J.L.
sokatira

Ñapurrak izango da 560korako faboritoa


Aurtengo Euskal Herriko Txapelketa amaierara heltzen ari da, eta gaur bi txapel banatuko dira Ezpeletako merkatu plazan, 17.00etan hasiko den saioaren ostean.

Bertan mutilak 560ko mailan arituko dira, eta bost talde direnez, saio bakar batera jokatuko da. Neskek, berriz, 375 kiloko azkeneko jardunaldia jokatuko dute.

Ibarra, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea eta Ñapurrak arituko dira aurrez aurre. Badirudi txapela Ibarra eta Ñapurrak taldeen artean egon daitekeela. Azken hauek etxean arituko dira, euren zaleen aurrean, baina ezin da jakin hori onerako izango ote den.

Batetik etxekoen babesa izango dute eta hori baliatu nahiko dute denboraldiko bigarren txapela lortzeko. Ibarra ere asmo horrekin kantxaratuko da. Gipuzkoarrek ere bat irabazi dute, baina bigarrena nahi dute, eta dema ederra izan dezakete gipuzkoarrek eta lapurtarrek. Gainerako taldeek ez dirudi aukera handirik dutenik.

Nesketan, 375eko azkeneko jardunaldia jokatuko da leku berean, eta han izango dira Gaztedi, Ibarra, Badaiotz eta Berrizozar. Hauek liga jokatu dute, eta gaur hirugarren eta azken saioa izango dute.

Ibarrak txapela lortzeko bidea ongi egina dauka, jokatu diren bi saioak irabazita. Gaur txapela ez lortzeko laugarren geratu beharko luke, azken, alegia, eta Gaztedik irabazi, eta baldintza guzti horiek betetzea ia-ia ezinezkoa dela dirudi.