Ane ARRUTI ORIO
Elkarrizketa
Benito Lertxundi
MUSIKARIA

«Herri honek gauza asko desikasi beharko lituzke zerbait egiten hasteko»

Ez da erraza Benito Lertxundi (Orio, 1942) musikariaren ibilbidea lau lerrotan laburbiltzea. Mende erdi eman du bere gitarrari lotuta, eta Euskal Herriaren soinu banda aberasten segitzen du oraindik ere. 1963an eman zuen bere lehen jendaurreko emanaldia eta 1965ean Ez Dok Amairu mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, «hori nire bataioa izan zen, eta han hartu nuen herri honen kontzientzia», dio. Hori guztia eskertu nahi izan dio Gipuzkoako Diputazioak Urrezko Dominarekin.

«Ez dut inor baino meritu gehiago dudan sentsaziorik», aipatu zuen Benito Lertxundik atzo Donostiako Gipuzkoa plazan egindako ekitaldian. «Sari hauek etortzen direnean, hatsa utzi dudala gizarte honetan pentsatu beharko dut», aitortu zion hiru egun lehenago GARAri, Orion egindako elkarrizketan. Urrezko Dominak bere ibilbide oparoari egiten dio aitortza eta Lertxundik aurretik sarituak izan diren Mikel Laboa eta Nestor Basterretxea ere gogoan izan zituen atzo: «Plazer handia da Domina honen klubean Mikel eta Nestorrekin partaide izatea».

Lehenengo aldiz Diputazioko eraikinaren kanpoaldean izan zen emanaldia eta jende mordoa bildu zen Orioko bardoari eskainitako omenaldira. Martin Garitano diputatu nagusiak azpimarratu zuen moduan, Lertxundik «ahotsa eta gitarra lan tresna moduan erabili ditu Euskal Herria aitortzeko, gure euskara zabaltzeko eta gure herriaren eraikitze lanetan ekarpen gisa».

Atzerriko musikarien bertsioak eginez hasi zenuen zure ibilbidea. Zein zenituen gustuko garai hartan?

60ko hamarkadako hasiera haietan, ni erlojugilea nintzen. Nagusia oso melomanoa zen eta egun batean laute batekin jaitsi zitzaidan etxetik, «ea zer egiten duan honekin». Lehen aldia zen instrumentu bat hartzen nuena eta nire kasa hasi nintzen. Gogoratzen naiz Cliff Richard-en The Shadows taldea gustuko nuela, pop ingelesa, eta asko gustatzen zitzaizkidan Elvis Presleyren baladak. Horiek kantatzen hasi nintzen. Neronek jartzen nien hitza euskaraz. Pixkanaka zaletzen joan, eta bat-batean, gitarra elektrikoa erostea bururatu zitzaidan, nire lehendabizikoa, handi bat, jazzeko jendeak erabiltzen zuena.

Gerora ez zenuen gehiegi erabiliko...

Ez, saldu egin nuen gainera berehala. Anplifikadore bat bazuen, botoi bati eman eta erreberberazio bat egiten zuen oso polita eta haluzinatu egiten nuen. Garai hartan bazen baita onenetakotzat zeukaten mikro bat ere, alde bat zilar kolorekoa eta bestea beltza, AKG horietako bat erosi nuen, edozein tokitan jotzeko modukoa. Orduan joan nintzen Bellas Artes antzokian egiten zen kantari nobelen sariketa batera. 500 parte-hartzaile edo ginen eta orduko «La voz de España» egunkarian agertu zen nire izena letra handitan, espainolez, «Orioko gazte bat, Benito Lertxundi delako bat, perfilatzen da sariketa honen faborito moduan...». Eta horretan ari nintzela, Mikel Laboak deitu zidan. Ez nekien nor zen. Esan zidan Bartzelonan egon zela ikasketak egiten eta han sortu zela halako mugimendu bat katalan kantariekin, eta hemen ikasle batzuek nahi zutela halako bat sortu. Egunkarian jartzen zuen «por primera vez en este certamen canta en vascuence», eta Laboa horrekin fijatu zen. Esan zidan bilera bat egingo zela, garai hartako Kursaal zaharraren sotanoetan, eta joan egin nintzen.

Esan izan duzu bilera surrealista samarrak izan zirela hasierako haiek.

Bai, apaiz bat, txalapartari batzuk... Ni beste zertamen horretan ari nintzen pentsatzen, saria zen Belter etxean diskoa grabatzea eta horren bila nindoan. Bukatu zen bilera, eta ez nion tutik ere antzeman. Baina nola izaten diren gauzak, zerbaitek esaten zidan hurrengo bilera batera ere joan egin behar nuela. Eta hurrengo bileratik ateratzen nintzen berdin, itxura txarra eta dena hartzen nion. Baina baietz esaten nion. Oraindik ez dut konprenitu zergatik. Horregatik askotan esaten dut senak sugeak bezala egiten duela bere bidea, eta gure pentsatzeko moldeetatik harago joaten dela. Ikusten nuen jendea ari zela murrizten, bakar batzuk gelditu ginen eta hor sortu genuen Ez Dok Amairu.

Hor hartu zenuen protesta kantuaren kontzientzia?

Hori nire bataioa izan zen, eta han hartu nuen herri honen kontzientzia. Orioko gazte bat nintzen, ez nuen kontzientzia politikorik, euskaraz kantatzen genuen euskaldunak ginelako eta erdaraz torpeak ginelako. Baina han kontzientzia bat gorpuzten hasi zen, guzti horren zergatia, gure herriaren historia politikoa...

1965ean Ez Dok Amairu sortu, eta 1967an zure lehen EPak iritsi ziren. Kontzientzia horren isla nabari da jada bertan, oraindik ere gogoan ditugun kantuak ageri dira: «Loretxoa», «Zenbat gara»...

Lehengoan 11 urteko neskatila bat hurbildu zitzaidan bere osabarekin eta honek esan zidan: «hau pianoa ikasten ari da eta zure kanta bat jotzen du, `Loretxoa'». Eta hori nire lehenengo kanta izan zen. Ikusten duzu 50 urte beranduago neskatila bat kanta hori ikasten. Kuriosoa da egiten duten bidaia.

Arrakasta izugarria izan zuten, baina ez dizu zer pentsatu ematen 50 urteren ondoren kantu horien hitzek gaurkotasuna mantentzeak?

Orduan bezala gaude zorigaitzez. Pentsatzen dut mende erdi bat zakarrontzira bota dugula, ez delako egon benetako ikuspegi politiko gardenik gutxi batzuenak izan ezik.

Giza katea izan berri dugu pasa den igandean.

Zaila da hitz bitan azaltzea, pedagogia politikoa falta delako herri honetan. Ez dut ikusten inor indibidualki norberetzat daukan zerbaiten etorkizuna joko batean jartzen. Zer da bozkatu? Nik nire etxea, nirea baldin bada, bozkatzen dut ea nirea izango den ala ez? Fribolitate hori ez da posible. Zeurea behin ere ez da sartzen jokoan.

Nola berpiztu herri menperatuen kontzientzia?

Klase politiko egokia dagoenean egunero pedagogia egiten da eta jendeak badaki hori irakurtzen. Gizarte bat barnetik hazten da erreferente asko eta egokiak dituenean inguruan.

Posible ikusten duzu orain beste Ez Dok Amairu bat?

Ez dut uste. Ez dut ikusten kondiziorik horretarako orain behintzat. Alderdi politiko deituriko horiek, dudak ditut alderdi edo elizbarrutiak diren, bere fededun eta burokraziarekin. Ikusten dut jendea ahaztu egiten dela gurea bezalako herri menperatu batean alderdi politikoak sortzen direla tresna bezala helburu nagusia lortzeko, eta iruditzen zait orain helburu nagusiak eurak direla. Herri honek gauza asko desikasi beharko lituzke zerbait egiten hasteko.

Zure kantuen hitzetan agertu izan dituzu kezka horiek, baina beste idazle askoren hitzak ere erabili izan dituzu.

Azkenean beti da nire egitea hitz horiek. Batzuk eman egin dizkidate, beste batzuetan, ezagutzen dituzu zenbait autore. Nik Pessoa oso kuttuna dut. Askotan esan diot neure buruari pentsatzeko eta gauzak begiratzeko moduan zer-nolako antza daukagun. Hau nik idazten ahal nuen, baina berak idatzi du. Neronek idatzitako zerbait baten batek ere esan du Pessoarena izan litekeela...

Zer darabilzu orain esku artean?

Poliki-poliki, hurrengo diskoan sartuko ditudan kantuekin ari naiz, batez ere testuekin. Datorren urtean betetzen dira kantagintzan hasi nintzela 50 urte, baina ni aspaldidanik ez naiz batere ospakizun zalea. Pasatzen utziko dut urtea, eta hurrengo udazkenean edo hasi grabaketekin...

Hitzekin zabiltza orduan. Zer kontatuko dute kantu horiek?

Urteak joan ahala tendentzia dut nire baitan dagoen debatea ere agertzea. Denok badugu ilusiozko «ni» bat, ego bat. Hori arazo askoren iturburua da. Elkarrizketak izaten ditut berekin, denetarik deitzen diot, baina hor dago, eta gainera zu zara bere autorea. Horrelako debateak baditut. Beti harrapatu dut estimuluak sortzen eta proposatzen. Entretenitu egin nahi zaitu beti, bere tornuia behar du, eta zuk ez baduzu zeharka zaintzen, nahi duena egin eta beharrak sortuko dizkizu. Beharrak berez oso gutxi dauzkagu, baina gure «ni» hori dela eta, sortu ditugu beste milaka behar.

Taldean ere haize berria sartzea gustatzen zaizu edo betiko konfiantzazko taldea nahiago?

Denetarik daukat, badago bat ia karrera guztia nirekin egon dena, denborarekin beste belaunaldi bat sartu da, eta orain uste dut 24 urteko gazte bat sartuko dela, bateria jolea. Bateria sartu nahi dut. Beti izan dut zalantza. Beharra beti sentitu dut, baina beldurra ere bai. Taldea handitu egin zait. Talde handia, eta bateriaren soporterik gabe, gero eta gauza bihurriagoa suertatzen zen. 50 urtetan ez badut bateria bat hartu beldurragatik izan da.