Nerea GOTI

Konpromiso gehiago epaituak izango diren 28 gazteak libre utz ditzaten

Hurrengo astelehenean beren jarduera politikoagatik epaituak izango diren 28 gazteen inguruan herri harresi berria gorpuzten hasi da asteburuan. Atzoko Gernikako ekitaldiak argi islatu zuen konpromiso maila, eta abian jarri zuen herriz herri konpromiso gehiago jasoko duen Herritarron Adierazpena. «Bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki» nahi duenak prozesua bertan behera uztea eta 28 gazte hauek libre nahi dituela adierazten du sinatuz.

Parte-hartze handia izan zuen datorren astetik aurrera Auzitegi Nazional espainolean epaituak izango diren 28 gazteen askatasunaren alde Gernikan atzo izan zen ekitaldiak. Aldi berean, Donostian manifestazio bat izan zen Libre! ekimenaren barruan.

Epaiketa politiko berri hau zentzugabea eta bidegabea dela salatzeaz gain, zabaldutako irtenbide prozesuari traba egitea ere helburu duela eta eskubide zibil eta politikoen urraketa larria dela nabarmendu zuten Astran bildutakoek. Hori dela-eta, elkartasunetik konpromisora igarotzeko deia eginez, hilabeteetan eragile ezberdinekin landutako Herritarron Adierazpena ezagutzera eman zuten, eta horren aldeko atxikimenduak jasoz sinadurak biltzeko kanpaina abian jarri zuten.

Herritarren sinadurak bilduko dituen testu horrek «prozesu judiziala bertan behera uztea eta inolako zigorrik ez jasotzea» eskatzen du. «Auzipetu guztiak absolbitzea edo egokien den bezala, baina 28 gazte hauek libre nahi ditugu», adieraztearekin batera, «justizia, garai bateko trantsizio ikuspegitik aplikatzen» hastearen beharra plazaratzen du.

Inkomunikazio aldian torturapean egindako deklarazioak akusazio froga gisa aurkeztuko direla salatzen du agiriak, baita «helburuak» direla epaituak eta ez bitartekoak. «Egun politikoki zentzurik ez duena juridikoki ere biluztu egin du azkeneko 40 gazteren absoluzioak», gaineratzen du.

Josu Camara aktoreak gidatu zuen gazteen atxiloketen irudiekin hasi eta musikari eta grafitigileen parte-hartzea izan zuen ekitaldia. Publikoaren aurrean eragile ezberdinak agertu ziren. Batzuek torturapean hartutako akusazioak ekarri zituzten gogora, beste batzuek hau bezalako epaiketek duten kostu ekonomiko, psikologiko, pertsonal eta kolektiboa nabarmendu zuten. Esan zutenez, ordaindutako fidantzak 768.000 eurora heldu dira, eta horrez gain, milaka euroko kostua izango du epaiketa honek. Horren aurrean konpromisoa ere adierazi zuten, «beharrezkoa den ekarpen ekonomikoa lortzeko dinamikan» parte hartzeko, epaiketa «oztopo politikoa ez ezik, oztopo pertsonala ere bilaka ez dadin».

Desobedientzia masiboa

Beste konpromiso bat ere adierazi zuten bildutakoek, salbuespenezko legeen kontra eta eskubide zibil eta politikoen alde: desobedientziarena, «publikoa, masiboa eta kontundentea», azaldu zutenez. «Saia gaitezen desobedientziarekin etorkizun itxaropentsu bat bilatzen», deitu zuten, baita desobedientziak dakarren errepresioaren aurrean babesa adierazteko deia egin ere. Horren harira, hilaren 24an Ondarroako bost lagunen aurkako epaiketa hasiko dela gogora ekarri zuten. Bertako herri harresian parte hartzea leporatuta, espetxe zigorrak eta isun gogorrak eskatzen dizkietela salatu zuten. Era berean, Donostiako herri harresiari lotuak izango diren hurrengo epaiketak ere aipatu zituzten, eta hauetan Lakuako Gobernuak eta Ertzaintzak duten ardura salatu zuten. Horrekin batera, Bilboko bi grebalarien alde gaur Deustun izango den manifestazioa ekarri zuten gogora.