Aimar ESNAOLA DONOSTIA
UDATE BETE

Donostiako Piratek La Flamenka erabiltzeko baimena lortu dute

Donostiako Aste Nagusia ate joka dela jaso dute Piratek kaian La Flamenka gunea muntatzeko baimena. Festak hasteko bi aste inguru baino falta ez zirela jakinarazi zuen Lakuak herri mugimendu honek ezingo zuela kaia erabili. Horren ondoko egunetan hainbat bilera izan dituzte portuko saileko arduradunekin eta negoziazioak emaitza ona izan duenez, Piratek Donostia abordatzeko aukera izango dute beste urte batez.

Donostiako Piratek atzo goizean muntaketa lanak hasteko deialdia egin zuten, nahiz eta oraindik baimen ofiziala jasoa izan ez. Haiek adierazi zutenez, Lakuak kaia erabiltzeko baimena ukatu zienetik egindako bileretan elkarlanerako prest daudela erakutsi dute eta eskatutako dokumentazio guztia aurkeztua zuten jadanik.

Azkenean, muntaia lanak hasiak zirela iritsi zen kaia erabiltzeko baimen fisikoa. Piratek adierazi dute herritarrak direla, ez enpresa pribatu bat, eta administrazioek garbi izan behar dutela «herritarrei laguntzeko» daudela, ez herri mugimenduen ekimenak kaltetzeko.

Baimena bermatzen zuen agiriarekin batera, zazpi puntutako komunikatua publikatu dute Piratek beren webgune ofizialean. Bertan, administrazioek inposatutako baldintza zorrotzak gaitzetsi dituzte. Zerbitzu komunitario bat eskaintzen duten heinean, onartzen dute administrazio publikoekin elkarlanean aritu beharra, baina herri mugimenduen kaltetan erabiltzen diren estrategien aurka azaldu dira.

Arazoak aurreikusten

Mugimendu hau «administrazioekin arazoak tarteko» jaio zela oroitu dute, baina urteak aurrera joanda milaka lagunen babesa dute orain. Horregatik, «ilusionatuta eta indartsu» daudela eta aurrera egiteko konpromisoa dutela azpimarratu nahi izan dute.

Gauzak horrela, larunbatean hasiko da Aste Nagusi Pirata. Hala ere, aurtengo egoera zein izan den ikusita eta administrazioen baldintzak urtetik urtera «gero eta itogarriagoak» direla jakinda, datorren urtean herri mugimendu honen ekintzak aurrera eramateko arazoak aurreikusten dituztela adierazi dute.