A.A. VILLABONA

Transmisioaz egingo dute gogoeta bosgarren «Ahoa Bete Hots» jardunaldietan

Uztailaren 2, 3 eta 4an egingo dira aurtengo «Ahoa Bete Hots» jardunaldiak Mintzolaren egoitzan, Villabonako Subijana etxean, eta transmisioaren garrantziari buruzko gogoeta proposatu dute bosgarren edizio honetarako. «Esan berriz esan» lelopean, «antzerki, bertsolaritza, kantagintza eta ipuingintzaren transmisioaz» arituko dira, hain zuzen. Izan ere, atzo Joxemari Carrere ipuin kontalariak azaldu bezala, «normalean transmisioa nahi gabeko zerbait izaten da. Kantu asko edo istorio asko, ez dakizu nondik, inoiz ikasi gabeak dira, baina badakizkizu».

Ahozko kultur sorkuntzan ari diren diziplina ezberdinetako «aritu eta adituak» izango dira aurten ere gonbidatu. Lehenengo egunean, Mikel Markez musikaria euskal kantagintzaren transmisioaz arituko da eta ondoren Amaia Zubiria kantariak «Kantua entzun; entzuna kanta» mintzaldia eskainiko du. Maika Etxekopar kantari eta antzerkilariak, berriz, Zuberoako kantu transmisioa izango du aztergai. Eguna kantuz bukatzeko, Mikel Markezek emanaldia eskainiko du, euskal kantagintzan mugarri izan diren kantuak ekarriz.

Bigarren egunari ere musikari batek emango dio hasiera. Joseba Tapiak «Belarria soinu» deitutako solasaldia eskainiko du. Ondotik, Jon Sarasua bertsolari eta irakaslea transmisioaren garrantziaz mintzatuko da eta Antton Luku antzerkian zentratuko da, bere «Euskal Kultura?» eta «Libertitzeaz?» liburuetako gaiei tiraka. Goizeko hiru solaskideek mahai-ingurua osatuko dute gero, ahozko generoen transmisioa ardatz hartuta.

Azken egunean, bertsolaritzaren transmisioaz arituko da Xabier Amuriza eta ipuinarenaz Antton Irusta. Miren Artetxek, EHUn ikerketa burutzen ari denak, gazteen hizkuntza erabileran bertsolaritzaren transmisioak duen eragina azalduko du. Bukatzeko, Xabier Amuriza eta Miren Amuriza aita-alabek bertso saioa eskainiko dute.

Izena emateko epea ekainaren 25era arte egongo da zabalik. Matrikula arruntak 70 euro balioko ditu eta deskontuak izango dira bertsozale, antzerkizale, kantuzale edo ipuin-kontalari elkarteetako bazkideentzat, baita ikasle, langabe edo erretiratuentzat ere. Informazio guztia, www.mintzola.com atarian.