Alberto PRADILLA-Martxelo DIAZ
Kronika: Atxiloketak

Amaia Izko: «Guardia Zibila da. Gu atxilotzera dator»

Guardia Zibila da. Gu atxilotzera dator». Hauxe da Amaia Izko abokatuak arrapaladan Pernando Barrenari telefonoz bidali zion mezua. Madrilgo hotel batean zegoen, beste abokatuekin batera ezker abertzaleko 35 kideren kontrako epaiketa hasteko zain.

Zazpiak eta hogei minutu pasatxo ziren guardiek Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga atxiloturik eraman zituztenean. Hiru abokatuek defentsa lanak egin behar zituzten atzo hasi behar zen epaiketan.

Epaiketa hamarretan hastekoa zen, eta auzipetu guztiak logeletan zeudela jazo zen abokatuen atxiloketa. Guardia zibilek solairu osoa hartu, eta logela bakoitzaren atean kokatu ziren. Egiten ari ziren zaratarengatik harrituta norbaitek burua atetik ateratzen bazuen guardiek barrura sartzeko agintzen zioten.

«Atea zabaldu dut eta pasilloa guardiaz josita ikusi dut», azaldu zuen beranduxeago Pernando Barrenak. Goizeko zortziak arte ez ziren guardia zibilak hoteletik joan, hiru abokatuak beraiekin eraman zituztelarik.

Zazpi eta erdiak izango ziren, ordurako jada atxiloturik zen Amaia Izkok Urko Araizen (epaiketan aritu behar zen beste abokatuetako bat) gelaren atea jo zuenean. Bere egoeraren berri eman zion, hoteleko gela eman zion eta besarkada batekin agur esan zion.

Barrenak eta Araizek abokatu nafarra animoz ongi zegoela kontatu zuten. Dirudienez, Guardia Zibilaren aginduak Izko, Jauregi eta Ziluaga atxilotzea ziren, baina ez zuten epaiketan erabiltzeko zeukaten inolako materialik edo paperik eraman.

Ordu batzuk geroago, Auzitegi Nazionalaren egoitzan zegoela, Jone Goirizelaiak Guardia Zibilaren deia jaso zuen atxilotuek Tres Cantoseko kuartelean egin behar zuten deklarazioan abokatu izendatu zutela esanez. Ez zieten inkomunikaziorik ezarri.

Miaketak Iruñean

Goizeko zazpiak aldera atxilotu zuten Jaione Karrera ere, Iruñeko Alde Zaharreko etxean. Gorka Mayok guardia zibilak ikusi zituen lanera zihoala eta susmorik okerrenak baieztatu zituen: berriro ere operazio polizial bat zegoen martxan. Ondoren, Nabarreria kalean dagoen abokatuen bulegora eraman zuten, hiru ordu iraun zuen miaketa egiteko. Karreraren eta Izkoren geletan sartu ziren guardiak. Arantza Izurdiaga eta Josu Beaumont abokatuak bulegora sartzen saiatu ziren, baina Guardia Zibilak ez zien utzi. Nafarroako Abokatuen Elkargoko kide bat izan zen han. Antzeko miaketak izan ziren Bilbon (Kepa Manzisidor eraman zuten bertara) eta Hernanin (Ainhoa Baglietto eraman zuten).

Fran Balda ere Arbizuko etxean atxilotu zuten. Herritik eraman baino lehen alabari agur esateko aukera izan zuen.

Zizurren Nagore San Martin atxilotu zuten eta Arratxopeko lokal batera eraman zuten miaketa egiteko. Bertatik kutxa ugari atera zituzten; iluntzea zen ordurako. Kamisetak eta antzeko materiala gordetzen zen bertan.