Onintza Enbeita
UDATE BETE

Arazoaren muinaz

Tabernako eskailerak jaitsi genituen, eta atea zabaldu orduko ikusi egin nuen. Ez dakit ikusi nuen parean zegoelako edo tabernan jende gutxi zegoelako, edo zerbait eskasaren usaina hartu niolako; ez dakit. Kontua da ikusi nuela. Ikusi nuen zuzen guregana etortzen zezenak zapi gorrira joaten diren moduan. Ez dakit zer esan zidan: ez naiz gogoratzen eta ez dut gogoratu nahi. Buelta eman nuen. Orduan, lagunarengana joan zen. Hark ere haizea hartzera bidali zuen, eta orduan, beste lagunarengana joan zen. Hiru txerritxoena egin genuen, baina hirugarrenak zoritxarrez, ez zuen harrizko etxerik izan babes bila joateko.

Hirugarren neskarekin tematu zen, eta jakina, edozein ezezagun etengabe doanean norbaitengana eta onean zein txarrean bakean uzteko esan arren, bere horretan jarraitzen duenean, momentuak izan dezakeen grazia eskasa galdu egiten du. Ez da atsegina. Ez diogu inori ezetzik esaten guregatik zenbat arkeria egiteko gai den ikusteko. Ezetz esaten badugu da ez dugula nahi. Zergatik? Bada, ez dugulako nahi. Eta kito. Ez daukagu gainera azalpenak eman beharrik: ez, kito, agur.

Baina berak ez zuen ulertu ezetzak hori esan nahi duela. Eta behin eta berriro hurbiltzen zen lagunarengana: aurrez aurre, belarrira, atzetik... eta inori ez zitzaion arraro egiten. Eta gu ginen gaizki pasatzen ari ginen bakarrak. Eta tabernan zeuden besteentzat ligoteo arrunta zen. Eta azkenean, edukazioz eta onean zerbait lortzen saiatu den mutil gixajoa eta neska sorgin bordeen kapitulua errepikatu zen. Eta batzuei grazia egiten zien pertsonaje hori behin eta berriro neskarengan hurbiltzen ikusteak. Eta hantxe zegoen bera, arretan arren, bere paketea konkistatu nahi zuen gorputzaren kontra noiz jarriko. Eta momentu hartan sentitu nituen gauza guztietatik gutxien kezkatzen nauena nazka da.

Nazka normala baita halakoetan. Humanoa da. Kontua da, nazka hori ez dela orokorra. Haren arnasa hurbilegi sentitzen genuenok gu bakarrik ginen. Jendeak bere horretan jarraitu zuen.

Ez da denbora asko gertatu zitzaigula, edo bai. Kasu konkretua, azkena, berrien daukadana, gaur kontatzen saiatzen ari naizena, aurten gertatu da: duela bost egun. Honek, baina, gogora ekarri dizkit beste kasu batzuk. Duela 17 urte gertatu zitzaidan, eta duela 13 ere bai, eta duela 8, eta duela 5, eta duela aspaldi eta duela ez hainbeste, eta iaz eta aurten; eta niri gertatu ez zaidanean, lagunei gertatu zaie, lehengoan gertatu bezala.

Hain zaila da ulertzea norbaitek zurekin ez duela larrutan egin nahi? Ez dakit. Niri askotan gertatu zait, eta hementxe nago. Ezetz esan didatenean ez diot inori muturra txikitu, ez naiz ibili taberna zokoetan titiak inoren bizkarrean apoiatzen, ez dut inor hormaren kontra jarri. Ez duzu nahi? Pena da, baina zer egingo zaio. Jakina, ni neska naiz eta mutilak izan dira ezetz esan didatenak.

Alderantziz denean asko aldatzen dira gauzak. Zergatik? Arazoa estrukturala delako? Urte gehiegi egin ditugulako menpeko? Sistema heterozentrista patriarkalean bizi garelako? «Joe, Onin, ez hasi berriz rollo feministarekin; jaietan gaude. Atera beste garagardo bat». Bai, jaietan gaude, baina guk arazoaren muinera joan nahi ez dugun bitartean nazkagarri kuadrilla handi bat dago kalean gu, gure ahizpak, amak, alabak, izebak, lagunak eta lehengusinak izorratzen.