Idoia ERASO URRUÑA
BAIONAN ZENDU DA ABOKATUA

Euskal Herri justuago baten alde lan egin duen Didier Rougeti agur beroa

Didier Rouget abokatu eta militantea astelehen gauean zendu zen Baionako ospitalean endekapenezko eritasun luze baten ondoren. Euskal Herriaren alde egin zuen lan guztiarengatik eskertzeko omenaldi bat aurreikusia da, oraindik data zehatzik eman ez bada ere. Jakituria zabala, militantziaren sakontasuna, mundu justu baten aldeko borroka eta Euskal Herriarekiko maitasuna dira ezagutu zuten pertsona guztiek berataz nabarmendu dituzten ezaugarriak.

Mundu hobe bat lortu nahian eremu oso ezberdinetan baliatu zituen Didier Rougetek bere jakituria eta engaiamendua. Lanaren zein militantziaren bitartez ezagutu zuten pertsona guztiek alderdi hori nabarmentzen dute. «Justiziaren eremuan injustiziak salatzeko eta eskubideen defentsan borrokalari sutsua zen», adierazi du Amaia Izko abokatuak. «Bere biziaren zentzua mundu justuago baten alde lan egitea zen», erantsi du Victor Pachon CADEko bozeramaileak. Eta Sortu alderdiak, honakoa: «Gaixo egonda ere eskubideen defentsaren aldeko borrokari eutsi zion».

Azken urteetan bere lanik entzutetsuena Amaia Izko eta beste batzuekin batera 197/2006 doktrina gainditzeko egindakoa izan zen. Europako Giza Eskubideen Auzitegian egin zuten lana azaltzean, «haren eskutik joan zen», azaldu du Izkok, bide horretan Rougeten «ezagutza zabal eta sakonak markatu zuelako lana». Borroka horretan eta eraman zituen besteetan ere bere helburu nagusia «justizia apur bat lortzea eta Europan ere Euskal Herrian ziren oinarrizko eskubideen urraketak ezagutaraztea» izan da betiere.

Iratxe Urizarrek, Giza Eskubideen Behatokia eta Eskubideak Abokatu elkartearen izenean zuzendutako gutun ireki batean, honakoa erran du: «Zu izan zinen kanpoko auzitegi eta instituzioetarako bidea erakutsi ziguna». Egindako lana eskertu dio: «Amaigabea litzateke aipatzea; lan nekaezina, bakardadean burututakoa askotan». «Eskerrik asko bihotz-bihotzez, zure pazientzia amaigabearekin irakatsitakoak bere fruitua ematen jarraituko du eta zuk irekitako bideari eutsiko diogu».

Jean-Pierre Massias Paueko eta Aturriko Herrietako Unibertsitateko Baionako campuseko Zuzenbide irakasleak hauxe adierazi du berari buruz: «Legelari militante handia izan zen eta bere militantziarekin adostasunean bizi zena». Eta bere lanaz galdetuta, «torturari buruzko tesi bat idatzi zuen eta arrakasta handiak izan zituen eremu horretan, baita errepresioaren kontra ere», aipatu du, baina oroz gain, «`Parot doktrina' erorarazi zuena izateagatik oroitua izanen da». Baionako campusean Rougeti eskainitako seminario bat antolatu dutela gaineratu du.

Ezker abertzaleko erakunde politikoak legez kanporatzeko Estatu espainolaren politiken aurkako salaketa ere eraman zuen Estrasburgora, Sortuk gogorarazi duenez. «Galera handia suposatzen du gure herriarentzat», laburbildu du.

Anai Artea elkarte humanitarioko kide izan zen urte luzez Didier Rouget. Bere ahalegina eskertu nahian duela zenbait hilabete egin zioten omenaldia azaldu du Battitta Larzabalek: «Makila bat oparitu genion, bertan emanarazi genuen `Eskubidea, esku ahalduna', zeren eta sinisten zuen eskubideen indarrean eta bere familia hemengoa ez bazuen ere euskaldundu zen. Horretarako egin genuen hitz joko ttipi hori».

Abokatu jakituria eremu anitzetan erabili zuen Rougetek. CADEko militante izan zen urte askoan eta taldearen ezagupen instituzionala lortu zuen epaitegietan, besteak beste. Victor Pachon bozeramaileak hauxe dio: «Temati eta era eraginkorrean lan egin zuen AHTren kontra. Diskrezio handiarekin lan egiten zuen, ez zuen mediatikoki agertu nahi, ezta eskertzerik ere».

Uztaritzeko Herria Bizi Dadin talde abertzalean ere aritu zen, Euskal Herria bizitoki hartu eta gutxira. Battitta Ameztoiren hitzetan, «bere jakitatearekin lagundu gaitu, eta gure artean liskarrak zirenean lagundu gaitu elkarlanean aritzen».