UDATE BETE | Bizibizikiren proposamena: Izarraitz

Ariketa eta natura Izarraitz gailurrean

Euskaldunon artean mendizaletasuna oso zabaldua dagoen arren, badago jende mordoa oraindik ohiturarik gabekoa edota hasiberria dena. Beraz, aste honetan Bizibizikiren txokoan, gure inguruko paraje natural bat oinez ezagutzeko asteburu bateko plana proposatuko dizuegu. Lagun artean, naturarekiko zuzeneko harremana eta ariketa fisikoa nahasten dituen aukera aproposa.

Txango honetan Izarraitz mendikatera hurbilduko gara, Gipuzkoako bihotzean. Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena duen ingurune naturala da eta hiru tontor nagusi aipatu daitezke: Erlo (1.026 m), Kakute (942 m) eta Xoxote (930 m). 58 kilometro karratuko azalera du eta Debabarrenean, Deba eta Mendaro udalerriak eta Urolan, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa hartzen ditu beregan. Natura eta mendia atsegin dutenentzako paraje ezin hobea da, hainbat aukera eskaintzen baititu: tontorretara igoerak, zeharkako ibilaldiak, kirol abentura...

Gure abiapuntua Azpeitiko herria izango da, bertako Plaza Nagusitik abiatuko baitugu ibilaldia, markatuta dauden seinale txuri-urdinei jarraituz. Oñatz tabernako alboko kalea hartu eta hilerrira doan bidetik joango gara 200 bat metro. Nahi izanez gero, aukera dago ibilgailua hilerrian utzi eta bertatik hasteko. Bidean gora jarraituz, Urreta Txikiko baserriraino iritsiko gara. Bertan PR-GI 139 ibilbidearekin batera (marka txuri-horiduna), eskuinaldera doan harrizko bidea hartuko dugu, betiere marka txuri-urdinei jarraituz. Bihurgune batzuk dauzkan bidea eginez, Nargun gainera igoko gara, pinudi batean lehenik eta pagadian zehar ondoren Azketa iturrira iritsiko gara. Ura edan eta atsedenalditxo bat egin ondoren, dagoeneko ibilbidearen azken txanpa egitea besterik ez da gelditzen. Malda gogor samarra den arren, berehala elurzuloarekin topo egingo dugu. Hemen neguko elurra bildu eta mantentzen zuten, Azpeitira eta Zestoara jaisten zutelarik ondoren. Garraioa idiek bultzaturiko gurdiekin egiten zuten, eta lan hori errazteko, aurretik pasatu dugun harrizko galtzada eraiki zuten. Elurzulotik ezkerrera abiatzen den bidezidorra hartuko dugu, Xoxote mendiko tontorrera eramango gaituena. Mendi xumea den arren, Izarraitzen oso bisitatua den tontorra da, bertatik ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera daukagu, baita San Inazioren estatua oso ezagunera hurbiltzeko ere.

Abiatu garenetik bi orduko ibilaldia eta 800 metroko desnibela gainditu ditugu jada. Modu honetan, txangoa Xoxoteko mendi aterpean bukatuko dugu. Gaur egun Euskal Herrian funtzionamenduan gelditzen den mendiko aterpetxe bakarra da, 1984. urteaz geroztik zabalik, eta Izarraitzen egin daitezkeen ekintzetarako abiapuntu aproposa da, leku estrategikoan kokatzen baita.

Mendi aterpean ostatu zerbitzu osoa eskaintzen dute gosariak, menuak, plater konbinatuak eta afariak. Hiru logeletan banatuta 34 lagunek egin dezakete lo bertan, 8 euroan federatuek eta 13 euroan gainerakoek. Udan egunero zabalik dago eta familian ume txikiekin nahiz taldean gaua pasatzeko leku ezin hobea da. Eskaladan lehen pausoak emateko rokodromo txiki bat prestatuta dago bisitariaren eskura eta rappel egiteko bi bide ere badaude aterpearen atzealdean. Mendiko giro atseginean, atseden hartzeko aukera izango dugu zalantzarik gabe.

Erlora igoera

Biharamunean, bapo gosaldu ondoren, Xoxoteko aterpea utzi eta Erlorantz abiatuko gara seinaleztatutako bideari jarraituz. Erlo mendia Izarraitz mendilerroko tontorrik garaiena da. Mila metro eskas dituen arren, itsasotik oso gertu kokatua dago, eta honek desnibel handia ematen dio inguruko bailaratatik igoz gero. Gailurrean gurutze handi bat topatuko dugu (Erloko gurutzea, 1.022 m), baina punturik garaienera igotzeko apur bat aurrera egin beharko dugu ertzetik, beste gurutze txiki batera heldu arte. Hemen topatuko dugu Erloko benetako tontorra, ikuspegi paregabea eskaintzen duen begiratokia. Eguna garbi-garbia denean Euskal Herriko kostaldea ia osorik ikusiko ahal izango dugu, ipar-ekialdean Landetako kostaldea ere begiztatuko dugularik.

Erlokoa gainditu ondoren, txango honetako azken tontorrera abiatuko gara, Kakueta edo Kakute mendikoa alegia. Zamalekuko mendilepoa zeharkatuko dugu eta Kakueta markatzen duen bidea hartuko dugu geroago. Tontorrean gurutze txuri handi bat topatuko dugu. Bertan atsedenaldia egin ondoren, itzulerako bideari ekingo diogu. Xoxoteko aterpetxetik pasa eta aurreko egunean egindako bide berdinetik igaroko gara kontrako noranzkoan (Erlo-Kakueta-Azpeitia osatzeko 2 ordu eta erdi beharko dira gutxienez). Bazkaltzeko ordurako Azpeitian egongo gara eta herrian barrena bisita bat egiteko aukera polita izan daiteke.

www.bizibiziki.com