Idoia ERASO

Erdi Aroko ohitura kostaldera bueltatu da; Kabalkada zintzarrotsa egingo dute urruñarrek asteburuan

Kabalkada Zintzarrotsa prestatzeko bi urte daramatzate urruñarrek lanean. Ehunka herritar elkarlanean ezarri dituen obra bihar estreinatuko da, 20.30ean, eta azken emanaldia ekainaren 15ean eginen da, 17.00etan. Hazia eta Berttoli elkarteek bultzatu dute antzerki herrikoia.

Dantza, kantua, antzerkia eta irria elkartuko ditu Urruñako Kabalkada Zintzarrotsak. Erdi Arotik senar-emazteen gatazkak, herritar bekatariak eta gisako kontuak denen aitzinean salatzeko baliatzen zen antzerki herrikoia garai modernoetara egokitu da. Bestaberriko pertsonaiak agertuko dira egungo gizartean kezka sortzen duten gaiak jorratuz. Barre egitea da helburuetako bat, gidoiaren idazle Joseba Aurkenerenak azaldu duen legez: «Nik uste horrelako momentuen beharra badugula, euskaraz elkartuz. Baita geure buruaz irri egiteko ere».

Antzezlaneko hitzak Gerard Urrutia eta Aurkenerenak elkarrekin idatzi dituzte, Pantzo Hirigarairen aholkularitzapean. Herritarren ikuspegia ematea eta biztanleen arteko loturak sakontzea bilatzen du gaur egun Zintzarrotsak.

Epaiketaren formatua hartzen duen Kabalkada lau agerralditan banatuko da, hiru gertaldi eta bukaerako deliberoa. «Auzia hiru gairen inguruan eginen da, baina sorpresa atxiki behar da eta ezin da esan zeintzuk izanen diren gaiak; erraten ahal dena da herrikoak barne dituela», azaldu du Gerard Urrutiak. 150 biztanleez gain, herriko bertsolariak ere parte hartzera gomitatuak izan dira. Sustrai Colinak eta Odei Barrosok «aldiro beren ikusmoldea emanen dute», gaineratu du Urrutiak.

Dantzak Zelin Duperouren eskutik heldu dira. Horrela, mota honetako antzerkietan ohikoak diren euskal dantza, bals eta mazurkekin batera, ikusgarrirako espresuki sortua izan den mutxiko bat deskubritzeko parada ere izanen da. Jokalarien artean 70 bat dantzan ariko dira. «Batzuk dantzariak diren arren, gehienak herritar soilak dira eta Kabalkadarako ikasi dute», zehaztu du Duperouk. Doinuak ere espresuki sortuak dira gehienak, Fred Iturriren eskutik, eta kantuak Koxe Mari Ostolazak konposatu ditu.

Taula gainera igoko diren pertsonez gain, herritar anitzek parte hartu dute azken hilabeteotan hain ikusgarriak ez diren beste lanetan: jantziak egiten edo publizitatea saltzen, esaterako. «Hamar pertsonako talde bat elkartu da astero jantziak egiteko, lan handia egin dute, dena eskuz egina izan da. Dena egiteko 10.000 euro behar izan dira», adierazi du koreografoak.

Urruñar andana mobilizatzea lortu dute Kabalkadarekin, baita inguruetako herrietako jendea ere. «Ideia inauterien ondotik heldu zen, duela zortzi urte berpiztu ziren, lehengoak bezala egiten hasi ginen, etxez etxe eta hartzarekin. Ondoren, Kabalkada egitea bururatu zitzaigun», erran du Duperouk. Jatorrian Hazia eta Berttoli elkarteak daude, eta Herriko Etxea eta Euskal Kultur Erakundea inplikatu dituzte.

Herri antzerkia

Europa osoan zehar atzematen ahal den ohitura honek indar handia du Ipar Euskal Herriko barnealdean, tobera edo kabalkada izenarekin ezagutzen da Lapurdi eta Nafarroa Beherean, eta antzekotasun handia hartzen du Zuberoan hain ezaguna den pastoralarekin. Azken hamarkadetan barnealdera mugatzen zen ohitura hau kostaldera hurbildu da Urruñako esperientzia berri honekin. Izan ere, herrian azken kabalkada 1947. urtean egin zen. Ez da aurtengo bakarra, ostera, kostaldeko beste herri batzuetan ere horrelako antzerki herrikoiak egiteko proiektuak abian baitira.

Herri antzerkiak goraldia bizi du. Urruñako Kabalkadaz gain, Irisarri, Baigorri eta Lekornen ere eginen da aurten. Pastoralak ere urte oparoa du, «Petti Buhame» tradizionalarekin batera beste bi ere prestatu baitira 2014rako. Jean-Mixel Bedaxagarrek emakumeak ezarri ditu kantari «Akitaniako Alienor» obra interpretatzeko eta Beñat Achiaryren gidaritzapean Itxaro Bordaren «Gerezien denbora» pastoral hiritarra estreinatuko da ekainaren 29an.