Amagoia MUJIKA

Manex Agirre aramaioarrak bere bigarren txapela goratu du

Buruz burukora, Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre. Beren izenak entzun zituztenean, kopeta kopetarekin batu, elkarri animoak eman eta pausoa mikrofonora. Lagun onen modura? sesiora doazen akerren eran? Bietatik? Lehen ariketa bizi joan zen, sesio sanoa oso. Azkenean, txapela Agirreren kopeta gainera.

Manex Agirre aramaioarrak jantzi zuen atzo arratsaldez Gasteizko Printzipal antzokian Arabako txapela. Beretzat, bigarrena, aurretik probatua baitzuen txapelaren gozoa 2011. urtean. Pozik hartu zuen Agirrek Karmele Madinabeitiak jantzi zion txapela. Madinabeitia lan handia egindakoa da Arabako Bertsozale Elkartearen bueltan eta txapeldunari txapela jantziz eskertu nahi izan zioten egin duen lana. Agirrek eskuak altxatuz eta hunkituta hartu zuen txapela, familia giroa nagusi zen Printzipal antzoki beroan.
Hauxe izan zen txapeldunaren eskaintza; «Familiarentzat dira besarkadarik minenak/ gaizki nagoen unetan goraino naramatenak/ baina beste bat buruan hala agintzen du senak/ bide ineskrutableak direnez adinarenak/ gogoan ditut gazteak bertso eskoletan daudenak/ bertso ekosistemako mini bertsoekosistemak/ herri hau euskararen bidez herri egiten dutenak».
Agirrek Iñaki Viñasprerekin jokatu zuen finaleko azken txanpa, buruz burukoa. Lehen ariketa “Iparragirre abila zela” doinuan josi zuten biek, bizi-bizi, elkar gogoz zirikatuz. Horrelakoetan konfiantza eta laguntasuna bistan geratzen dira.
Beren superbotereak galtzen ari diren bi superheroiren azalean kantatu zuten. Agirre abiatu zen: «Garai batean zuk zenbat indar, prestigio eta ospe/ baina urteak pasa zaizkizu ugari besteak beste/ izen eta abizen/ lehenago esan ozen/ benga aurrera bai Viñaspre/ ta orain berriz bihurtu zara super, bai, super desastre». Eta Viñaspreren puntadun erantzuna: «Baina oraindik tipo ona naiz ta nahiz desastre batzuk egin/ eta herriak oraindik ere ni maite nau, nau atsegin/ zure ahalmenen ikurra/ zure super sudurra/ baina nahi baduzu jakin/ lehen superbista zenuen eta orain betaurrekoekin».
Ariketa horretan bizi aritu zen Viñaspre, eta plaza berotzea lortu zuen behin baino gehiagotan. Agirrek ere ondo eutsi zion eta buruz burukoaren hasiera beroa izan zen.
Kartzelakoan hiruna bertso osatzeko gaia, honakoa: Amonaren etxean bere gauzen kutxa bat aurkitu duzu. Ezin sinetsita zaude bertan dauden gauzekin.
Agirreren lehena: «Kutxa zabaldu ta hauts laino bat aireratu da itzela/ ta atera dut gutun sorta bat hori-horia papela/ letra dardartiz idatzitako mezu bilduma krudela/ bateko frente besteko fusil ta ni urduri bezela/ bere adina kalkulatu une batean horrela/ konturatu naiz gure amona gudari ibili zela». Proposamen polita izan zen Agirrerena, eta honela itxi zuen hirugarren alean, «...nik gaur badakit goxotasunez berdin hartuko dudala/ baina aldaketa bat gertatu da kutxa hau itxi ahala/ maitasunari errespetua gehitu zaio berehala».
Viñasprek bere amona Felisa izan zuen gogoan, eta bide hunkigarria ibili zuen. Baina kartzelako hiru bertsotatik bitan poto egin zuen. Bukaerako agurrean berak aitortu zuenez, «...gustura aritu izan naiz areto hau da itzela/ baina potoso bat naiz ni ezin zen izan bestela/ ama, ikasleak, lagunak nahiago nuen txapela/ baina ospatu beharko dugu txapela balitz bezela». Gainera, bukaerako agur horretan ere poto egin zuen, orduan jakitun eta apropos, bere «potoso» izaera nabarmentzearren.

Goitik eta behetik
Ordura artekoa, buruz burukoaren aurrekoa, saio gorabeheratsua izan zen. Izan zituen puntak goraka, baita apalalditxoren bat ere. Giroak, baina, goitik iraun zuen saio osoan. Bertsozalea bertsolariak aupatzeko gogoz sumatzen zen.
Saioa hasi eta bukatu bikote berberak egin zuen, zortziko nagusiko lehen bikotea Agirre-Viñaspre izan baitzen. Ordurako sumatu zen Viñaspre gogoz zetorrela, bizkor kantatzen –batzuetan bizkorregi– eta punta ateratzeko prest. Agirrek eutsi egin zion hasieratik, patxadatsuago akaso, baina ateraldi zorrotzekin.
Zortziko nagusian Oihane Pereak eta Xabi Igoak ere lan polita josi zuten. Irakaslea eta ikaslea dira –Igoak esan zuenez, Agirre, Viñaspre eta Perea izan ditu irakasle– eta konplizitatez aritu ziren. Igoarentzat lehen finala zen eta gustura aritu zen, tarteka ale ederrak utziz eta amaieran asko hunkituz. Estreinaldi oso txukuna.
Zortziko nagusian, Igoa adoptatutako haurraren bila zihoanaren azalean aritu zen. Eta, Perea, laguntzera zihoan amarenean.
Igoaren lehena, «abioia dugu Boliviara ta kotxez Madrilerantza/ azken urtean bai eta ezetz ari zait barne balantza/ nahiz aita izateko oraindik neuk badaukadan esperantza/ azken orduan beti bisitan zergatik dator zalantza». Eta, Pereak, erantzun, «ai bizipoza eman didate hiru lau ume bihurrik/ aita izateko erabakia ni mantendu nau itzarrik/ ta ez daukazu zalantza eta kezkarik euki beharrik/ guztia ondo aterako da Xabi ez izan beldurrik». Ariketa horretan Igoak behin eta berriz eskatu zion amari eskua emateko eta laguntzeko. Eta saioan barna iruditu zitzaigun Pereak askotan eman ziola eskua bere ikasleari.
Hamarreko txikiko ariketan Iñaki Viñasprek eta Ruben Sanchezek berotu zuten aretoa gehien. Eztei bidaian joan, maleta ireki eta bi bideo baino ez zituzten topatu: nork bere lagunekin egindako agur afariarena. Viñasprek Sanchez stripteasea egiten jarri zuen lehen bertsoan. Eta, Sanchezen erantzun aparta: «Eske denek nahi zuten jartzea begira/ nere gorputza baita askoren desira/ mahai gainera igota zenbat jira bira/ ta zu klasiko gajo bat zara, bai, tira/ nolatan joan zineten sagardotegira». Sanchezek umore ateraldi ederrak izan zituen. Seiko motzeko ariketan ere lortu zuen bertsozalea piztea.
Eta seiko motzean, hain justu, Manex Agirre eta Zigor Enbeita ere ondo aritu ziren, umoretik eta bizi. Goizeko bostetan Korrikako lekukoa eskuan hartuta zihoan Agirre. Eta, Enbeita, furgonetatik, erritmoa bizitu behar zuela aginduz. Agirrek lehenengoan, «...ta gainera jarri didazu Ruperren kantua» bota zion, eta, bigarrenean, «...ni naiz asma baten jabe/ nago euskararen alde/ gaur ‘euskahaldun’ sentitzen naiz bai, baina pasa gabe». Eta, Enbeitak, erantzun, «ez da ez egongo mutu/ zenbat hitz ta zenbat truku/ euskaran alde dagola eta horretaz jabetu/ eskusak soberan ditu/ ta ez duzu hainbat meritu/ Indurain ere asmatiko zen ta Manex mugitu».
Buruz burukoaren aurretik, bakarkako saio bana josi zuten bertsolariek, gaia emanda bina bertso. Ruben Sanchezek ariketa polita josi zuen. Hamar urtean kirofano batera sartu ez den zirujauaren ahotik abestu zuen. Lehen bertsoan kontatu zuen ume txiki bat joan zitzaiela, «...hasieran zirudien salbatuko genuela/ ta ezin izan dut eraman nere errua izan zela». Eta, bigarrena, «esaten zidaten denek ahaztu zazu eta punto/ saiatu zara gogotik gu denok gara lekuko/ baina ume txiki hura nola kristo ahaztuko/ gogora etortzen bazait gela hau zapaldu orduko/ bueno segi behar da ta gaur gogotsu arituko/ nahiz ta umean arantza inork ez didan kenduko/ gaurkoan bai egon ziur zaitudala salbatuko».
Xabi Igoak ikasketak bukatu berri eta tituluaren bila zihoala abestu zuen. «Eskerrak ama bat dudan ta egin dudan tratua/ nahiz ia zerura doan bidaian aurrekontua/ Berlinen pisutxo bat dut jadanik alokatua/ ta nahiz ta ez dagoen ezer niretzat ziurtatua/ Alemaniara nijoa nahiz pixka bat penatua/ galdu edo irabazi probatzea da kontua». Akaso adinagatik gertukoa zaion errealitatea da eta ondo ekarri zuen Printzipaleko oholtzara. Kanpotik, behintzat, Igoak bere lehen finalean sufritu baino gehiago gozatu egin zuela zirudien.
Orokorrean bertso arratsalde polita joan zen, familia giro izugarria eta belaunaldi desberdinen arteko jarioa igartzen ziren Printzipalen. Eta txapela batek jantzi arren, finala jokatu izanaren poza berdin samar partitu zen seikoteko kide guztien artean.