Idoia ERASO

Kontseilu Nagusiak 10 milioi emango ditu uholdeen ondorioei aurre egiteko

Uholdeek eragin duten hondamendiari aurre egiteko Kontseilu Nagusiak 10 milioi desblokeatzea bozkatuko du ostiralean Baionan egingo duen ezohiko bilkuran. Erakunde publikoen erantzunaz gain, herritarren elkartasun handia azaleratu da kalteak pairatutako herrietan.

Ipar Euskal Herriko 101 herritan eta Nafarroako Baztan aldean kalte handiak eragin dituzten uholdeak ekarri zituzten uztailaren 4ko euri jasa bortitzek. Konponketa lanetarako, Paueko Kontseilu Nagusiak 10 milioi euro desblokeatuko ditu. Diruaren zati handiena bide departamentalak eta azpiegiturak konpontzeko erabiliko dute; beste zati bat herritarrei, enpresei eta herri erakundeei laguntzeko.

Bestalde, Estatuaren ordezkaria den Pierre-Andre Durand prefetak azaldu duenez, hondamendi eremu izendatzea erabakiko du gaur Ministro Kontseiluak, eta horrez gain, laborariei begira, «nekazaritza hondamendi» izendatuko dute egoera, eta herri erakundeetako elkartasun kutxak ere kaltetuak finantzatzeko baliatuko dituzte.

Paueko Laborantza Ganbera ofizialak doako telefono bat ezarri du nekazariei laguntzeko. Euskal Herriko Laborantza Ganberak ere, bere aldetik, informazio eta laguntza berezia eskaini du, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako «laborariak azkarki jo» baititu ezbeharrak.

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak informazioa emateko bulego berezia jarriko du bihar, Donapaleuko herriko etxean. Ostiralean Donazaharreko herri elkargoaren egoitzan izango dira Ganberako langileak.

Elkartasuna

Hondamendi gaitz honek elkartasunari atea ireki dio, eta jendartearen alde hoberena azaleratzen ari da. Konponketetan laguntzeko eta dohaintzak egiteko prest ari da agertzen jendea. Donapaleu aldean Facebook laguntza talde baten inguruan antolatu dira. Hasieran lanerako soilik zena azkenean altzari, etxetresna eta bestelakoak biltzeko ere erabiltzen ari dira. Pabiloi batean elkartzen dituzte eta herriko eskola publikoan kokatu den Gurutze Gorria arduratzen da banatzeaz.

Donapaleuko eta Izurako udalek laguntza eskatu dute. Azken horretako auzapezak 15 familia premia bizian direla erran du. Nafarroa Behereko Burgue herriko auzapezak elkartasunaren indarra nabarmendu du, laguntza eskatu baino lehen ere jendea lanerako prest agertu baita.