Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

XXL Awards 2014/2015: Axi Muniain hautagaien artean, arraun egindako olatuen sailean

2014/2015 denboraldiko XXL sariketako lehen itzulia gaindituta, arraun eginda hartutako olatu handienean kategoriako hautagaien artean da Axi Muniain zarauztarra. Apirilean emango dira aditzera kategoria bakoitzean finalera iristea lortu duten lehiakideen izenak.

Axi Muniain XXL sarietako bigarren itzulian sartu da. Negu honetan Planeixan hartu zuen olatu bati esker lortu du hautagai izatea. Kasualitatez, olatu hori GARA egunkariari urtarrilaren 19an eskaini zion elkarrizketa egin eta minutu gutxira hartu zuen.

Elkarrizketa amaitu ostean itsasoratu zen Axi eta saio hartan hartu zuen olatuetako bat izan da epaileek 2014/2015 XXL sarietarako aintzat hartu duten olatua.

Arraun eginda hartutako olatuen kategorian lortu du izendapena zarauztarrak. Orain, finalerako hautatua izango den itxarotea falta da. Irabazleak zeintzuk diren maiatzaren 1ean Kalifornia hegoaldean egingo den luxuzko ekitaldian emango da aditzera.

Billabong XXL sariak surfaren Oscar sari banaketa gisa ezagutzen dira. Aurtengoan txapelketa mota honek 15 urte betetzen ditu, izan ere, lehen aldiz 2000. urtean hasi ziren mundu guztian zehar hartutako olatu handietako irudiak saritzen.

Urte sasoia martxoan hasten da, udaberriarekin batera, hilaren 20an irekitzen da irudiak bildu eta igortzeko epea, eta hurrengo urteko martxoaren 20an amaitzen da. Gauzak horrela, maiatzean AEBetan egiten den ekitaldi batean aurreko 12 hilabeteetan munduan zehar hartu diren olatu handienak saritzen dira eta sari-banaketa ekitaldietan aurkezpen lanak pertsonaia famatuek egin ohi dituzte.

Lehen itzulian, epaileek jasotzen dituzten ehunka irudi sailkatu behar dituzte. Bigarren itzulian, berriz, finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute. Finalerako hautagaiak normalean Los Angelesen egiten den ekitaldira gonbidatuak izaten dira eta ekitaldian bertan ematen dituzte aditzera irabazleen izenak.

Kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute. Hori, sari gisa ematen den diru kopuruan ere ikusten da. Zazpi kategoria nagusiak honakoak dira: urteko surflaria, arraun eginaz hartutako olatua, olaturik garaiena, tubo handiena, erorketa ikusgarriena, errendimendu onena izan duen mutila eta errendimendu onena izan duen emakumea.

Kategoria bakoitzean surflaria bakarrik ez, irudia hartu duen pertsona ere saritzen da. Urteko surflari onena da diru gehien eskaintzen duen saria. Surflariak 50.000 dolar irabazten ditu kategoria honetan, eta argazkilariak berriz, 5.000 dolar.

Arraun eginaz hartutako irudien kategorian, aldiz, 20.000 dolar irabazten ditu surflariak, eta 4.000 dolar argazkilariak. Olatu handienaren saria 10.000 dolarrekoa da (4.000 dolar argazkilariak). Errendimendu onenaren saria, mutilen zein nesken kasuan, 5.000 dolarrekoa da, eta erorketa beldurgarrienaren saria, berriz, 2.000 dolarrekoa.

Ez da lehen aldia Axi Muniain XXL sarietarako hautatzen dutena. Guztira, bost bider izan da final handian surflari zarauztarra eta emaitza onak ere lortu izan ditu. 2009an esaterako, lehen fasea gainditu eta bi modalitatetan (tow-in eta arraun eginda hartutako olatua) finalera iristea lortu zuen. Gainera, bi kategoria desberdinetan finalera iristen zen lehen lehiakidea izan zen.

2013/2014 denboraldian, Nazareko (Portugal) olatu erraldoi batean izan zuen erorketa izan zen epaileek kontuan hartu zutena, baina orduko hartan ere ez zuen saririk lortu. Aurtengoan 548 irudi aurkeztu dira. Horrek ez du esan nahi hainbeste surflarik parte hartu dutenik, zeren surflari berak nahi adina irudi aurkez ditzake. Gero epaileek erabakitzen dute irudiak aintzat hartzekoak diren eta zein kategoriatan kokatu behar diren.

Esate baterako, lehen itzuli honetan, 36 irudi hautatu dituzte epaileek tubo onenaren kategorian. Olatu handienaren kategorian, berriz, 41 hautagai izango dira, baina Axi hautatu duten kategorian, alegia, arraun eginda hartutako olatuen kategorian, irudi asko daude aztertzeko eta epaileek horietatik 284 irudi aukeratu dituzte. Beste irudi asko lehiaketatik kanpo geratu dira.

Azkenik, hautatutako irudi horien guztien artean kategoria bakoitzetik finalera nortzuk joango diren erabaki behar dute epaileek. Apirilean jakingo da kategoria bakoitzean izendatutako surflariak nortzuk diren, eta horren ostean, azken irabazleak zeintzuk diren jakiteko, maiatzean Kalifornian egingo den urteroko ekitaldia itxaron behar da, han esaten baitira irabazleen izenak. Beraz, orain, itxarotea bakarrik falta da.