Idoia ERASO BAIONA
Rechazo a la política carcelaria

Babesa inoizko zabalena da eta hedatzen ari da


«Ni ere banoa» leloarekin ezaguna egin den manifestazioaren antolatzaileak prentsaren aitzinean agertu ziren atzo Baionan. Euskal presoen eta bake prozesuaren alde antolatu den ekimenak bildu duen babesa askotarikoa izan dela eta etengabe handitzen ari dela nabarmendu zuten.

Horren adierazle, agerraldian parte hartu zuten eragileez gain, egun osoan izan ziren deiak. Besteren artean, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak, EH Bilduk, ELAk, Europe Ecologie-Les Verts alderdiak, Eusko Ekintzak eta Herriarekin apaizen kolektiboak babesa eman zioten martxari.

Halako mugimendu batek «inoiz jaso duen sostengurik zabalena» izan duela nabarmendu zuten antolatzaileek. Ipar Euskal Herriko 200 bat hautetsiren babesa jaso dute, besteren artean bost parlamentari, 61 auzapez eta lau herri elkargotako presidente.

Hauekin guztiekin batera, 60 sindikalistek, mugimendu politiko ezberdinetako gazte taldeek, eta Estatu frantsesean ezagunak diren hainbat pertsonak ere erakutsi dute beren babesa, baita Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko lehendakariorde Jean Ziegler-ek ere.

Azken asteetan martxak jaso den babes anitzaren oinarrian dira 23 eragile antolatzaileak. Horren erakusle atzo prentsaren aitzinean agertu ziren NPAko Claude Larrieu, LABeko Dominika Dagerre, Aitzina gazte erakundeko Alex Feldman eta Marie-Ange Thebaud Bokaleko Berdeen zinegotzia.

«Duela bi hilabete hasi ginen elkarrekin urrats batzuk egiteko bake bidean, eta dinamika izugarri handitu da», baieztatu zuen Dagerrek.

EH Bilduri dagokionez, agerraldia egin zuen atzokoan ere, biharko mobilizazio honi bultzada emateko asmoz. «Estatuen itxikeriaren aurrean giza eskubideak, konponbidea eta bakea defendatzeko unea» dela esan zuen.

Arratsaldeko 16.00etan Laugatik abiatuko den manifestazioko hitzaldien ondoren jai giroa izango da nagusi Chao kaian. 20.00etan hasiko dira Zebda talde okzitaniarraren eta DJ Elepuntoren kontzertuak, eta horien aitzin txarangen animazioa izango da.