Maider IANTZI
DONOSTIA
Elkarrizketa
Jasone Cenoz
Eleaniztasunaren nazioarteko elkarteko burua

«Gure ikasleek dituzten baliabide eleaniztunak hobeto nola erabili ikertzen ari gara»

Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkarteko lehendakari izendatu dute Jasone Cenoz EHUko irakaslea. Ikerlarien elkartea da, hainbat arlo eta herritako lagunez osatua, eta denak koordinatzea izanen da Cenozen lana. Eleaniztasunari buruzko ikerketak sustatu eta ezagutaraztea da xedea.

Norvegiara abiatu aitzinetik erantzun ditu Jasone Cenozek GARAren galderak, telefonoz, maleta egiten ari dela tarte bat hartuz. Kontatu duenez, kongresu batean hitzaldi bat eman behar du eleaniztasunari buruz, eleaniztasuna eskolan. Arlo hori da bere espezialitatea, horretan egiten du lan batez ere, eta Euskal Herriko egoera eta hemen egiten den ikerketa azalduko ditu Eskandinavian.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Cenoz, Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saileko katedraduna. Eta hemendik aitzinera, Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkarteko lehendakaria ere bai. Eleaniztasunaren inguruan egiten den ikerketa bultzatzea eta jakinaraztea du helburu elkarte honek, baita ikertzaileen arteko harremanak sustatzea ere.

Eleaniztasuna aztertzean batez ere bi hizkuntza baino gehiagoren ikasketari begiratzen diote, hainbat ikuspegitatik: hezkuntza, psikolinguistika, soziolinguistika, neurolinguistika... Elkarrizketa honetan, baliabideak, ikasleak jadanik dakiena, hobeki aprobetxatzeko pistak eman ditu presidenteak.

Zenbat herrik osatzen dute elkartea?

Bi urtean behin kongresu bat egiten dugu eta 40-50 herritako jendea biltzen da. Badira beste kide batzuk topaketa honetara joan ezin dutenak urruti daudelako. Oso nazioartekoa da elkartea. Horren erakusgarri da non izan diren kongresuak: aurten Suedian izan da, hemendik bi urtera Austrian izango da, Espainian izan da, Eskozian, Polonian, Italian, Holandan... Nazioarteko komunitate bat da. Oraindik ez da inoiz egin kongresua Europatik kanpo. Baina pentsatzen dugu 2018koa-edo kanpoan izan daitekeela, baditugulako kideak AEBetan eta Kanadan, baita beste toki batzuetan ere: Asiatik etortzen dira gero eta gehiago, baina oraindik gutxiago dira europarrak baino. Hori ere erronka bat da niretzat, beste herri batzuetara zabaltzea.

Non izanen duzu lantokia?

EHUn jarraituko dut lanean, Donostian. Elkarteak ez du bulego fisikorik, baina kontaktuan gaude ia egunero posta elektronikoz, eta batzordean gaudenok kongresu bat dagoenean beste bi edo hiru egun elkarrekin egoteko aprobetxatzen dugu.

Herri batetik bestera aldea sumatzen da ingeles mailan, ezta?

Norvegian, Suedian edo Finlandian maila altua lortzen dute Bigarren Hezkuntzako ikasleek, baina baldintza desberdinak dituzte. Sarri esaten da azpitituluengatik dela, eta bada faktore bat dena bertsio originalean ikustea, guk ez bezala, baina badaude beste arrazoi batzuk. Gurasoek jadanik badakite ingelesa, oporretan atzerrira joaten dira eta ingelesa behar izaten dute, edozein tokitan, komunikatzeko. Gero, jende atzerritar asko dago aspalditik eta ingelesez komunikatzen dira elkarrekin, ez dakitelako bertako hizkuntza. Orduan, badute tradizio indartsu bat.

Eta gure baldintzak ez dira horiek. Gertatzen zaiguna da ingelesez behar den maila eta lortzen den maila ez datozela bat. Eta horregatik gero eta gehiago zabaltzen ari da ikasgai bat edo bi ingelesez ematea, bai DBHn bai eta unibertsitatean ere. Nahiko kezkagarria da Lehen Hezkuntzan eta Bigarrenean egiten diren proiektu guztiek unibertsitatean jarraipen gutxi izatea. Maiz gure gazteek unibertsitatera iristean maila altuagoa dute bukatzen dutenean baino, eta, horregatik, egun unibertsitatean ere gutxienez mantentzeko edo hobetzeko hautazko gaiak edo zenbait ikasketa ingelesez ematen dira. Ingelesa behar da nazioarteko harremanetarako, eta erlazio hauek askoz garrantzitsuagoak dira orain duela hogei urte baino.

Zure ustez, zer egin daiteke hezkuntzan ingelesa hobeki lantzeko?

Kontuan hartu behar dira zonalde soziolinguistikoa, beste hizkuntzak eta batez ere euskararen egoera berezia. Gure ikuspegiak eleaniztuna izan behar du. Ikasgai bat ingelesez ematea ondo dago, baina uste dut badugula beste zerbait, esplotatzen ez duguna: gure ikasleek jadanik klase asko izan dituzte eta kasu askotan euskara eta gaztelania menperatzen dituzte, gutxienez maila jakin bateraino. Askotan ez dugu hori kontuan hartzen ingelesa irakasterakoan, eta justu hori ari gara ikertzen: nola erabili hobeto hizkuntza guztietan gure ikasleek dituzten baliabide eleaniztunak.

Adibidez?

Hizkuntza batean eskutitzak idazten irakatsi nahi baldin badugu, askotan ez dago koordinatuta zer egiten den beste hizkuntzekin eta hor asko egin daiteke azkarrago ikasteko, esate baterako, eskutitzaren egitura antzekoa delako hizkuntza desberdinetan. Proiektu bat lantzen ari gara eskolekin gauza hauek gehiago egiteko.

Bada zati bat hizkuntza batean eta bestean berdina dena eta hori aprobetxatzea izanen litzateke ideia, ezta?

Horixe, askoz gehiago aprobetxatzea. Frantsesa laugarren hizkuntza bezala ikasten ari dira askotan DBHn, eta frantsesarekin euskara ezagutzen baduzu badakizu ergatiboa dagoela eta batzuetan `izan' eta besteetan `ukan' erabiltzen dugula. Bereizketa hori egiten dela jakitea luxu bat da. Ez da kontuan hartzen ikasleak jadanik dakiena eta arauak eta arauak ematen dira esan beharrean `hau ia kasu guztietan euskaraz bezala egiten baduzu funtzionatzen du'. Baliabide desberdinak dituzte ikasleek hizkuntza gehiago dakizkitelako eta horiek hobeto aprobetxatu behar dira.

Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta errazagoa da hizkuntza berriak ikastea.

Bai, bai. Batzuetan abantailak daude, baina eskolak ere bultzatu behar du kontzientzia linguistiko hori abantailak hobeto aprobetxatzeko. A eredua indartsuagoa zenean, aukera zegoen ereduen arteko konparazioa egiteko eta garbi ikusten zen D ereduko ikasleek hobeto egiten zutela ingelesez.

Hezkuntzaz gain, kalean sortzen diren egoerei buruz galdetu nahi nizun. Adibidez, egunotan, Zinemaldian, aukera dugu filmak hainbat hizkuntzatan ikusteko azpitituluekin eta doinu desberdinak aditzeko. Nola ikusten duzu hori? Gehiagotan egin beharko genuke?

Nire ustez, ohitura kontua da. Guk Espainian eta Frantzian egiten denari jarraitu eta dena bikoiztu dugu. Zinemaldian hizkuntza desberdinak daude, asko, baina telebistan produkzioaren zati handi bat ingelesez da. Badago aukera telebistan gauzak jatorrizko bertsioan ikusteko, azpitituluekin, eta nik badakit hizkuntzen munduan gabiltzanok egiten dugula, baina ez dakit oro har egiten den ala ez, eta asko ikasten da horrekin. Eta, gainera, gero eta normalagoa da. Dena bikoizten badugu, ez dago ikasteko motibaziorik. Hasieran euskaraz ematen zen guztia itzultzen zen gaztelaniara. Horrekin zer egiten duzu? Euskaraz hitz egin duzu, baina euskaraz ez dakienak dena jaso du berdin-berdin erdaraz. Orain zer egiten ari da gero eta gehiago? Diskurtso batean parte bat egon daiteke euskaraz, beste parte bat gaztelaniaz, ez da errepikatzen eta euskara ez dakienak hutsune batzuk ditu diskurtsoan. Horrek esan nahi du bi hizkuntzak baldin badakizkizu informazio osoa izango duzula. Oso garrantzitsua da hori, balioa ematen diolako hizkuntzari, euskarari kasu honetan.

Motibazioa aipatu duzu eta garrantzitsua da hizkuntza bat erabiliz ikastea ere...

Bai, horregatik ematen da eskolan ikasgai bat ingelesez. Baina eskolako egoerak aukera gutxi ematen ditu mintzamena lantzeko. Zenbat minutu izango ditu ikasle bakoitzak bigarren edo hirugarren hizkuntza horretan hitz egiteko klase bakoitzean? Askotan zero.

Horregatik, kalean ere egin behar da lana eta aukerak badaude kanpoko jendearekin.

Orain aukera askoz gehiago daude trukeak egiteko, badaude Interneten harremanetan jartzeko eta praktikatzeko bideak, change programak... Eskolak bakarrik ezin du dena egin, ez euskararekin ez ingelesarekin.

Hamabost hizkuntza dakizkien kolonbiar bat atera zen asteburuan telebistan.

Bai, bai, ikusi nuen!

Eta zer iruditzen zaizu?

Harrigarria da. Noizean behin egoten dira halako poliglotak. Salbuespena dira. Ikusten da gizon honek hizkuntzak ikasi nahi zituela, ordu asko sartuko ditu, baina erraztasun handia ere izango du. Oso polita izan zen gehien maite duen hizkuntza euskara dela esatea.