A.K. DONOSTIA

XII. mende amaierako Durangaldeko eleberri historiko korala ondu du Mila Salterainek

XII. mende amaieran, Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Nafarroako errege Antso VII.ari Bizkaia kendu eta urte gutxira kokatu du «Erresumaren ilunsentia»-ren kontakizun korala Mila Salterainek.

1190 eta 1199 arteko epe historikoa hartu du erreferentzia gisa Mila Salterainek «Erresumaren ilunsentia» eleberrian (Txalaparta). Zehazki, 1190eko Santa Katelina egunean eman dio abiapuntua nobelari. Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Haro familiaren laguntzarekin Nafarroako Antso VII.a erregeari Bizkaia kendu eta gutxira bizitako garaia da.

Durangaldean oinarritzen du kontakizuna, bi erresumen arteko mugan dagoen tokian. Bertako tenientea, Petro Latrone, Didaco Lupi Harorekin azpilanetan dabil, Gaztelaren eskutik boterea handitzeko. «Herritarrek ez zeukaten arrazoirik Nafarroaren aurka joateko. Nori interesatzen zaio Durangaldea bere markora gehitzea? Lopez de Harori. Latronek lagundu egiten dio bide horretan, betiere trukean Alfontso VIII.a Gaztelako erregearen aldetik mesedeak jasotzeko», adierazi du Salterainek.

Nafarroako erregeak, ordea, arretaz zelatatzen ditu muga-eskualde horretako jauntxoen azpijokoak, bere erresuma eta herritarrak barneko nahiz kanpoko etsai guztien erasoetatik defendatzera deliberatua.

Salterainek aurkezten duen eleberriak izaera korala du. Garai hartako errege eta jauntxo nagusienen erabaki eta hautuak fikziozko pertsonaiekin nahasten ditu. Peru itsua, Anglesa serora edo Prudentzio sasikoa dira horietako batzuk. «Alde batetik ilustreak daude eta, bestetik, herritarrak, herritar normal-normalak, gu bezalakoak, historia egiten dutenak nahiz eta beren izena inon agertzen ez den», argitu du. Bere hitzetan, «pertsonaia duinak eta azkarrak» dira eleberrian aurkezten direnak.

Guztien artean garai gatazkatsu baten irudi bizia eskaintzen du Mila Salterainek, Euskal Herriaren historiaren bidegurutze «erabakigarri» batekoa.