2014/11/10

Urruzuno hasieratik bukaerara izan da nagusi

Telleria II.ak eskuratu zuen 85 kilo baino gutxiago pisatzen zituenarentzat jarri zuten txapela.

Jon LEUNDA
P046_f01_435x453

Ez zen ezustekorik izan, eta Urruzunok irabazi zuen atzo Aian jokatu zen Euskal Herriko Harri Txikien txapela. Telleria II.a izan zen bigarren sailkatua, eta berarentzat izan zen, gainera, 85 kilo baino gutxiago pisatzen zituenarentzat zegoen txapela.

Txapel nagusia lortzeko faboritoak Urruzuno eta Izeta III.a ziren, baina aiarra min hartuta dago, eta atzo ezin izan zen lanean aritu. Horrek bidea oraindik eta errazago utzi zion bizkaitarrari, eta ez zuen barkatu.

Lanean aritzen lehena ere bera izan zen, eta hasieratik egin zituen zuloak. 125 kiloko zilindroa 31 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean, pisu bereko errektangularrari 26 eman zizkion, 17 113 kiloko kubikoari -honekin aritu zen okerren-, eta 100eko bolari, berriz, 25 jasoaldi eman zizkion.

Bigarren postuan sailkatu zen Telleria II.a, baina atzo lehen aldiz 85 kilo baino gutxiago pisatzen zituen harri-jasotzailearentzat ere txapela bazegoenez, urnietarrak ez zuen hutsik egin. Bera zen hau irabazteko faboritoa, eta txapela jantzi zuen. Zilindroa 23 aldiz jaso zuen, 20 aldiz errektangularra, 15 jasoaldi eman zizkion kubikoari, eta 20, berriz, bolari.

Josetxo Urrutiak lortu zuen hirugarren postua, eta bera ere 85 kilo baino gutxiago pisatzen dituena denez, beretzat izan zen mailako bigarren postua. 23 aldiz jaso zuen zilindroa, 21 aldiz errektangularra, 13 aldiz, kubikoa eta 17 aldiz bola.

Jagoba Otaegik ere oso lan polita egin zuen. Bera zen 85 kilo baino gutxiago pisatzen zituen hirugarren kirolaria, eta amaieran laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Aizarnako kirolariak.

18 jasoaldi ematea lortu zuen zilindroarekin. 17 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 13 kubikoari, eta azkenik 100 kiloko bolari, berriz, 19 jasoaldi eman zizkion aizarnarrak.

Eizagirre gaztea sailkatu zen azkeneko postuan. Oraindik gazte mailako kirolaria da, eta izango du denbora bere maila emateko, izan ere, oso itxura onekoa baita. Atzo sailkapenean azkena izan bazen ere, oso maila ona eman zuen zarauztarrak.

Hiru minutuan 16 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 17 errektangularrari, 15 kubikoari, eta 18 bolari. Azken harri horrekin aritu zen ongien, baina kubikoarekin ere oso maila ona eman zuen. Garbi geratu zen Izetaren eskolakoa dela. Oso itxura ona eman zuen eta etorkizunean zeresana emango du.