Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Sentitu, pentsatu, egin!

Mundua ulertzeko ereduek egiten dute talka. Ahulena tontotzat hartu eta barre egitean oinarritzen den pailazo eredua eta Baluarten ikusi genuena elkarri kontrajarriak dira

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioa zegoen joan den asteazkenean Baluarten. Alaba urduri zegoen sartu ginelarik; ni, ordea, ateratzean, bizitakoa barneratzeko irrikatzen.

GARAk ez nau ikuskizunen kritika arlora pasatu, lasai, ez naiz horretaz ariko. Ideologiaz mintzatzeko asmoa daukat. Althusserrek zioenez, «ni ideologia naiz», esaten ez duen ideologiaz, hots.

Saio ikusgarria, beroa, dibertigarria eta hunkigarria izan zen. Baina hori baino gehiago ere izan zen. Ikasgai ederra eskaini ziguten mundua aldatu nahi dugunoi. Izan ere, jendarte justuago eta askeagoaren alde lan egin daiteke ongi pasatuz eta ongi pasaraziz. Nekez irudikatuko genuke panfletotik urrunago den formularik, pailazoen saioaz pentsatzen badugu. Berriz, zaila da mundua ulertzeko ereduren bat era emankorragoan zabaltzea.

Eman, eutsi, jaso aingura, goazen denok belak zabalik askatasuna abordatzera... Aitor Gorosabel pirataz jantzita, Euskadiko Orkestra, Donostiako Orfeoiko gaztetxoak... Askatasunari kantatzeko ere ederra, zinez! Mundu berri baten asmatzaileez mintzo dira gure pailazoak eta, finean, haiek halaxe agertzen zaizkigu. Mundu berri bat asmatzea, hauxe da erronka, eta ez da makala.

Istvan Meszaros pentsalariak garai aldaketaz hitz egiten du. Beste batzuek zibilizazio aldaketaren ideia erabili dute. Kontzeptu hauek, egitura sozioekonomikoen eraldaketan ez ezik, ideien esparruan ere kokatzen dira, pertzepzio kolektiboetan. Bazter guztietan agertzen zaigun hegemonia, Bourdieuren habitusa, besteen ideologia, Castoriadisen formulazioetatik zabaldutako imajinario kolektiboaren ideia, mentalitatea, kosmogonia, zentzu komuna... Ñabardurak ñabardura eta irizpideen aniztasuna aintzat hartuta, nabarmen agertzen ez den ideologiaz ari gara.

Eta ikasi dugu, dagoeneko, esparru horretan jokatzen direla lehia erabakigarriak. Esplizituki agertzen zaizkigun eztabaidetatik harago, mundua ulertzeko ereduek egiten dute talka. Ahulena tontotzat hartu eta barre egitean oinarritzen den pailazo eredua eta Baluarten ikusi genuena elkarri kontrajarriak dira. Ostikadak ematea errekurtso nagusia bilakatzea, emakumeak objektu gisa aurkeztea, dirua eta kontsumoa goraipatzea, haurrak ergeltzat hartzea, arrosa neskendako, urdina mutikoendako, loreak batzuendako, futbol baloiak besteendako... urrun daude gure pailazoak topiko-tipiko nazkagarri horietatik, zorionez.

Euskal Herriaz ari ziren lehengoan, esparru natural gisa hartuta, inolako panfletorik aipatu gabe. Mundu berriaren asmatze lana bertan eta bertatik egiten ari direlako. Ainguratuta dagoelako garai aldaketa, berritzearen bidetik badator ere.

Williamsen sentipen egiturak etorri zitzaizkidan burura. Pentsalari honek aipatu zituen sentipen egituren arteko lehiak, eta gurean halaxe gertatzen ari da. Sentitzeko erak sentitzeko eren aurrean. Sentipen egitura berriak, berdintasunean, justizian, askatasunean, elkarlanean oinarritutakoak, sentipen egitura zaharrekin lehiatzen direnak.

Gatazka, berriz, besta giroan egiten da, batzuetan. Bertsolari onenekin, musikari trebeekin, kantari gozoekin, dantzan. Sentimenez irabaziz, mundu berria kantuz asmatzen. Leloak ederki dio: sentitu, pentsatu, egin!