Nagore BELASTEGI

Euskal argazkilariei bultzada emateko nazioarteko jaialdia

Durangon laugarrenez ospatzen den Begira Photo nazioarteko argazki jaialdiak euskal artistei bultzada berezia eman nahi izan die oraingoan. Gaurtik ekainaren 29ra bitartean ospatuko den festibalean, hitzaldiak, tailerrak, proiekzioak eta zortzi erakusketa antolatuko dituzte; horietatik sei euskal argazkilariek prestatutakoak dira, beste bat, berriz, Txileko argazkilari bati eskainitakoa da eta azkena nazioarteko bost profesionalen artean prestatutakoa.

«Pérdida», Rous Boisier. Arte eta Historia museoa.

Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak ditu Rous Boisier atzerriko gonbidatu bakarrak. Film laburrak eta dokumentalak egin izan ditu, baina argazkilaritzan ere ondo moldatzen da. Hainbat erakusketa kolektibo prestatu ditu, eta bere argazkilaritza proiektu berria izango dena garatzen ari den bitartean Durangora etorri da «Pérdida» bilduma erakustera. «Apurka nire ama berbak nahasten hasi zen, gauzak ahazten, bizitzaren zentzua galtzen. Bere barrenean murgildurik zegoela, ulertzen eta zaintzen saiatu nintzen. Agudo egin zuen okerrera», azaltzen du egileak Begira Photok prestatu duen webgunean. Bere amaren gaitzaren isla izan nahi duen irudi sorta bildu ditu: iraganeko erretratuak, oroitzapen txikiak, egun garrantzitsuak... Erakusketa honek norberak sentitutakoa ere adierazten du, euren bien artean sortutako mundu hori aztertzen du.

«Surrounded», Helena Goñi. Tanka diseinu estudioa.

«`Surrounded' hiri handi batera iritsi berriaren bilatze eta aurkitze pertsonala -eta kolektiboa- da», dio Helena Goñi bilbotarrak bere lanaren aurkezpenean. Berak lan honekin adierazi nahi duena zera da, ezagutzen ez dugun leku batera iristean, ezagutzen ditugun leku eta pertsonak gogorarazten dizkiguten txokoak bilatzen ditugula bertan «begiradari atsedena» emateko. Egilearentzat esanahi berezirik ez duen leku bat irudien bidez bere egitea da proiektu honen helburua.

«Ilusioa egiten dit lan hau Begiran aurkezteak jarraitu izan dudan lan bat delako eta espero dut jendeari gustatzea», dio argazkilariak bideo batean. Goñik Arte Ederrak ikasi zituen Leioan eta Erasmus bekari esker Londresen egin zuen hirugarren urtea. Bertan sentitu ahal izan zuen ezezaguna zaigun leku batera iristean dugun ezinegona. Baina ohiturak eroso sentiarazten gaitu berriro, gureak ez diren lekuak gure egiten ditugu denboraren poderioz. Eta halaxe gertatu zaio Goñiri, 2012an Madrilen izan ostean berriro Londresera itzuli baitzen. Egun, bertan bizi da. Bere lana www.helenagoni.com atarian ikus daiteke.

«Ero», Segun Lazkano. Plateruena.

Elorriotik dator hirugarren argazkilari hau. Segun Lazkano 2013ko azaroan zendu zen 54 urte zituela, baina atzean lan oparoa utzi zuen. Tartean «Ero», bere lanik gogorren eta mamitsuena, buruko gaitzak aztertzen dituena. Iparra galduta dabiltzanen erretratuak egin ditu. «`Ero' egoera mentala da, erretratatutako guztiengan ageri den aldartea. Artxibo honetan gizaki bereziak aurkituko dituzu: eguzkiaren epeltasuna zer den ez dakien jendea; oreka galdu eta mugaren beste aldera eroritako trapezistak. Biztanleon bizimodua narrasa da, itxaropenik gabeko basamortu idorrera kondenatu dituzte. Fotografoak, horiei begiratuz, bere mamuak eta beldurrak uxatzen ditu. Eta erretratuak, azken batean, gure alderik ilunenaren ispilu desitxuratzaileak baino ez dira». Plateruena kafe antzokian ikus daitekeen erakusketa «Noctis Labyrinthus» proiektuaren atal bat da.

Bizkaitar hau ere Londresen izan zen. Bertan bi urteko argazkilaritza ikastaroa egin zuen Candem Town Visual Arts College-n. Tarragonara joan zen eta sona handiko profesionalekin ikastaro desberdinak egin ostean, prentsarako irudiak ateratzeari ekin zion zazpi urtetan.

«Cabanga», Godzilla. Herriko Azoka.

«Godzilla» musker erraldoiaren maskara jarrita anonimoa izan nahi duen euskal argazkilaria dugu honakoa. Kale bazterretan, leku ezkutuetan, abandonatutako dendetan bere argazkien kopia erraldoiak itsatsi ohi ditu, Banksy artista britainiarrak bere grafitiak nonahi pintatzen dituen bezala.

Bere lana sona hartzen ari da eta horregatik gonbidatu dute Durangoko jaialdi honetan parte hartzera. «Cabanga» Costa Rican eta Nikaraguan erabiltzen den hitza da, eta malenkonia, nostalgia eta tristura esan nahi du. Hain zuzen ere, sentimendu horien enbaxadore dira erakusketa honetako irudiak. Ikuslea voyeur bat bezala sentitzen da, ikusi behar ez duen zerbait begiratzen ariko balitz bezala. Jendea deseroso sentitzeko gordinkeriaz daude eginak. Godzilla beste argazkilari mota bat zen iraganean, galeriakoa, aldizkarietakoa eta tendentzietakoa. Baina orain malenkoniatsu dago, eta uste du bere oinatzak kalean ikusten dituenak norbere begien antzeko musker odol hotzekoak ikus ditzakeela.

«Erretratuak», hainbat autore. Udaletxeko plaza.

Proposamen polita da honakoa. Leku desberdinetako bost argazkilari elkartu dituzte, euren artean inolako loturarik ez duten arren. Batzen dituen gauza bakarra argazkilaritza da, eta zehazki, erretratugintza. Hala, Adrian Arias (Costa Rica), Rayen Palacios (Txile), Xabi Lumbreras (Donostia), Carolina Panozo (Txile) eta Carlos Avello (Txile) hautatu dituzte Durangoko Udaletxeko plaza irudiz janzteko.

Taldeka egindako erakusketa honetan herritarrek parte hartzeko aukera izango dute. Izan ere, euren irudirik gustukoenak bozkatuko dituzte eta irabazleak Correos zaharreko eraikinaren fatxadan, formatu handian, zintzilikatuko dituzte edonork ikus ditzan. Carolina Panozo, argazkilaria ez ezik, eskultorea eta Arte Plastikoetako irakaslea ere bada. Bere lanak xehetasunez betetakoak dira. Adrian Ariasek, berriz, jendea «ehizatu» egiten du bere kamerarekin; erretratuak ez dira prestatuak. Xabi Lumbrerasek kontratu argazkigintza du gustuko, estudioko irudiak, alegia. Carlos Avellok Arkitektura ikasketak egin zituen eta horregatik maite du hirien irudiak ateratzea, batez ere. Rayen Palaciosek, ordea, publizitaterako argazkiak atera ohi ditu.

«Butterfly days», Bego Anton. Herriko saltokiak.

Gizakiaren eta naturaren arteko amodio eta desamodio harremanak landu ohi ditu Bego Anton bilbotarrak bere proiektuetan. Gizakiarentzat bitxiak diren kolektibo txikiak interesatzen zaizkio bereziki. Bere webgunean (www.begoanton.com) nudisten bizimodua jasotzen du, baita estralurtarrekin harremana izan dutenen testigantzak ere.

Begira Photora ekarri duen bilduma tximeletak gustuko dituzten pertsonen ingurukoa da. Hala, «Butterfly days» lanean jendeaz gain, intsektuak harrapatzeko sareak, tximeletak eta loreak ageri dira. Tximeleta zale hauek zomorroen ohiturak ezagutzen dituzte, latinezko izenak ere bai. Haiei buruzko liburuen bilduma egiten dute, eta haiek behatu ostean katalogatu egiten dituzte. Erakartzeko landareak hazten dituzte eurengandik hurbil izateko eta ez dute ulertzen zergatik batzuek hil egiten dituzten.

«Bosnian déjà vu», Goiuri Aldekoa. Arte eta Historia museoa.

«Bosniara heldu eta txikitako oroitzapenak etorri zitzaizkidan, bat-batean, igarotako denboraren ispilu izango bazen moduan. Hankak bertan jarri nituen orduan déjà vu bat izan nuen», adierazten du Goiuri Aldekoa-Otaolak bere aurkezpen bideoan. Europako hirugarren herrialderik txiroenean zehar egindako bidaiaren begirada eskaintzen digu argazkilari durangarrak bere erakusketan. Bertako familiak ezagutzerakoan Euskal Herriaren iragana eta arbasoen bizimodu gogorra oroitu zituen eta iruditu zitzaion, gainera, bertako inguruneak ere baduela gurearen antza: basoak eta zelaiak, haritzez, pagoez, pinuez eta fruitu arbolez beteak. Kulturan eta erlijioan, aldiz, desberdintasunak sumatu zituen, baina berdintasun gehiago aurkitu zituen bi herrialdeen artean: «Gizakien oinarrizko beharrizanak berdinak dira leku guztietan». Horren adibide dira, esaterako, gerrari buruz entzundakoak, autoekoizpenerako joera, kanpokoari ongietorria emateko era, emakumearen rola, erlijioaren eragina...

Bere herrian ospatzen den jaialdiari buruzko iritzi ona dauka Aldekoak. «Argazkilaritza eta ikus-entzunezkoak gustatzen zaizkion edonorentzat da oso interesgarria Begira Photo Festival, bertan horren inguruko ekintza asko izango direlako».

«Desplazamiento», Garazi Erdiaide. Kalean zehar.

«Desplazamiento» Durangoko Garazi Erdaidek leku desberdinei botatako begirada multzo batek osatzen du. Argazki horiekin kaleak hartuko ditu bakoitza atera zuen lekura itzuliz. Argazkietan oinutsik korrikan ari den neska bat ageri da eta botoia zoriz sakatzerakoan sortutako irudiak dira emaitza, esperimentu bat izango balira bezala. Argazki horiek herriko leku desberdinetan ikusi ahal izango dira, kalean: Santa Ana Arkuan (Pinondo plazan), udaletxean, Alde Zaharrean (Zeharkalean), Musika Eskolan, Ezkurdi plazan, Komentukalean, Kurutzesantu Museoan, Lariz dorrean (Turismo bulegoaren parean), Montevideo etorbidean (Mañaria ibaiaren aurrean) eta Uribarriko Andra Mari basilikan (arkupearen aurrean).