Elkarrizketa
Ramon Agirre
Aktorea

«Taulatik jaitsitakoan ez dago garagardo batzuk hartzea baino gauza hoberik»

Antzerkitik zinemara pausoa eman eta alderantzizko ibilbidea egin duen aktorea dugu Ramon Agirre. Koldo Almandozen «Deus et Machina» laburrean mundua pizten duen jainkoaren papera egin zuen, nazioartean txaloak jaso zituen Michael Hanekeren «Amour» filmari esker. Inaxio Tolosarekin batera Ez Dok Amairu taldeko kideen paperari heldu diote «Koka kola eta barea» umorez eta musikaz betetako antzezlanean.

Udan ere taulaz taula ibiliko zara; handik jaitsitakoan nolako tankera hartzen diozu udari?

Kezkatzen hasita nengoen aurten ez zidatelakoan egingo udako galdeketarik. Zerrendatik kendu ote naute? Inori ez zaio inporta gai hauei buruz dudan iritzia?

Bai, zorionez lan pixka bat izango dut udan, eta taulatik jaitsitakoan ez dago garagardo batzuk hartzea baino gauza hoberik.

Oporretan, barearen pare, ala, «karakolaren» gisa, etxea gainean hartuta bidaiatzea nahiago duzu?

Nik, oporretara, ahalik eta pisu txikienarekin nahiago. Denbora gutxi ematen dut maleta prestatzen; hain gutxi, ezen batzuetan derrigorrezko gauzak ere etxean uzten ditudan ahaztuta: hortz eskuila, pasaportea, txankletak...

Dena ondo zehaztuta abiatzea edota azken uneko planari eustea nahiago duzu?

Ez dakit horretan barea nola moldatzen den, baina esango nuke nik baino gehiago prestatuko dituela oporrak. Behin norakoa erabakita, gainerakoa inprobisazioa izan ohi da.

«Aupa Etxebeste!» filmean oporraldia igarotzeko beste modu bat erakutsi zenuten... Aktore moduan bai, baina imajinatzen al duzu zeure burua egoera horretan?

Nik ez dut sekula lotsarik izan oporretara joateko sosik ez nuela aitortzeko. Xelebrea da nor urrutirago lehian ibiltzen den jendea.

Zein da inolaz ere hutsik egiten ez duzun udako plana?

Prest nago ohiko planei huts egiteko ezusteko eder baten truke. Baina hondartzan plisti-plasta ibiltzea eta afalostean bueltatxoa ematea, stracciatella izozki eta guzti ez da txarra (asko nabaritzen al da donostiarra naizela?).

Zein usainekin lotzen dituzu udak?

Hondartzarekin lotutako usain eta soinuekin. Eta udako abestiekin. Non ote dabil Georgie Dan?

Eta haurtzaroko haiek, nolako oroitzapenak dituzu?

Umetan uretan gogoratzen dut neure burua, hotzez dardarka eta hatzak ximur-ximur eginda, baina etxera joateko batere gogorik gabe.