EDITORIALA
EDITORIALA

Asper eginda dituenak babesten al ditu?

Uztail amaieran 35/02 sumarioan auzipetutako ezker abertzaleko zenbait laguni kartzela zigorrak ezartzeaz gainera, ehunetik gora herriko taberna konfiskatzea ebatzi zuen Madrilgo Auzitegi Nazionalak. Lapurreta, espoliazioa, gerrako harrapakina... horrela sumatu zuen euskal gizarteko sektore zabal batek epai hura. Hala ere, ebazpen haren alde egin zuten epaileek ez zuten ezer asmatu. Euskal Herrian ere ez zen fenomeno berria, 36ko gerra baino askoz lehenago, haren ondotik eta gaur egun ere errepresioaren atala izan baita, Leitzako herritarrek ongi dakitenez.

Hiru mila biztanleko herrixka horretan, Guardia Zibilak bizilagun bati «terrorismoa goratzea» egotzi dio aste honetan, umore film batean pintada bat egiten agertzen delako, eta gertaerak barre eragin balezake ere, ondorioa ez da barre egitekoa. Guardia Zibilaren jokaera hori ez baita salbuespena, ohiko jarrera baizik. Jarrera horren ondorioz, urtebeteko epean, Estatuak 52.ooo eurotik gora bildu ditu Leitzan, baina ez ohiko zergen bidetik, larderiarenetik baizik. Pankartak jartzea edo presoen aldeko elkarretaratzeetan parte hartzea -are ez parte hartzea ere, berriz ere barregarria badirudi ere- aski motibo dira ehunka edo milaka euroko isuna ezartzeko. Ez da harritzekoa leitzarren nekadura, jasaten duten jazarpena ez baita atzo goizekoa, herria desmilitarizatzeko aldarrikapena bezala. Guardia Zibilak herritik alde egiteko eta okupatzen duen Maxurrenea etxea gizarte erabilerarako uzteko eskatzen dute, Nafarroako Parlamentuak berak iaz eskatu zuen bezala, etxe horren jabeak Nafarroako Gobernuari eman zionean adierazi zuen bezala. Eta ez da berria, halaber, honako galdera hau: zertarako dago Guardia Zibila Leitzan? Herri horretako eta inguruetako herritarrak, Guardia Zibilarekin asper-asper eginda daudenak, babesteko? Ez, herritar horiek mendean dituela adierazteko, eta hori erakusteko modu bat estortsio ekonomikoa da.

Jakina da «lehentasun handiko» azpiegiturek eragindako zulo asko dituela Madrilek; esate baterako, Fiteroko kuartela, hamar kilometroko itzulinguruan hirugarrena, baina leitzarrak ez dira zulo horien erantzuleak.