurretik aurkikuntzen berri eman nahi zieten herritarrei.

Milaka urteko zatiak

Ehunka zeramika zati lortu dituzte, eta horiekin hiru edukiontzi mota identifikatzea lortu dute. Horien marrazkiak egin eta Euskadiko Buztingintza Museoko zuzendaria den Blanca Gomez de Segurari erreplikak egiteko eskatu zioten. «Niretzat hunkigarria da jakitea duela milaka urte hasi zirela buztina erretzen. Teknikak aldatu egin dira, baina buztina erretzen jarraitzen dugu. Edukiontzi horiek puskatu egiten dira, baina milaka urte irauten dute zatiek, eta gure historia ezagutzeko balio dute», aipatu zuen zeramikagileak berak egindako pitxarrei ere erreferentzia eginez.

Zegamako alkatea den Edurne Albisuk, berriz, Aranzadiko ikertzaileei udalak eskainitako laguntza azaldu zuen, izan ere, Zegama beti egon da prest euskal ondarea babesten duten lanei bultzada emateko. Era berean, Ioritz Imazek, Partzuergo Orokorreko lehendakariak, euren lurraldean aurkitzen dituzten gauza baliotsuak Partzuergoarekin berarekin konparatu zituen. «Honelako altxorrak Partzuergoko koba batetik atera izana pozgarria da, baina Partzuergoa bera altxor bat da». Azaldu zutenez, historikoki herritarrek euren eskubideak defendatzeko sinatu zuten akordio baten ondorioa da lur banaketa hori. 1430az geroztik Idiazabalek, Segurak, Zerainek eta Zegamak (Gipuzkoa) eta Donemiliagak eta Asparrenak (Araba) osatzen dute Partzuergoa. Albisuk hitza hartu zuen berriro: «Gipuzkoako lehenengo grabatua San Adrian kobakoa da».