Idoia ERASO ZIBURU
ZIBURUKO IKASTOLA

Argindarra eskas, baina gizartearen sostenguarekin konponbide bila

Oporren ondotik, argindarrik gabe hasi zituzten klaseak atzo Kaskaroteneako ikasleek. Elektrizitate sorgailu baten laguntzarekin, konponbide bat aurkitu arte egungo egoitzan jarraituko du ikastolak. Bide horretan, larunbatean Ziburun izango den manifestazioa ari dira prestatzen, egunero elkarretaratze bat eginez, esaterako. Guy Poulou Ziburuko auzapezak haurrak argindarrik gabe uzteak «nardatzen» duela adierazi badu ere, ez die kendutakoa itzuliko.

Esku-argiarekin hurbildu ziren atzo Kaskaroteneako hainbat haur ikastolara Omiasainduko oporren ostean. Guy Poulou Ziburuko auzapezak argindarra moztu zuen joan den astean, eta atzo lehenengo klase eguna izan zuten hamahiru haurrek hedabide anitzez inguratuta. Txikien irrien artean gurasoen kezka zen nagusi. Larunbatean Lapurdi kostaldeko herria zeharkatuko duen manifestazioren prestaketak gauzatzea dute helburu.

«Arras harritua naiz, ez dut ulertzen nola egin daitekeen horrelako zerbait Haur Hezkuntzako ume batzuekin», adierazi zuen Livia Devoto ikastolako amak. Kezka handia agertuz gaineratu zuen: «Guk hemendik joatea besterik ez dugu nahi, baina ez dugu beste aukerarik, gure seme-alabek toki egoki batean ikasteko eskubidea dute». Gaur egun ikastolak erabiltzen dituen bi aurrefabrikatuak argindarrik gabe daudenez elektrizitate sorgailuarekin emango dituzte klaseak konponbidea aurkitu arte.

Guy Poulou ikastolaren ondoan den Marinela eskolan izan zen atzo goizean, Kaskarotenea egun den egoitzatik kanporatzeko aitzakiatzat erabili duen eskola publikoa atzo estreinatu baitzen. Poulouk bere erabakia berretsi zuen ikastolarekin duen gatazkan: «Noski nardagarria dela argindarra haurrei kentzea, baina ez diet beraiei kentzen, Seaskari eta ikasleen gurasoei baizik» .

Paxkal Indok, Seaskako presidenteak, borroka honen garrantzia azpimarratu zuen: «Horrelako egoerek erakusten dute zein den ikastolen tokia, euskararen tokia, Iparraldean. Horren kontra oldartu behar da eta manifestaziora etorri». Larunbateko martxari buruz gaineratu zuen: «Arrakastatsua izatea lortzen badugu bi edo hiru urtetarako indarberritzea izanen da».

Larunbateko ekimenari buruz galdetuta, Poulok zera adierazi zuen: «Ikusi nahiko nuke zenbat ziburutar izanen diren bertan. Manifestazioa Donostiatik eta Durangotik deitua izan da, baina hemendik egitea zain naiz». Ez duela manifestazioaren debekua eskatuko ere esan zuen.

Larunbaterako prestatzen

«Kanpaina batez ere ziburutarrei zuzendua egiten ari gara. Euskal Herri osotik sostenguak jaso ditugu eta orain nahi dugu bertako biztanleek ere proiektua herritar guztiena dela uler dezaten», azaldu zuen Laida Mujika Kaskaroteneako presidenteak. Larunbatera bitarte elkarretaratzea antolatu dute egunero, 17.30ean, posta bulegoaren aitzinean. Atzo izan zen lehena, eguraldi txarrari aurre eginez.

Informazio esku-orriak banatu dituzte etxe guztietan eta ostegunean ere informazio bilera egingo dute Baltsan elkartean, 19.00etan. «Bilkura publikoan jendearen zalantzak argitu nahi ditugu eta ideiak bildu», azaldu zuen Mujikak.

Aldi berean, Pouluk ezarri duen berehalako auzi prozedura ere lantzen ari direla azaldu zuen Paxkal Indok. Izan ere, joan den astean jakin zen auzapezak orain ikastolak ordaintzen duen 100 euroko isuna 400 eurora igotzeko eskaera aurkeztu zuela Paueko auzitegian. Epaiketa berehalako prozeduran izanik edozein momentutan deituak izan daitezke.

Horrelako neurriak hartu baditu ere, bera euskararen kontra ez dela eta konponbide bat lor daitekeela ere baieztatu zuen atzo Poulouk, eta bide hori berak proposatu zuen autobidearen ondoko gunea dela.