Nagore BELASTEGI
ZIENTZIA

Gogoeta egiteko, tresna zientifikoak berpizten

Zientzia erroan duen gizarte museo berri bat zabalduko du Bergarak, Euskal Herri mailan erreferente izatea xede duena. Udarako prest egongo da, nahiz eta irekiera egina Udalak zehaztuko duen. Errege Mintegian mendeetan zehar pilatutako altxorrei hautsa kendu eta bitrinetan erakutsiko dituzte, zientzian emandako aurrerapausoek egungo gizartean nola eragin duten agerian jartzeko.

Euskal zientziaren egoitza nagusia Bergarako erdigunean dago, udaletxe parean. Gaur egun, plastikozko poltsen azpian gordetzen diren milaka altxorretan mantentzen du Errege Mintegiak garai bateko distira. Poltsa horiek kendu eta hautsa astindu nahi dute bergararrek mendeetan zaindu dituzten objektu baliotsu horiek publikoaren begien aurrean jartzeko, horiek baitira zientziak Euskal Herrian eman zituen lehenengo pauso haien aztarna bizienak.

Bergarako Mintegiaren eraikina, aurretik Oñatitik etorritako jesuitena izan zena, UNEDena da egun. Oraindik ere badauka garai batean zuen sena; alegia, hezkuntza sustatzearena. Bere biltegian 3.000 objektu inguru daude, XVIII. eta XIX. mendeetan zehar egindako ikerketen ondorioz pilatutakoak. Izan ere, 1776. urtean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eratu eta honek Errege Mintegia sortu zuen, jakin gabe horren baitan gizartea aldatuko zuten hainbat proiektu gauzatuko zirela.

Elkarteak hezkuntza eta zientzia ikerketa sustatzeko eskola bat eratu nahi zuen eta kimikan eta mineralogian pisu handia eskuratu zuen erakundea izatea lortu zuen horrela. Ordutik bertan egindako lana dela-eta, milaka objektu eskuratu dituzte, horietako asko oso baliotsuak. Horregatik, 1981ean Udalak museo bat sortzeko lehen pausoak eman zituen, aurten egiazko bihurtuko dena.

Rosa Errazkin museo teknikariak eta Iñaki Irizar biologoak gordailura eta museoa kokatuko den eraikinera bisitak egiten dituzte herritarrekin, horiek ere ekarpenak egin ditzaten; erakutsiko diren objektuak ikerketa prozesu ugariren fruitu izanik, badu zentzua orain herritarrak prozesu berri baten parte izatea.

Poltsaz estalitako objektuz beteta zegoen biltegian Irizarrek hartu zuen hitza, bertan gertatu zenaren garrantzia azpimarratzeko. «Errege Seminarioa osatu zenean Estatuan zientzia oraindik ez zegoen garatuta eta Europatik zientzialariak ekarri zituzten proiektuak aurrera eramateko; adibidez, Louis Proust, Elhuyar anaiak, Antoine Laurent Lavoisier eta Piere François Chabaneau. Anders Nicolaus Tunborg suediarra ere hemen izan zen eta harrituta geratu zen, Upsalan mineralogian oso aurreratuta bazeuden ere, hemengo laborategia puntakoa zelako», aipatu zuen.

Ikerlari horiek eskolak eman eta ikerketak egin zitzaten gonbidatzen zituzten eta beren lanak fruitu oparoak eman zituen. «Wolfram elementu kimikoa hemen aurkitu zuten Elhuyar anaiek, baina ez zen kasualitatea izan, oso proiektu potentearen emaitza baizik», argitu zuen biologoak. Gertaera horrek nazioarteko sona eman zion Bergarako Errege Mintegiari, baina ez zen bakarra izan. Chabaneauk ere aurkikuntza garrantzitsua egin zuen: VIII. mendeko 80ko hamarkadara arte platinoak ez zuen aplikazio praktikorik eta ikerlari frantsesak honek izan zitzakeen erabilpenak igarri zituen. Ezpurutasuna kentzeko modu erraz eta eraginkorra topatzearekin batera, masa puru eta xaflakorrez egindako lehenengo lingotea egin zuen. Aurkikuntza horrek ateak zabaldu zizkion platinoaren erabilgarritasun industrialari eta metal preziatu bilakatu zen.

Zaharberritze lana

Lehenengo Karlistaldiaren ostean, Estatu espainolak bultzada eman nahi zion hezkuntzari, eta horretarako probintzia guztietako hiriburuetan institutu bat zabaldu zuen. «Orain normala da herri bakoitzean bi edo hiru egotea, baina garai hartan sekulako aurrerapausoa izan zen -azaldu zuen Irizarrek-. Gipuzkoako institutua, non eta Bergarako Mintegian jarri zuten». Herriak hezkuntza arloan hartu zuen garrantzia urteetan mantendu zen, eta industrializazioa sustatu nahi izan zutenean, Europaren aldean Estatua nahiko atzeratuta zegoelako, bertan zabaldu zuten ingeniaritza eskoletako bat.

Gure gizartea eraldatu duen zientziarentzat hain garrantzitsua izan den halako erakunde bat herrian bertan izanik, arraroa da horren inguruko museorik aurretik ez egotea. Baina Udalak pazientzia handia izan du, lan handia zegoelako. 1981. urtetik hona udal gobernu guztiak agertu dira proiektu hau sustatzeko prest, eta horregatik etengabe lanean ibili dira. Rosa Errazkinek azaldu bezala, «material asko zegoen, baina egoera txarrean. Sarritan desmuntatuta zeuden objektuak eta zer zen eta zein itxura zuen jakin arte ezinezkoa zen osorik zegoen jakitea». Orain internet bidez errazagoa litzateke lan hori egitea, baina hasi zirenean neketsua zen 3.000 objektu zaharberritu eta katalogatzea. «Museo Nazionalera jo behar izaten genuen zer ziren jakiteko. Argazkiak eramaten genituen eta horrela identifikatu», azaldu zuen Errazkinek.

Hala, plastikoak kentzen hasi eta ehunka urte atzera egin zuten. «Melloniren bankuak beroak uhin izaera duela frogatzeko balio zuen. Esperimentuaren arabera beso desberdinak erabiltzen ziren», zioen piezak mugituz. Alboan dilatometroa zegoen, fisika esperimentalean erabiltzen zen tresna. «Horrelako oso gutxi daude. Material desberdinetako ziriak jarri eta beroa emanez, horien zabalera nola aldatzen zen neurtzen zuten». Beste apal batean Edisonek Frantzian komertzializatu zuen lehenengo fonografo ereduaren ale bat zegoen.

Anatomia ere ikasten zuten Mintegian, baina ez zen erraza benetako gorpuak erabiltzea, ez zirelako mantentzen. Horregatik modelo anatomikoak sortzen hasi ziren eta Bergaran gordetzen dira hainbat. Adibidez, deigarria da tamaina handiko begi bat, zeina geruzaz osatuta dagoen eta horiek kenduz disekzio baten antzera azter daitekeen. Zoologian ere berdin egin zuten eta disekatutako mundu osoko animaliak gordetzen dira. Horiek Darwinen eboluzioaren teoria ulertzeko baliagarriak izan zitzaizkien antzinako ikerlariei.

Laboratorium museoa

Horrenbeste lan egin ostean, aurten prest egongo da Laboratorium izena izango duen museo berria. Hasiera batean Mintegian bertan zabaldu nahi zuten, baina oraingoz ez da posible eta Errekalde jauregi dotorean muntatzen ari dira erakusketa aretoak, ekainerako amaituta izango direnak. Sarreran herriko turismo bulego berria egongo da (Aste Santurako martxan egotea espero dute). Solairu horretan bertan aldi baterako erakusketak antolatuko dituzte gai zehatzen inguruan, hitzaldi eta bestelako ekintzekin jantzita. Era berean, laborategi bat jarriko dute gazteek erabil dezaten. Lehenengo solairuan, berriz, behin betiko erakusketa kokatuko dute. Aretoak argitasun handia duenez, leihoak itxi eta argi artifiziala duten bitrina eta panelak jarriko dituzte. Horietan, gainera, joko interaktiboak izango dira. «Adibidez, batean pertsonaia bat agertuko da eta horrek ematen dituen argibideei jarraituz wolframa aurkitu beharko dugu», aipatu zuen Iñaki Irizarrek planoak seinalatuz.

Izan ere, museoa zientziaren inguruko ibilbide bat bada ere, gizartean izan diren aldaketen gainean gogoeta sustatzeko espazioa ere izango da, zientziak berak gizartean eragina izan duelako. Hala, museoko bisitaldia zientziari esker egun ditugun hainbat pertzepzio aztertuz amaituko da eta ondorengo galderari erantzunez: zientziak eta hezkuntzak garrantzia izan behar al dute etorkizunean?