Nagore BELASTEGI BILBO

Ehgam-en Urrezko Hirukia, «Goenkale» eta Mikel Ruedarentzat

Ehgam Euskal Herriko gay-les askapen mugimenduak urtero banatzen du Urrezko Hirukia, LGBT komunitatearen alde egindakoa txalotzeko. Kontrakoa adieraziz, Trapuzko Espartina ere ematen du, kolektiboa gutxietsiz egindakoak salatzeko.

«Goenkale» telesaila eta Mikel Rueda zinema zuzendariaren lana txalotu zituen atzo Ehgam Euskal Herriko gay-les askapen mugimenduak. Normalean hautagaien artean bat aukeratzen dute, baina aurten ezin izan dute bakarrarekin konformatu, eta biak saritu dituzte.

Imanol Alvarez Ehgam-eko kideak azaldu zigunez, hasiera batean mugimenduak ETB1eko ekoizpena kritikatzen zuen «sexua ez zelako existitzen eta are gutxiago homosexualitatea». «Gero aldatzen joan ziren, eta orduan sartu ziren pertsonaia gayak, mutil zein neskak, seropositiboren bat, transexualen bat... ikusi dugu nola saiatu diren errealitatea islatzen, eta gainera zentzu positiboan eta naturaltasunez», aipatu zuen.

Mikel Ruedari, berriz, «A escondidas» filma zuzentzeagatik eman zioten. Izan ere, bertan bi mutil gazteren arteko harremana kontatzen da, eta gainera horietako bat atzerritarra da (homofobia eta xenofobia agerikoak dira). «Zirkulua itxi nahi izan dugu. Duela urte batzuk `80 egunean' [Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendua] filmari eman genion, hain zuzen ere, zahartzaroan ere amodioa badagoela erakusten duelako eta gainera bi emakumeren arteko harremana azaltzen zelako».

Aitorpen horri kontrajarria, «El Correo» eta «El Diario Vasco» egunkariei Trapuzko Espartina eman diote, beren ibilbideagatik, «17 urte kostatu zitzaielako Bilbon gay talde bat zegoela konturatzea». Ordutik, New Yorkeko edota Berlingo aldarrikapenen berri ematen zuten, baina Euskal Herrikoak ikustezinak ziren, noizean behin soilik ateratzen zituzten «beti alde sentsazionalista bilatuz». Halere, saria hedabide hauei emateko arrazoi nagusia New Yorkeko Euskal Etxeko presidentea zenaren «bizitza pribatuaren erabilera maltzurra egin izana» da. Izan ere, egunkariek Aitzol Azurtza «gay zela eta aktore pornoa izan zela esan zuten oso modu zakarrean. Bere sexualitatea eta lana izandakoa gaizki erabili zituzten», salatu zuen Alvarezek.

Bestalde, Malas Compañias zinema ekoiztetxeari ere saria eskaini zion Gehitu elkarteak. Izan ere, homosexualitatea ardatzean duten filmak egiten ditu eta ikuspuntu berriak ematen saiatzen da. Zinema arriskatua egiten du, ausarta, eta errealitatearen ispilu izaten saiatzen da. Estereotipoetatik aldentzen da eta horregatik, Zilarrezko Gehitu saria jaso zuen.