Nagore BELASTEGI

Gazteak lan munduan isilik gelditu ez daitezen

Estatu espainola krisialdian dela-eta lan baldintzak nabarmen okertu dira, jende ugari dagoelako lana lortzeko amorratzen. Gazteak dira kaltetuenak, prestakuntza zabala izan arren lan mundura sartzeko duten zailtasunagatik. Ernaik LAB sindikatuarekin batera haiei zuzendutako eskuliburu bat prestatu du.

Gazteei zuzenduriko lan eskubideen gida aurkeztu zuten atzo Ernaik eta LAB sindikatuak bien arteko lankidetzaren lehenengo fruitu gisa. Hezkuntza, unibertsitate eta lanbide heziketako zentroetan banatuko dituzte euskaraz eta gaztelaniaz dagoen gidaren 12.000 ale. Honekin, lan munduan langileei, baina batez ere gaztei, sufritzen dituzten gehiegikeriei aurre egiteko tresna bat eman nahi diete. Estatu espainola krisi ekonomikoan dago eta horrek langabezia tasa handia izatea dakar. Helduek edozein lan edozein baldintzarekin onartzen dute, ordura arte eraikitako guztia mantendu ahal izateko. Gazteei, berriz, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren ustez, «bizi proiektu duin eta autonomo bat eraikitzeko eskubidea ukatzen zaie», nahiz eta «inoizko gazteriarik trebatuena eta prestatuena» izan. Aukera bat ematen zaienean itsu-itsu onartzen dute eta enpresari asko egoera horretaz baliatzen dira ez dagozkien lanak egiteko eskatuz.

Lan eskubideen gidan, lan merkatuan sartu aurretik egin beharreko pausoetatik hasita lan kontratua amaitzen den artekoak azaltzen dira, baita kontratu mota desberdinak ere. Edozein zalantza izanez gero, sindikatuetara jotzea da aukerarik onena, baina gida honekin edozeinek identifikatu dezake ea bere egoera legezkoa den edo ez, eta arazorik balego laguntza eskatu, Ernai eta LABen aldarria «borroka kolektiboa» sustatzea baita. «Gazteok lan merkatuan `bakarrik' sartzen garela sinetsarazi digute. Horrela sentitu gara. Bada, beraz, egoera honi buelta emateko garaia», dio gidaren sarrerak.

Txostenaren amaieran ere aldarrikapen sendo bat argitaratu dute. Izan ere, Ernaik eta LABek «euskal erabakitze-eremua exijitzen» dute alor sozio-laboralean. «Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugu, eta berton erabaki behar dugu gure lan harremanen eta gizarte babesaren ereduari buruz», adierazten dute erakundeek, Estatu espainol eta frantsesak lanari buruzko legediaren gaineko eskumen esklusiboa dutela salatuz.

Gehiegikeriak saihestu

Lan egoera batzuk aski ezagunak zaizkigu. Adibidez, kontratu mugagabea egiten denean lan harremana arrazoirik gabe bukatutzat ematen bada, kaleratze hori bidegabea (kalte-ordaina jasotzea dakar) edota baliogabea (enpresak langilea berriro onartu behar du) izan liteke. Hala ere, gazteekin gehien lotzen diren kontratu motak aldi baterakoak dira, behin-behinekoak, eta horregatik, horiek azpimarratuko ditugu. «Aldi baterako kontratazioen bolumen handi bat iruzurrezkoa da; enpresa jardueraren lan iraunkorrak betetzeko erabiltzen da», azpimarratzen du gidak. Horregatik, garrantzitsua da jakitea kontratu mota hau dutenek gainerako langileen lan eskubide berdinak dituztela.

Behin-behineko kontratu moten artean dago lan edo zerbitzu jakin bat gauzatzekoa. Kontratuan lan hori zein den adierazi beharko da. Alegia, ez litzateke justifikatuta egongo enpresaren ohiko lanak edo lan arruntak gauzatzeko erabiltzen bada. Honen iraupena gutxi gorabeherakoa izango da, eta egin beharreko lana amaitzean bukatuko da. Hiru urteko iraupena izan dezake gehienez, edo beste 12 hilabete gehiago, hitzarmen kolektiboan hala onartzen bada. Epe horren ostean kontratuak jarraitzen badu, mugagabe bilakatuko da automatikoki eta, beraz, arrazoirik gabe kaleratuz gero kontratu mugagabearen baldintzak hartuko dira kontuan.

Ekoizpen beharretarako behin-behineko kontratua enpresa batean jarduera arruntaren barruan zereginak pilatzen direnean erabiltzen da, lan karga hori arintzeko. Beharrak sortzen diren unetik 12 hilabeteko epean gehienez 6 hilabete egin ahal izango da lan.

Bitarteko lan kontratuak, berriz, lanpostua erreserbatua duen pertsonak ordezkatzeko erabiltzen dira. Kontratuan ordezkatuaren izena eta arrazoia azalduko da. Iraupena zehaztugabea da printzipioz, hau da, jatorrizko langilea lanera itzuli arte edo lanpostuaren erreserba galtzen duen arte.

Formakuntza kontratuak eta praktiketakoak gazteei zuzendurikoak dira esklusiboki, 16-25 urte bitartekoentzat lehenengoa eta ikasketak amaitu eta bost urtera bitartekoa bigarrena, nahiz eta langabezia tasa hain handia den une honetan 30 urterainoko gazteak kontuan hartzen diren. Kontratu mota honekin lanbide arteko gutxieneko soldata irabazi behar dute gutxienez langileek.