Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria
Udate

Gerra

Gerra guztiekin amaituko zuen gerra. Hala saldu zuten Lehen Mundu Gerra garaiko agintariek, eta itxaropen horrekin abiatu ziren borroka zelaira hainbat eta hainbat gizon, arras gazteak haietako asko.

Gerra ankerra izan zen hura, milaka hildako eragin eta bizirik irautea lortu zuten horiek trauma-osteko estres nahastearekin utzi zituena. Eta ez, ez zuen gerrarekin amaitu, bestelako gerrei atea ireki baizik. Orduko idazleek gatazkak zabalduriko zaurien gainean idatzi zuten, luze.

Aurten, Gerra Handiaren urteurrenaren harira testu horiek gogora ekarri dituzte komunikabideek haietatik zerbait ikasiko dugulakoan. Helburu horrekin sortuak izan baitziren, hain zuzen, testuok, orainaldian. Baina guretzat, XXI. mendeko gizon-emakumeontzat, Lehen Mundu Gerra iraganeko kontua da. Irudipena dugu jakin badakigula zergatik gertatu zen gerra, eta zeintzuk izan ziren (hanka-sartze) haren ondorioak.

Eta, hala ere, gerrak iraun badirau. Protesta egingo dugu noizean behin, geure kontzientziak lasaitze aldera gehienbat, baina ez dugu erosoa dena baino harantzago joko. Ez diogu geure buruari galdetuko, Virginia Woolfek «Three Guineas» saiakeraren bitartez egin bezala bere garaiko gatazkei erantzunez, nola amai dezakegun dela zergen dela eros-ahalmenaren bidez gu geu partaide gaituzten gerrekin.

Bien bitartean, Obamak droneek gerrarekin amaituko dutela dio, nahiz eta gerraren kontra gutxitan mintzo den armadako goi karguek osaturiko batzordeak gerra eragotzi baino gehiago droneek desoreka ekarriko dutela uste duen. Gerra guztiekin amaituko duen gerra. Aspaldiko kontua dirudi, baina tamalez oso gaur egunekoa da.

Honi buruzko guztia: Udate