Aitziber Pz. De Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Euskara ahaldunduz

Bihar urtebete izango da joan zinenetik, aita, eta ondo gogoan ditut bertsolariari lapurtutako hitzak erabiliz zuzendu nizkizun berbak: «Tú no nos diste el euskara, pero nos diste la vida, nos llevaste a la ikastola, aprendimos enseguida...».

Orain, urtebete igarota, berriro zuzentzen natzaizu zurea izan gabe neure egin zenuen hizkuntzaren aldeko ekimenik ederrenetakoa abiatuko den egunean. Euskara ez zen zure hizkuntza, ez eta amarena ere, baina zuok ahalbidetu zenuten geurea izatea, eta gu ahaldundu. Zuok egin zenuten posible gure familiari berezkoa behar zuen komunikaziorako tresna itzultzea. Horrela hazi ginen, gure sorlekua maitatzen, mundua euskaraz ulertuz, gure unibertso aberats propioa eraikiz; zuok ezin izan zenutena, guretzat ahalbidetuz, gu ahaldunduz.

Euskahaldun abiatuko da Korrika eta 19. edizioa denez, bistakoa da euskaldunok badugula sobera ahalmen. Ekimenaren izaera alaiaz eta koloretsuaz haratago baina, diglosia egoeraren eta hizkuntza gutxituen bide malkartsu eta ilunean euskaldunok egiten ari garen etengabeko lasterketaren beste etapa bat da Korrika.

Ez dago hiztunik gabeko hizkuntza bat ulertzerik, eta herritarrok euskalduntzearen ezinbestekotasuna ukaezina da. Baina hiztunok hizkuntza ahaldun bat behar dugu gure komunitatea garatu ahal izateko. Euskarak berak bere lurralde propioa behar du bizirauteko eta egungo egoerak ez dio mesederik egiten berezko eremurik ez duen heinean ahultasun egoeran egongo den hizkuntza ttipiari.

Bien bitartean, jantzi zapatilak, atondu petoa eta abia gaitezen Korrikara, herriz herri, euskararen erabateko normalizazioa behar duen helmugara iritsi arte.