GARA
DONOSTIA

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, Sarek mobilizazioa deitu du Donostian abuztuaren 21erako

Presoen eskubideak aldarrikatzeko agerraldia eskaini zuen atzo Sarek Donostian. Badira hainbat aste Gipuzkoan barrena herriz herri dabiltzala presoen etxeratze prozesua azkartu eta ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak salatzen. Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek adierazi zuen «benetako elkarbizitza baten alde» presoak etxeratzerainoko bidea egingo dutela: «Gipuzkoako txoko guztietara zabaldu nahi dugu benetako elkarbizitza eta bakea eskuratzeko presoen etxeratze prozesua azkartu eta helmugaraino eraman behar dela, presoak etxeratzeraino».

Ohartarazi zuen, bestalde, azken hilabeteotan bide horretan pauso garrantzitsuak ematen ari diren arren oraindik badirela hamaika oztopo: «Bigarren graduan egonik ere, oraindik baimenak jasotzeko edota hirugarrenak edo baldintzapeko askatasunak lortzeko ateak ez daude guztiz zabalik».

Ateak ixten dituzten salbuespenezko neurri horiek salatzeko mobilizazioa deitu dute abuztuaren 21erako Donostian: «Larriki gaixoak etxean egon behar dira, emakumeei kartzela bikoitza jartzen zaie, 85 motxiladun umek oraindik ezin dituzte besarkadak normaltasunez jaso... hori da kaleetan aldarrikatuko duguna», esan zuen.

Joxe Mari Agirretxek hartu zuen hitza ondoren eta aurreratu zuen «festaz eta aldarrikapenez» beteko dituztela Donostiako kaleak: «Irriz, kantuz, dantza eginez eta elkarrekin Donostiako kaleak hartuz egingo dugu manifestazio hori». Manifestazioa 17.30ean abiatuko da Artzain Onetik.