GARA DONOSTIA

Mikel Laboa Katedrak dantza eta ikus-entzunezko sormena diru-laguntzekin sustatuko du

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatutako Mikel Laboa Katedrak arte sormena sustatzeko diru-laguntzak banatzeko deialdi bat egin du. Horiek dantzaren eta ikus-entzunezko artelanen arloko 35 urtetik beherako artistei zuzendutakoak izango dira. Proiektuak aurkezteko epea ekainaren 20an bukatuko da, Katedraren arduradunek iragarri dutenez.

Artista bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu beharko du, curriculumarekin eta proiektua azaltzen duen txosten idatziarekin batera (azkenengo honen luzera ez dute zehaztu, norberak erabaki ahal izango du). Diru-laguntzak proiektuaren arabera esleituko dira, baina hautatutakoek konpromisoa hartuko dute euren sorkuntza lana 2014ko abenduaren 2a baino lehen gauzatzeko. Dantza arlokoei dagokienez, koreografia lana grabaturik aurkeztu beharko dute, eta, horrekin batera, behin betiko txosten idatzia. Ikus-entzunezko artelanen alorrean, berriz, lana bera eginda eskatuko dute emaitza gisa. Proiektuaren originaltasuna eta asmo artistikoa eta -ikus-entzunezko artelanen kasuan- Mikel Laboarekin lotura izatea balioetsiko da. Halaber, artistaren curriculuma ere kontuan izango da. 3.000 euroko diru-laguntza emango da arlo bakoitzean. Lehenengo zatia (1.000 euro) irailaren 16a baino lehen jasoko dute hautatuek. Lana grabaturik aurkeztean gainontzeko 2.000 euroak emango zaizkie.

Proiektuak honako helbide honetara bidali beharko dira: Mikel Laboa Katedra. Carlos Santamaria Zentroa, B2 bulegoa. EHUren Gipuzkoako Campusa. 20018 Donostia.